INFO

Alemania eta Toni Kroos, Eurokopako ‘the Boss’?

Erdilariak bere azken dantza izango du futbolean bere ibilbideari agur esan aurretik. Faboritoen artean agertzen den anfitrioiarekin arituko da, baina badira garaikurra irabazteko beste hautagai batzuk, artikulu honetan laburbilduta.

Toni Kroosek agur esango dio futbolari Eurokopa amaitzerakoan. (Nick POTTS | DPA)

Txapelketa honetako azken fasera iritsi diren selekzioen artean, beti izaten dira garaikurra altxatzeko faborito etiketa handiagoa dutenak, eta Alemaniakoa ez da salbuespena. Animo ezberdinekin iritsiko dira hauek guztiak, biziberrituta datorren Alemaniatik hasi, ahulezia erakutsi duen Frantziarekin eta zazpi euskaldun izango dituen eta berriro berpiztu nahi duen Espainiarekin jarraitu, edota 58 urteko lehortearekin amaitu nahi duen Ingalaterraraino. Tartean badira beste batzuk: Italia, Portugal, Kroazia edota Belgika, esaterako.

Alemania: Toni Kroosen azken dantza

Beti ez, baina askotan anfitrioiak faborito etiketa hartzen du. Kasu honetan, historiagatik, efikaziagatik eta azken hilabeteetan bizi duen momentu onagatik, Alemania besteak baino eskaloi bat gorago ager liteke. 2023a inork espero ez zuen moduan itxi zuen, Berlinen Turkiaren kontra 3-2 galduz eta Austriarekin gauza bera eginez (2-0).

Honek erabakiak hartzera behartu zuen, eta egoera horretan irailaren amaieratik hautagai postua duen Julian Nagelsmannek badirudi guztiz asmatu zuela. Jokalari batzuk etxean utzi eta "erretirotik" atera zuen Toni Kroos. Erdilariak azken dantza izango du, Eurokopa amaitzean bere ibilbideari amaiera emango baitio. Real Madrilekin Liga eta Txapeldunen Liga irabaztetik dator, astearte honetan bertan «gosea» duela ziurtatu du, eta etxean jokatuko duten txapelketa irabazita agur esatea edozein jokalarik amestuko lukeen ametsa litzateke. Thomas Müller aurrelaria edo Manuel Neuer atezaina egoera berean egon litezke.

Azken postu honetan, ondoeza sentsazio bat dago. Izan ere, Marc-Andre Ter Stegen Barçako atezainak berriki egindako adierazpen batzuetan, ordezkoa izatea «oso etsigarria» dela salatu du. Hori bai, Neuerrekin duen harremana ona dela aitortu du, baina Negelsmannek egoera hau ondo kudeatu beharko du.

Manuel Neuer luzapen ariketak egiten, atzean Julian Nagelsmann hautatzailea duela. (Tobias SCHWARZ/AFP)

Kroos denbora asko noraezean izan den Alemaniaren itsasargia izan liteke, baina bere inguruan garrantzia handiko jokalariak ere izango ditu. Aipatzekoak dira, adibidez, Xabi Alonso tolosarrak gidatzen duen Bayer Leverkuseneko hiru jokalariak: Jonathan Tah atzelaria; eta Robert Andrich eta Florian Wirtz erdilariak. Bundesligako eta Alemaniako Kopako txapeldunak dira eta gainera Europa Leagueko txapeldunordeak ere badira –hau izan zen denboraldi osoan zehar galdutako partida bakarra–. Hor dute saria. Alemaniak Frantziaren kontra (2-0) eta Herbeheren aurka (2-1) irabaztetik, Ukrainaren aurka 0-0 lortzetik eta Greziari 2-1 irabazita etorriko da Eurokopara.

Frantzia: martxoa ahaztu eta Mbappe aurkitu

Didier Deschamps hautatzaile baionarraren taldeak arazorik gabe gainditu zituen Eurokopan sartzeko proba guztiak, baina munduko txapeldunordeek beherakada nabarmena jasan zuten azken hilabeteetan. Horren arrazoia selekzioko gizon garrantzitsu batzuen beherakada izan liteke. Adibidez, Antoine Griezmann Realeko jokalari ohia bere mailatik urrun egon da Ligako azken hilabeteetan eta Atleticok nabaritu du. Gauza bera gertatu da Kylian Mbapperekin. PSG Txapeldunen Ligako finaletik kanpo geratu zen eta bere izar nagusiak ez zuen denek exijitzen zioten maila eman.

