INFO

Babes zabala jaso du Etxauriko alkateak ostegunean erasoa jasan ondoren

Elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Etxaurin iragan ostegunean Idoia Aritzala bertako alkateak jasandako erasoa salatzeko eta herriaren ordezkariari elkartasuna erakusteko. EH Bilduko kidearen etxea kaltetu zuten iragan ostegunean, jaien testuinguruan.

Etxauriko alkatea babestu dute larunbat honetako elkarretaratze jendetsuan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jendetsua izan da larunbat honetan Etxauriko alkatea babesteko egin duten elkarretaratzea. Eguerdian zen hitzordua, Herriko Plazan. Oholtza gainean, Idoia Aritzala EH Bilduko alkateak eskerrak eman dizkie denei hor egoteagatik. «Oso babestua eta maitatua sentitzen naiz», adierazi du.

Elkarretaratzea antolatu duten kideek azpimarratu dute ez dutela onartuko inongo herritarren aurkako irain, mespretxu, mehatxu edo erasorik. «Urte anitz daramagu errespetuan eta aniztasunean oinarritutako elkarbizitza bate eraikitzeko lanean, politika eraldatzaileak eginez, gure eguneroko elkarbitza sozial eta politikoa barne hartzen dutenak», jarri dute balioan.

Bestak ospatzen ari dira Iruñerriko herri honetan, eta testuinguru horretan, iragan ostegunean, Aritzalaren etxea kaltetu zuten. Alkateak berak esplikatu zuenez, 17.00 aldera gertatu zen erasoa, frontoian herri bazkarian zegoela. Bere semeak eta bizilagun batzuek ikusi zituzten kalteak, eta Udaltzaingora jo eta salaketa jarri zuten.

Gerezi Lilak talde feminista

«Argi dago, eraso egin didate ez zaielako egiten dugun politika gustatzen. Eraso egin didate EH Bildukoa naizelako, alkatea eta emakumea. Agian, gizona banintz ez lukete egingo», esan zuen Idoia Aritzalak.

Gerezi Lilak Etxauriko talde feministak ere babestu du Aritzala eta ohartarazi du ez dutela soilik alkatearen aurka jo, baita genero berdintasunaren aldeko borrokaren aurka ere.