INFO

Irakurtzea bera «esperientzia gogorra» izan daitekeen ‘Nekropolia’ euskaratu du Santi Leonek

Boris Pahorren ‘Nekropolia’ lan autobiografikoa euskaratu du Santi Leonek. Bertan eslovenierazko idazleak Bigarren Mundu Gerran nazien zenbait kontzentrazio-esparrutan izandako esperientzia kontatzen du.

Santi Leonek ‘Nekropolia’ aurkeztu du Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Santi Leone idazle eta itzultzaileak, Alberdaniaren eskutik, Boris Pahor esloveniarraren ‘Nekropolia’ lan autobiografikoa euskarara ekarri du. Pahor (1913-2022) bizi luzeko eta obra oparoko idazlea izan zen, baina seguraski hau izan zen fama handiena eman zion liburua. 1967an argitaratua, eleberri autobiografiko honetan egileak Bigarren Mundu Gerran nazien zenbait kontzentrazio-esparrutan izandako esperientzia kontatzen du.

1913an Triesten jaio zen Pahor, garai hartan Austria-Hungariako inperioa eta gaur egun Italia dena. Eslovenierazko idazle handienetako bat da, 40 liburutik gora publikatutakoa. Erresistentzia antifaxistarekin kolaboratu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta 1944an, naziek preso hartu eta Dachauko kontzentrazio-esparrura eraman zuten lehenik, ondoren Natzweeiler-Strutnof, Mittelbau-Dura, Harzungen eta Bergen-Bergenera eramateko. Lortu zuen horietatik guztietatik bizirik ateratzea. 2022an zendu zen, jaioterrian berean, 109 urterekin.

Asteazken goiz honetan Donostian egindako aurkezpenean Leonek azaldu duenez, 60ko hamarkadan idazle esloveniarrak Alsaziako Natzweiler-Struthof konzentrazio esparrura egindako bisita bat du abiapuntua liburuak, zeina «bere herriak sufritutako errepresio luzearen azken mutur gisa ikusten zuen».

«Egileak argi izaten du beti nora doan, bere gogoeten jomuga zein den, eta erraz eramaten du irakurlea berarekin», azaldu du Leonek. «Eslovenieraz idazten zuen eta bere burua esloveniartzat –eta jugoslaviartzat– jotzen zuen idazle honek bere herriak sufritutako errepresio luzearen azken mutur gisa ikusten zuen kontzentrazio-esparruko esperientzia eta, ondorioz, behin baino gehiagotan haren oroimenak Italia faxistak esloveniar kulturarekin izandako jarrera gogoraraziko digu», aurreratu du Leonek.

Honen hitzetan, lanak «irudi indartsuak, estilo landua eta hausnarketa sakonak» eskaintzen ditu eta irakurtzea «esperientzia gogorra» da batzuetan eta «zirraragarria» beste batzuetan. «Interesgarria beti», gehitu du.

Lanararen «itzulpen egokiena»

Leoneren alboan izan da Aritz Galarraga, Alberdaniako editorea. «Testigantza gisa sekulako balioa dauka ‘Nekropolia’ lanak, baina literatur lan gisa ere inoiz ez bezala gozaraziko du irakurlea, errealitaterik gordinena azalten ari zaionean ere, Pahorrek kontatzearen artea gutxik bezala menperatzen duen seinale».

Lan orijinalaz gain, Leoneren itzulpena ere azpimarratu nahi izan du Galarragak. «Harako-honako bertsioak erabilita, gure inguruko hizkuntzetan egin diren itzulpenen arteko egokienentzat jo daiteke, zalantzarik gabe, erabiltzen duen hizkuntza erregistroa erabat ondo datorkiola Pahorren testuari. Euskal irakurleak eskura dauka orain euskaraz kontzentrazio-eremuen inguruan egin den literatur lan handienetako bat», adierazi du.

Izan ere, eslovenieraz idatzia eta 1967an lehen aldiz argitaratua, 90eko hamarkadatik aurrera ezagutu zuen bigarren loraldi bat, italierara, frantsesera, ingelesera, alemanera, espainierara, katalanera eta finlandierara itzulia izan zenean.