INFO

Daliaren eraistea «legez kontrakoa» dela salatu dute Gernikan

Hainbat eragilek deituta elkarretaratzea egin da Gernikako Dalia enpresaren aurrean, eraistearen aurka jarritako helegiteak erantzunik ez duela jaso eta, beraz, ostegunean abiatutako eraistea «legez kontrakoa» dela salatzeko. Bertan eraiki nahi da Guggenheim Urdaibai proiektuko eraikinetako bat.

Dalia enpresaren eraistearen kontra mobilizatu dira hainbat herritar. (GUGGENHEIM URDAIBAI STOP)

Dalia enpresaren eraikina eraisten hasiak direla eta, elkarretaratzea egin dute larunbat honetan 150 lagun inguruk Gernikako fabrikaren aurrean «fundazio pribatu bati mesede egiteko ondare historiko-artistikoaren espoliazioa» ematen ari dela salatzeko. Izan ere, esparru horretan dago aurreikusia Urdaibain eraiki nahi dituzten Guggenheimen bi eraikinetako bat kokatzea. Bestea Muruetako ontziolaren lursailean kokatu nahi da.

Kontzentrazioa ingurumenarekin eta ekologiarekin lotutako hainbat eragilek deitu dute, Zain Dezagun Urdaibai, Eguzki, Ekologistak Martxan, Lanius ornitologi elkartea, Guggenheim Ez eta Guggenheim Urdaibai Stop elkarteek, hain zuzen ere. Azken hau izan zen iragan den ostegunean Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak hasiak zirela ohartarazi zuena.

Era berean, proiektuaren aurka aurkeztutako helegiteek ez dutela erantzunik jaso eta, beraz, eraistea bera «legez kontrakoa» dela argudiatu dute. Edorta Jimenez plataformako kideak NAIZi egindako adierazpenetan gogora ekarri du «eskatuta daukagula Daliaren babesa. Eskari hori sartuta dago, bere zigilu eta guzti, orain dela bederatzi hilabete, eta ez alde ez kontra, ez digute erantzunik eman. Beraz, eraistea ez da legezkoa. Auzitegi Nazionalean ere demandaren hedapena dago uztailaren 2ra arte, eta hor egongo gara», ziurtatu du.

Azaldu duenez, elkarretaratzean Gernikako EH Bilduko udal ordezkariak ere egon dira eta eurek eskumenik ez dutela ziurtatu diete, «Bizkaiko Aldundiak egin duela hau esan digute», zehaztu du. «Hondeamakinak sartu dira eta eraikin bat eraisten hasiak dira. Guk babesa eskatua dugu eta erantzun bitartean ez daukate ezer egiterik, baina hasi dira. Guztiaren gainetik ari dira», deitoratu du.

Halaber, astelehenean «lanari ekingo» diotela ziurtatu du, «eta auzitara jo behar badugu, joko dugu», jarri du azpimarra.

Eraikina eraisteko lizentzia 2023ko maiatzean sinatu bazen ere, orain arte ez da mugimendurik egon inguruan eta hainbat eragilek fabrikak duen balio industriala nabarmendu izan dute. Dalia 1957. urtean eraiki zen Luis Maria de Gara arkitekto bilbotarraren diseinua oinarri hartuta eta gerora hainbat handitze egin zitzaizkion. XX. mendean Europa mailako mahai-tresnen fabrika garrantzitsuenetakoa izan zen Dalia eta 80ko harmarkadan jo zuen behea, sektorearen krisiak bete betean eraginda.

Industria Ondarearen Euskal Elkarteak Daliak duen balioa nabarmendu izan du eta kulturalki berrerabilgarria dela ere ziurtatu du. Guggenheim Urdaibai Stop-ek gogora ekarri duen bezala, «bost kontinenteetan asko dira erakusketa eta arte espazio bihurtutako industria eraikinen adibideak».