INFO

‘35 urte eszenara begira’ dokumentala estreinatuko du Hika teatroak

Hika Teatroak 35 urte betetzen ditu aurten eta, hori dela eta, proiektu handiago baten barruan dokumental bat egin du: ‘35 urte eszenara begira’. Ostiral honetan aurkeztuko da Donostiako Antzoki Zaharrean 19.00etan, eta ondoren solasaldia egingo dute protagonistekin.

Hika Teatroak 35 urte betetzen ditu aurten eta dokumental bat egin du. (Gorka Rubio | FOKU)

«Lehen aldiz nire buruari zerbait ospatzeko baimena eman diot, merezi du geratu eta ospatzeak», aitortu du Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroaren eta estreinatuko duten dokumentalaren zuzendariak. Izan ere, ostiral honetan estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean ‘35 urte eszenara begira’ dokumentala, konpainiaren 35. urteurrena aitzakia hartuta.

Intxaurragak argitu du dokumentala ez dela Hika Teatroaren ibilbidearen errepaso bat, hori «aitzakia bezala» hartu dutela sektoreari begiratzeko, «begirada poliedrikoa» sortzeko. 35. urteurrenaren harira zenbait hausnarketa eman dituzte: «Hikaren modernizazioa eta digitalizazioa lantzen ari gara, eta dokumentala lan handiago baten parte da», zehaztu du zuzendariak. Ikus-entzunezkoarekin batera ikusleekin interakzioa bultzatuko duen App-a eta plataforma ere sortuko dituzte, ‘Txalometroa’ izena aurreratu dute prentsaurrekoan.

Oskia Yaben Kultur Atelierreko zuzendaria ere bertan izan da, eta emaitzarekin baina, batez ere, prozesuarekin oso gustura geratu direla kontatu du: «Beti korrika gabiltza, momentu polita izan da geratu eta disgnostikoa egiteko». Dokumentalak etorkizunari begiratzen diola azaldu du, eta orain artean Hika Teatroan lan egin duten osagaiekin egin dutela oraingoan ere lan zehaztu du: hizkuntza eta kulturarekiko errespetua, emakumeak lehen lerroan, elkarlana eta anbizioa.

Norka Chiapusso Donostiako Kulturako Dantza eta Antzerki zuzendariak zoriondu egin ditu Hikako kideak: «35 urte betetzea oso zaila da, eta gainera osasun onean bete dituzue. Ospatu ere modu originalean egin duzue, sormenaren bidez eta etorkizunari begira».

Belaunaldiartekotasuna

«Gogoeta egin nahi nuen jende gaztearekin», horixe aitortu du Intxaurragak, eta dokumentalean gogoeta bi geruzatan banatu dute. Alde batetik, Intxaurraga beraren, Amancay Gaztañagaren eta Oihana Legorbururen arteko elkarrizketa dago; eta bestetik, arte eszenikoen begirada propioa egiten duten zortzi elkarrizketa. Tartean, azken 35 urteetan esanguratsuak izan diren antzerkien bideoak sartu dituzte, zuzendariak aitortu du ez dituztela nahi zituzten guztiak lortu, baina asko berreskuratzea lortu dutela.

Hasieratik oso garrantzitsua zen Intxaurragarentzat belaunaldi berriekin elkarrizketa, eta horregatik aukeratu zituen Gaztañaga eta Legorburu beraien ikuspegiak jasotzeko. «Hiru belaunaldi elkartu nahi nituen, ni helduena, erdikoa Amancay eta Oihana gazteena; duela 35 urte zenbat urte zituzten galdetzen diet eta Amancayk erantzun zidan berak zortzi urte zituela eta Oihanak, berriz, minus bi», eta ondorioz, hiru ikuspegiak barnebildu ditu. «Oso garrantzitsua da belaunaldi berriei ahotsa eman eta entzutea», baieztatu du.

Dokumentalean sakontzen diren bi ideia nagusi aipatu ditu zuzendariak aurkezpenean. Batetik, «teknologia berrien eta mundu birtualeko paradigman arte eszenikoak non kokatu hausnartzen da. Gure indarra presentzialtasunean dago, emozioak sortzen ditugu, eta gizakiak ezin du emoziorik gabe bizi. Arte eszenikoek hori eskeintzen dute, zu eta ni aurrez aurre jartzea», azaldu du Intxaurragak. Eta bigarrenik, arte eszenikoek zerbitzu publiko bat eskaintzen dutela aldarrikatu du, «eta beraz, modu publikoan landu behako litzateke. Hala ere, oso zaila dago, gobernuen politikak ez doaz kultura lehen mailan jartzeko norabidean».

Emozioak eta ametsak

Elkarrizketatu guztien artean diskurtso bat eraikitzea lortu dutela azaldu dute, eta Intxaurragarentzat lan handiena grabatutako elkarrizketa guztiak moztu eta forma ematea izan da. «Dokumental xumea da, baina saiatu gara errelato bat josten, ikusleak hausnarketa bat egingo du», kontatu du. Gidoigintzan Xabier Sukia eta Arantxa Iturbe izan ditu zuzendariak lagun.

Zortzi elkarrizketa laburrak sei gairen inguruan bideratu zituzten. Duela 35 urte zer zegoen galdetuz abiatzen dira, eta ondoren nola indartzen den arte eszenikoen sektorea lantzen dute; prekarietatea da hirugarren gaia eta laugarrenik euskara eta arte eszenikoen loturez solasten dute. Azken bi galderak norberari eta etorkizunari begirakoak dira: «Zer da zuretzat eszena? eta zein da etorkizuna? Zer amesten dugu?».

Carlos Moran, Aitziber Atorrasagasti, Maria Goiricelaya, Maria Pilar Lopez, Asier Zabaleta, Xanti Ugalde, Eneritz Artetxe eta Norca Chiapusso izan dira zortzi elkarrizketatuak, ikuspegi ezberdinak jostea izan baitute helburu.