INFO
Entrevista
Asel Luzarraga
Idazlea

«Nire ahots narratiboa beste leku batetik eramateko modua izan da Simun Palsu»

‘Zortzigarren hiria’ nobela plazaratu du Asel Luzarragak, Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako bigarrena. Lehen zatian jasotakoen aurreko gertaerak kontatu ditu liburu berrian eta, beraz, lehen nobela irakurri gabe irakurri daitekeen liburua da.

Asel Luzarraga, ‘Zortzigarren hiria’ eskuetan duela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako bigarren pieza argitaratu berri du Asel Luzarragak, ‘Zortzigarren hiria’. Eleder eta auzo ahaztua protagonista direlarik, Sakau herrialdean iraultza piztu aurreko garaira garamatza egileak. Egikaritu nahiko lukeen gizartea imajinatzeko parada eman dio fikziozko idazleak benetakoari eta unibertso berria sortu du Palsuren trilogiarekin.

Zer dakar berria trilogiaren bigarren ale honek?

Gertakariak, kronologikoki, ‘Esan gabe doa’ lehen alearen aurrekoak dira, bertan aipatzen da liburu hau. Lehen nobelan iraultza baten ostean hamar urtean garatutako gizarte sistema kontatzen da, eta bigarren honetan iraultza hori piztu zuen gertakaria.

‘Zortzigarren Hiria’ 2016an gertatzen da, ‘Esan gabe doa’ 2026an, eta hirugarren nobela 2038an. Hiruretan ikusten da nola aldatzen den gizartea, gure eredutik datorrena eta horretatik oso urrun dagoen batera heltzen dena. Liburu honetan bi sistema horien arteko tentsioa nabaritzen da.
Batetik, badago auzo bat beste bide bat hartu gura duena eta, bestetik, badago ezagutzen dugun sistema politiko eta ekonomikoan mugitzen den hiria. Tartean, pertsonaia berezi hori, Eleder.

Nolakoa da protagonista?

Proiektu hau 2009an sortu zen, eta horrekin batera, Eleder. Baina ez nekien non enkajatu. ‘Mozorroaren xarma’ liburuan garatu nuen ahots umoretsura itzuli nahi nuen. Beraz, Elederrek umorea ematen dio liburuari. Beste protagonista auzo ahaztua da. Kontrajarriak dira, baina elkar topatzera behartuta daude.

Narratzailearen figura berezia da. Zein da bere rola?

Simun Palsu fikzioko idazlea da, abentura kolektibo horren kronika egile bihurtu dena; hau, bere lehen liburua litzateke. Kontatzen duenaren lekuko da, kasualitatez bukatu baitzuen bertan. Ikusi eta entzundakoa kontatzen du, baina bere irudimenetik sortutakoak ere badaude nobelan, kontakizunari kohesioa ematen diotenak.

Nire ahots narratiboa beste leku batetik eramateko modua izan da Simun Palsu. Fikzioko idazle horren bitartez garatu dut nire ahots literario hori, nire ibilbidean bifurkazio bat markatzen duena: batek darama distopiarantz eta besteak darama bide eutopikorantz, nik amesten dudan gizartera.
Simun Palsu imajinatutako mundu libre horren ahots narratiboa bilakatzen da. Narratzailea da, baina aldi berean pertsonaia eta aldi berean bide narratibo bat garatzeko modua. Gauza asko eman dizkit zentzu horretan.

Proiektu honek behartu nau gauza asko imajinatzera, irudimenezko gizarte horren inguruan: Zer toki izango du erlijioak? Zer toki izango du musikak? Zer toki izango du literaturak? Beste zentzu komun baten bitartez imajinatu behar izan dut. Simun Palsuk irudikatzen du, halaber, gizarte berri horretan literaturak duen tokia.

Elederrek predikari rola hartu eta denei egin behar dutena esaten die. Emakumezkoa izan zitekeen?

Elederrek gizarte patriarkalaren eredua gorpuzten du. Gizarte ez-patriarkaletan ez da egon horrelako autoritate figurarik. Askotan sentitzen dut gure gizartean feminismo mainstream-ak hartu duen bidea dela emakumeentzako patriarkatu bat sortzearena; hau da, zelan sentiarazi eroso emakumeak, baina patriarkatuaren eskemetan. Horren arabera, emakumeak izan behar dira presidente, enpresa kapitalistetako nagusi... Finean, rol patriarkalak errepikatu behar dituzte. Rol patriarkal horiek oso lotuta daude artasuna ulertzeko modu bati.

Nik identifikatu nahi nuen Eleder gizontasun horrekin. Emakumeek eta gizonek pisu bertsua duten gizarteetan hartu izan den bidea beti izan da kolektiboagoa, antzekotasun handiagoa duena auzo ahaztuarekin Elederrek nahi duen horrekin baino.

Ikuspegi mesianiko hori oso eskema patriarkala da eta gizartea goitik behera eraikitzeko modu hori islatzen du. Beraz, nik ez dut imajinatzen pertsonaia emakumezko bezala; izan daiteke, badaudelako emakumeak rol patriarkal horiek asumituta dauzkatenak. Niretzat, ordea, sinbolikoki behar nuen gizona izatea.