Didier Deschamps baionarra eta Kylian Mbappe, Frantziako selekzioarekin. (Sarah MEYSSONNIER/AFP)

Hala ere, bi jokalari hauek agertuz gero, ondoan izango dituzten eta kalitatea eta fisikoa duten beste taldekide garrantzitsurekin batera, hirugarren Eurokopa lortzeko gertu egongo dira. Adibidea hortxe dago. Iragan ekainaren 5ean, Luxenburgoren aurkako lagunartekoan, Mbappe besteen gainetik destakatu zuen. 3-0ko garaipena lortu zuten Deschampsen gizonek eta aurrelariak gol bat eta bi asistentzia eman zituen. Gosea galdu zuela aitortu zuen duela aste batzuk, baina Real Madrilekin fitxatu eta berehala badirudi berriro berreskuratu duela. Hori bai, azken lagunartekoan Frantziak 0-0 egin zuen Kanadaren aurka, Alemaniarako bidean pixka bat nahastuz.

Ingalaterra: kalitate handiko belaunaldia

Jakinda Eurokopa ez dela Premier League bezalakoa, gaur egun munduan egon daitekeen Liga onena alegia, Gareth Southgate hautatzaileak baditu arrazoiak gauza handiak egiteko. Azken txapelketan finaleraino iritsi ziren eta Italiak bakarrik irabazi zien. Orain, ordea, badirudi zakua berriro betetzeko aukerak dituela. Pentsa, 1966ko Mundialaz geroztik ‘Hiru Lehoiek’ ez dute titulurik altxatu.

Bellingham, senideekin Txapeldunen liga irabazi berritan. (Justin TALLIS/AFP)

Aste hauetan Alemanian ospatuko den txapelketarako, Harry Kane eta Jude Bellingham izarrak bezala iritsiko dira. Lehenak, Premierretik Budesligara jauzi egin eta Bayern Munichen golak sartzeko abilezia ez duela galdu erakutsi du –hori bai, ez du titulurik irabazi–. Real Madrileko erdilariak, aldiz, 20 urte besterik ez ditu, baina denboraldi aparta egin du talde zurian Liga eta txapeldunen Liga irabazita. Sasoiaren azken partidetan bere mailarik onenean ez egotea leporatu diote askok, baina oso argi utzi du oinak lurrean dituela eta gauzak oso argi dituela. Beraz, kontuz, agian indarrak neurtzen aritu baita. Gareth Southgatek piezak ditu –sorpresa ere eman du hautatzaileak, kanpoan utzi baitu Mmanchester Cityko Jack Grealish–; hauek ondo enkajatzea besterik ez zaio falta.

Espainia: euskaldunak txapeldun?

Unai Simon –asteartean 27 urte bete zituen– eta Alex Remiro atezainak; Daniel Vivian atzelaria; Martin Zubimendi eta Mikel Merino erdilariak; eta Nico Williams eta Mikel Oyarzabal aurrelariak dira Eurokopan arituko diren euskaldunak. Ezin ditugu ahaztu, nola ez, Robin Le Normand Realeko atzelaria –bere etorkizuna Atletico Madrilen al dago?– eta Aymeric Laporte Athleticeko atzelari ohia. Hain zuzen ere talde zuri-gorriko jokalariak denboraldi historiko batetik datoz, Kopa irabazi eta Europa Ligarako sailkatu ostean; Realekoak, aldiz, Txapeldunen Ligan aritu dira amaitu berri den denboraldian. Hala, denek, orokorrean, esperientzia pilatzen aritu dira, eta Eurokopa horretarako beste pauso bat da.

Unai Simon, kazetariekin hizketan. (Javier SORIANO/AFP)

Hauek denak talde eraberritua eta gazte baten parte dira. Urruti geratzen da dagoeneko Puyol, Xavi, Xabi Alonso, Iniesta, Busquets edota Sergio Ramosen ekarpena 2008 eta 2012an txapeldun izateko. Orain, Luis de la Fuenteren gidaritzapean, selekzio hau ondo altxatu da Qatarreko Mundialean jasotako jipoitik; izan ere, duela gutxi sorturiko Nazioen Liga irabazi baitzuen 2023an.

