INFO

‘Adimen artifiziala’ eta ‘greba egin’, Euskaltzaindiak gehitutako forma berrien artean

Hiztegia sarean eguneratu du Euskaltzaindiak eta 1.103 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan. Gehitu diren forma berrien artean flexo, fobiko, enpaste, biorritmo, adimen artifizial, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin edo greba egin daude.

Adimen artifiziala eta ziberseguritatea, puri-purian dauden gaiak mundu osoan. (Andaluziako Junta | EUROPA PRESS)

Hiztegia sarean eguneratu du Euskaltzaindiak eta 1.103 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan (386 sarrera, 434 azpisarrera eta 283 ohiko lexia). Era berean, 2.524 forma moldatu edo findu ditu. Guztira 50.535 forma jasotzen ditu orain hiztegiak, 68.198 adiera, 111.193 adibide eta 519 esaera zahar, Euskaltzaindiak iragarri duenez.

Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2024ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu ostiralean sareratu den eguneratzeak.

Era berean, azaldu dute Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin dela 2023an: batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askoz zehatzagoa da.

Forma berriak landu dira, bai, baina hiztegiko arduradunek sarritan azpimarratzen duten legez, bestelako lanak ere garrantzia handia du, hain zuzen, lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea... Hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko ezinbestekotzat hartzen baitute.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunaren hitzetan, «egiten dugun lanak erakusten du hiztegia ez dela hitz bat behin jaso eta aurrera: etengabe berrikusten da. Forma berriak jasotzen dira, eta hala behar du, baina horien erabilerari erreparatzeko garaia ere bada: hitzen konbinazioak, testuan nola erabili erakusten dutenak, adiera berriak, egungo beharrei erantzuten dieten adibideak… hiztegi egokia eta beharrei egokitua izatea, hau da, kalitatezkoa izatea, kantitatea baino garrantzitsuagoa baita».

Oraingo eguneratzean landutako formen kopurua handia da (1.103 forma berri). Esaterako, corpusetik eskuratuak: flexo, fobiko, enpaste, biorritmo, adimen artifizial, arrain urdin, arrain zuri, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin, greba egin…

Azken eguneratzean hasitako bidetik, ohiko lexiak sartu dira hiztegian (forma konplexu gardenak, definiziorik gabe ulertzen direnak, definiziorik behar ez dutenak, baina hitzen konbinazio egokia adibide bidez erakutsi nahi dutenak). Adibidez: arrautza(-)gorringo, arrautza(-)zuringo, irratia piztu, irratia itzali, telebista piztu, betaurrekoak jantzi, gol(-)zaparrada, kreditua eskatu, kreditua eman…

Exonomastika Batzordeak berrikusitako arauetatik jasotako espainiar eta frantziar Estatuetako herritarrak: aragoiar, huescar, zamorar, landestar, perpinyar, proventzar…
    
Baina askoz gehiago dira zuzendu, osatu edo moldatu diren formak. Honek hiztegia etengabe berrikusten dela adierazten du (adierak, definizioak, oharrak, erabilera-markak, bai eta adibideak ere).

Esaterako, definizioei dagokienez: ‘Haginak erakuts’. Lehen ‘Hortzak erakutsi’ zen, orain ‘Norbaitek, erasotzen dionari, aurre egiteko prest dagoela adierazi’.

Adiera berriak ere onartu dira (‘polar’, orain gehitu zaizkio: ‘Jantziez mintzatuz, forru polarrez egina eta forru polarrez eginiko jaka’), oharrak, erabilera-marka berriak eta, azkenik, garai batean aditz-motarik gabe jasotzen ziren azpisarreretako aditz-lokuzioak osatzen jarraitzen dute. Eguneratze honetan 515 landu dituzte. Adib.: ‘arnasa bota du ad.-lok’.