INFO

Baxoko ahozko azterketa euskaraz iragaiteko aukera jorratu du irakasle talde batek

Euskaraldia ekimenaren karietara euskal herritarrek jantzi zituzten txapak paparrean jarriko dituzte hezkuntza sare ezberdinetan jarduten duten hainbat irakaslek, ikur hori ikusita ikasle euskaldunek jakin dezaten baxoko ahozko azterketan euskaraz libreki ahal dutela mintzatu.

Hamarnaka irakasle bertaratu dira, gaur goizean, Baionan antolaturiko agerraldira. (Guillaume FAUVEAU)

Sare publikoan, ikastetxe giristinoetan edota Seaskan jarduten duten hamarnaka irakasle elkartu dira asteazken honetan Baionan antolaturiko agerraldian azterketak euskaraz egiteko borroka luzean aitzinera egiteko ekimen berri bat jakinarazteko.

Filosofiaren azterketa hilaren 18an egin ondoren, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikasleek goi ikasketarako sarbidea eskaintzen duen baxoa osatuko dute heldu den astean.

Azterketa multzo horren baitan ikasleei zirrara berezia eragiten dien «ahozko handia» dago

Astelehenetik landa arreikusitako ahozko azterketak ikasleek hautatu dituzten bi berezitasun aintzat hartzen ditu.

Hala, bi irakaslez osaturiko epaimahaiaren aitzinean ikasleak hamar minutu ditu berezitasun bati dagokion ahozko ariketa burutzeko. Horren ondotik, beste hamar minututan, irakasleek pausaturiko galderei erantzun behar die ikasleak.

Egun, ikasketak euskaraz egin dituzten gazteek ezin dute ahozkoa euskaraz bete.

Berezitasun gisa hizkuntzak hautatu duten ikasleek bakarrik ahal dute frantsesa ez den hizkuntza baliatu ahozko proban.

Edonola ere, ahozkoaren atal labur bat baizik ahal dute, hala nola euskaraz espezialitate gisa hautatu dutenek, haien hizkuntzan egin, gainerakoa frantsesez osatu behar dutela.

Bereziki ulergaitz egiten den arau hori finkatzera jo zuen frantziar Hezkuntza Ministerioak joan zen apirilean Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) jakitarazitako zirkularrean.

Izan ere, gaur Baionan agerraldia egin duten irakasleek haien arrangura adierazi dute azterketak euskaraz egiteko dauden oztopoen aurrean.

Horrekin batera, «euskarari dagokion tokia» eskaintzeko nahirik, deia egin diete ikasle euskaldunei azterketa euskaraz egiteko aukera baliatu dezaten. Era berean «irakasle euskaldun eta euskalzaleei» gonbidapena helarazi diete ekimenarekin bat egin dezaten.

Gaur gaurkoz 50 bat irakasle batu dira ekimenera, baina proposamena publiko egin ondoren ehun bat izatea espero dute.

«Ikaslea prest sentitzen bada azterketa euskaraz egiteko aukera hori izan dezala nahi dugu bermatu, baina argi adierazi nahi dugu ez dugula presioa eragin nahi, ulertzen dugulako ikasleek frantsesez landu dutela azterketa horren prestaketa osoa», azaldu dute agerraldian parte hartu duten irakasleek, une oro borondatearen araberako hautua defendatuz.

Horrela jokatuko dute azterketaren egunean

Nola iraganen dira gauzak azterketaren egunean? Irakasle horiek Euskaraldiaren baitan euskal gizartean aise banatu ziren ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ txapak baliatuko dituzte beren burua identifikatzeko. Hala, ikasleak jakinen du ahozkoa euskaraz ahal duela burutu.

«Azken urteetan hedatu diren ikurrak baliatuko ditugu naturaltasunez irudikatzen dutelako euskaraz bizitzeko dugun nahia», adierazi dute irakasleek.

Dagoeneko Ipar Euskal Herrian izanen diren hamar bat azterketa guneetako batean azterketa egunean lan egiteko deialdi ofiziala jaso dute irakasleek.

Izan ere, ahozko probaren eguna iritsi arte ez dute jakinen zein duten epaimahaikide.

Tokian toki adostasunak landuko dituzte, beraz, azterketa euskaraz egiteko aukera jorratzeko.

Baxoa tituluak ikasleentzat duen garrantziaz jabeturik, betiere azterketaren giroa eta ororen gainetik «ikaslearen segurtasuna» zainduko dituztela nabarmendu dute prentsaurrekoan.

Brebeta azterketa euskaraz, aurten

Aurten, kolegioa amaitu duten ikasleek brebet azterketa osorik euskaraz pasatu akalko dute. Uztailaren 1 eta 2an iraganen dira brebetari buruzko frogak.

Azken urteetan izan diren etengabeko mobilizazioei esker berreskuratu dute eskubide hori Seaskako ikasleek. Izan ere, beste bi hezkuntza sareetan eredu elebidunean jarduten duten ikasleek ezin dute, oraindik ere, brebet ziurtagiria lortzeko azterketa euskaraz idatzi.

Baxoari dagokionez, egoera oraindik ere eskasagoa da.

Are, prentsaurrekoan parte hartu duten irakasleek azaldu dutenez, «euskararen presentziak gibelerat egin du 2019ko baxoaren erreformaren ondotik».

Data hori aitzin matematika eta historia-geografia ikasgaiei buruzko azterketak euskaraz ahal zituzten osatu lizeoa bukatu duten ikasleek. Gaur egun hori ezinezkoa da.

Elkargoko hizkuntza politikorako arduraduna, agerraldian

Hainbat euskal hautetsiz eta EEPko erakundeko ordezkariz osaturiko euskal ordezkaritza batek frantziar Hezkuntza Ministerioarekin garatu zuen elkarrizketa prozesuaren ondotik heldu zen Nicole Belloubet Hezkuntza ministroak sinaturiko eskutitza.

Erabaki horrek aurreko egoerara bueltatzea ahalbideratu du brebet azterketaren kasuan, baina ez du, ordea, aitzinamendurik ekarri baxoaren kasuan.

Horrendako adierazgarria izan da gaurko agerraldiak utzi duen argazkia, bertan izan baita, irakasle delako, joan zen udazken arte EEPko lehendakari bezala frantziar Hezkuntza arduradunekin negoziatu zuen Antton Kurutxarri.

Euskal delegazioak azterketen auzia aipatu zuen azkenaldian, iragan apirilaren 11n, Parisen.

EEPko lehendakari berria, Maider Behotegi, eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradun den Antton Kurutxarri izan ziren Hezkuntza Ministerioaren ordezkariekin antolaturiko bileran. Ondoko lau hautetsi hauek ere izan ziren hasi eta berehala amaitu zen bileran: Iñaki Echaniz (PS-Nupes) eta Vincent Bru (MoDem) diputatuak eta Max Brisson (Errepublikanoak, LR) eta Denise Saint-Pee (MoDem) senatariak.

Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin harturiko hitzorduak hartu zuen norabidea ikusita, euskal ordezkaritzak, bere kexa azaltzeko xedez, bilera bertan behera utzi zuen.

Handik egun batzuetara soilik bilerara bertaratu ez zen Nicole Belloubet ministroak korreoz jakinarazi zion Behoteguyri aurten brebet eta baxoa azterketak pasatuko dituzten ikasle euskaldunek errespetatu beharko dituzten arauak.