Urte bat baino gehiago galdu gabe pasa ostean, martxoan, Londreseko Wembley zelai mitikoan, Kolonbiaren aurka 0-1 galdu zuen Espainiak. "Dezepzio" hitza behin baino gehiagotan agertu zen Madrileko prentsan, baina Luis de la Fuente hautatzaile errioxarrak ondo ezagutzen ditu jokalari gazteak eta estruktura nahiko solidoa eramango du Alemaniara. Azken lagunartekoan 5-1 irabazi zion Ipar Irlandari.

Italia: txapeldun baten duda

Egungo txapeldunak dira italiarrak, baina zeinek esango luke! Duela lau urtetik hona gauza ugari pasa dira. Adibidez, Alemanian egoteko, Ukrainaren aurkako azken neurketako azken unera arte sufritu behar izan zuten play-offetatik pasa gabe sailkapena lortzeko. Azken Eurokopatik hona, gainera, Qatarreko Mundialetik kanpo geratu ziren, lau urte lehenago, 2018an, gertatu zitzaien bezalaxe.

Alemanian eman dezakeen mailak duda handia sortzen du oraindik ere. Luciano Spalletti Saudi Arabiako selekzioa gidatzeko taldea utzi zuen Roberto Manciniren ordez iritsi zen eta martxoan bi lagunarteko irabazi dituzte; hori bai, "bigarren mailako" bi selekzioren aurka: Venezuela eta Ekuador. Azken lagunartekoan 1-0 irabazi zioten Bosnia-Herzegovinari.

Luciano Spalletti, Italiaren partida bat zuzentzen. (Alberto PIZZOLI/AFP)

Italiako taldeak goranzko joera batean daudela dirudi, eta hori esperantzarako seinale bat izan liteke. Adibide gisa, aurten Atalanta Europa Ligako txapeldun bihurtu zen Xabi Alonsoren Bayer Leverkuseni irabazita; eta Fiorentinak Conference Leagueko finala jokatu zuen, nahiz eta Jose Luis Mendilibarren Olympiakosen aurka galdu. Gainera, Txapeldunen Ligan, beste hiru italiar iritsi ziren final-zortzirenetaraino: Inter, Lazio eta Napoli. Europa Ligan, Roma finalerdietan geratu zen kanporatuta, eta lehenago, final-laurdenetan erromatarrek Milan kanporatu zuten.

Portugal: CR7ren agurra?

Qatarreko Mundialeko zapore gazi-gozoa behin atzean utzita, Roberto Martinezek zuzentzen duen selekzioak berriro handia izan nahi du, Frantziako Eurokopan bezalaxe, bertan txapeldun suertatu baitzen. Belgikako urrezko aroko jokalariekin lorturiko arrakasta berdindu nahi du hautatzaile katalanak, baina Cristiano Ronaldoren bertsiorik onena lortuz.

Roberto Martinez Portugaleko hautatzailea, Ronaldoren iragarki baten ondoan prentsaurrekoa ematen. (Patricia DE MELO MOREIRA/AFP)

Alemanian egoteko sailkapen faseko hamar partidak irabazi dituzte portugaldarrek, eta 39 urteko jokalaria ezagututa, gehiago nahiko du bere hamaikagarren txapelketa handian. Bost Urrezko Baloi ditu eta ez dirudi gehiago irabaziko dituenik, baina Saudi Arabian golak sartzen dihardu eta Joao Felix, Bernardo Silva, Vitinha edota Ruben Neves bezalako jokalariekin markak hausten jarraitu nahi du.

Estalita datozen beste selekzio batzuk

Kroazia, Herbehereak edota Belgika bezalako selekzioak ezin ditugu aipatu gabe utzi. Lehenengoak Luka Modricen azkenetariko kilometroak izango ditu lagun; bigarrenak Memphis Depayren indarra izango du; eta hirugarrenak urrezko belaunalditik geratzen zaizkion jokalariak (De Bruyne, Witsel edota Lukaku; Courtois deialditik kanpo geratu da azkenean) aprobetxatu nahiko ditu ahalik eta aurrerenera iristeko.

Luka Modric, baloia jaurtitzeko prest. (Ina FASSBENDER/AFP)