INFO

Akordioarekin Gasteiz Antzokia «berehala» ireki behar dela adierazi du haren aldeko plataformak

Gasteizko Udalaren borondate falta salatzen badu ere, Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen arteko akordioa positiboki baloratu du. Hori horrela, «berehala irekitzeko ordua iritsi» dela adierazi du.

Gasteiz Antzokia irekitzearen alde egindako agerraldi bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Ez dago aitzakia gehiagorik», adierazi du Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak Lazarraga Kultur Elkarteak eta Gasteizko Udalak lortutako akordioaren harira. Bere ustez, espazioa «berehala irekitzeko ordua iritsi da».

Komunikatu batean esan dutenez, positibotzat jotzen dute akordioa: «Azken asteotan auzia katramilatu duen korapiloa askatzeko bidea eman du eta euskaltzaleontzat hain funtsezkoa den azpiegitura irekitzeko aukera eskaintzen du». Hala ere, Lazarragaren ekimenez izatea eta ez Udalarenaz deitoratu dute, proposamena kultur elkarteak egin zuen eta.

Gasteiz Antzokiaren proiektua aurrera eramateko bi aukera zeudela gogorarazi du plataformak. Batetik, bi aldeek kontzesioak egiteko prest egonda bitarteko konponbide bat bilatu eta, bestetik, Lazarragaren eta proiektuaren amaiera «onartu».

«Lazarragak hasieratik egin du lehen aukeraren aldeko apustua», dio komunikatuak. «Ardura eta erantzukizun handiz jokatu du: onartu egin du Udalak esleitu dion zor eztabaidagarri hori baina, aldi berean, aurtengo arazoa ez errepikatzeko bermeak ere lortu ditu», gaineratu du.

«Euskalduna izan ala ez» hiritar ororentzat ona izango den akordioa dela uste du, baita euskararentzat, aisialdiarentzat eta hiriarentzat ere. Hala ere, «espero dugu orain jakinarazi zaigun akordioa ez dela izango Udalak egin duen enegarren iragarpen hutsala; ez dela ezerezera etorriko, alegia», ohartarazi du.

Udalaren «utzikeria»

«Lortu den akordioa ona bada ere» plataformak legealdi honetako zein aurreko udal agintariek proiektuarekiko erakutsi duten «utzikeria, borondate falta eta distira mediatikorako grina» salatu ditu.

«Beste behin ere frogatuta geratu da nork egin duen sukaldeko lana, nork jarri duen kemena eta nork bilatu duen soil soilik foku mediatikoa. Plataformak argi utzi nahi du lanean jarraituko duela harik eta Gasteiz Antzokia errealitate izan arte eta «adi» segituko duela «lortutako akordioa bete dadin», adierazi du.