INFO

Iker eta Eneko Pou anaien sinadura berria Peruko Mendilerro Zurian

Micher Quito perutarrarekin batera, alpinista gasteiztarrek ‘Pisco Sour’ bidea (85º, M6, 640 m) zabaldu dute Pisco mendian. 20 orduko jardueraren inguruan adierazi dute espero baino zailagoa izan dela.

Micher Quitok eta Pou anaiek zabaldutako bide berria (POU ANAIAK)

Beste urte batez, Iker eta Eneko Pou anaiek ez diote muzin egin Peruko Mendilerro Zuriaren deiari. Badirudi hango mendiek harrapatu dituztela, eta horren isla dira azken urteotan egin dituzten bidaiak. Gainera, horietan azpimarratzekoak diren jarduerak lortu dituzte; besteak beste, bide berri zailak.

Esan dugun bezala, aurten ere ez dute hutsik egin. Berriro ere Micher Quito batu zaie. Modu batera edo bestera esanda, momentuz, aklimatazio fasea indartzen ari dira; fase hori esku artean dituzten helburu handietarako lagungarria da. Eta hori egiten ari direla, alpinistok Pisco mendian (5.780 m) ibilbide berria sortu dute.

‘Pisco Sour’ du izena mistoan, elurrean eta izotzean irekitako marra horrek. 640 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: 85º eta M6. Arabarrek diote joan-etorri guztia hogei ordukoa izan zela: «Hurbilketa bidea oso luzea izan zen; glaziar puskatu eta arriskutsu bat zeharkatu genuen. Eta, berez, goizeko 7:50ean hasi ginen eskalatzen. Kosta egin zitzaigun tontorrera heltzea. Lehen helburu hori iluntzeko 19:30ean lortu genuen. Zazpi eguneko tartean, bitan igo dugu Pisco mendia. Lehena, bide klasikotik, eta, bigarrena, ibilbide berri batetik».

Gauez

‘Pisco Sour’-en inguruan aurreratu behar dugu denera hamabi luze eskalatu zituztela. Alpinistok diote zailtasunean iraunkorrak izan zirela eta ondo estutu behar izan zutela. Luze horietan, gainera, Enekok eta Quitok erorikoak izan zituzten. Ez zuten minik hartu.
Nahiz eta lehenbiziko azterketek igoera samurragoa iragartzen zuten, arabarrok diote nahiko nahasia izan zela: «Aukeratutako ibilbideak izotz gutxi zuen eta elurra ere baldintza eskasetan zegoen. Horrek guztiak geure erritmoa mantsotu zuen. Hormaren goi aldea, berriz, labirinto bat zen. Serac erraldoiek inguratzen ziguten. Bazirudien eskalada hori ez zela inoiz amaituko. Gailurrera gauez iritsi ginen. Ez genuen bibaka egin; izan ere, horretarako ez genuen tresneriarik eraman. Oro har, igoera gogorra izan da. Zailtasun teknikoei eta garaierari beste eite bat gehitu behar zaie. Buruari asko eragin diogu. Egun batzuk lehenago, Tomas Franchini hilotzaren erreskatean parte hartu genuen. Ez da bizi nahi duzun egoera bat, baina hori gainditu eta eskalatzen jarraitu dugu».