INFO

Kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmenaren inguruko «benetako negoziazioa» exijitu dute

LAB, ELA, CCOO eta UGT Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean bildu dira gaur, kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmenaren negoziazioan patronalak duen jarrera salatu eta «benetako negoziazioa» exijitzeko. «Ez dugu onartuko enpresek diru publikoa jasotzea eta langileen lan baldintzak ez hobetzea». 

‘Jangelak borrokan’ lemapean bildu dira LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak. (LAB)

LAB, ELA, CCOO eta UGT Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean elkartu dira Bilbon asteazken goiz honetan, kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmenaren negoziazioan patronalak duen jarrera salatzeko.

«Kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik, enpresek argi eta garbi esan zuten ez zutela inolaz ere onartuko enpresei gastu ekonomikoa eragiten dien edozein planteamendu», adierazi dute sindikatuek ohar bateratu baten bidez. Zentzu berean, salatu dute azken bileran enpresek berriz ezezkoa eman zutela, «baita lizentziak bezalako proposamen sozialekin ere, eta oso argi utzi zuten estatutuan jasota daudenak eguneratu besterik ez zutela egingo».

Hori dela-eta, lau sindikatu hauek gaitzetsi egin dute Lan Harremanen Kontseiluaren jarrera. «Ez dugu onartuko enpresek diru publikoa jasotzea eta langileen lan baldintzak ez hobetzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur egun eskola publikoetako jangelak kudeatzeko duen ereduaren ondorio da hori. Pribatizazioa eta pribatizazio gehiago».

Honen ondotik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek «langileen lan baldintzak hobetzeko benetako negoziazioa» exijitu diete kudeaketa zuzeneko hitzarmenaren mahaian parte hartzen duten enpresei.