INFO

Zumaiak tentsio handiko etxebizitza eremu izateko eskaera formala egin dio Lakuari

Zumaiako Udalak eskaera formala egin dio Lakuari, Gipuzkoako udalerri hau tentsio handiko eremu izateko. Errenteriaren atzetik, izendapena lortzeko beharrezko izapideak egin dituen bigarren herria da EAEn eta, aurrera egingo balu, alokairuen prezioari mugak jartzeko aukera izango luke.

Lakuari egindako eskaera Zumaiako etxebizitza egoerari buruzko diagnostiko batean oinarritu du Udalak. (ZUMAIAKO UDALA)

Zumaiako Udalak eskaera formala egin dio Lakuako Gobernuari, Gipuzkoako kostaldeko udalerri hau tentsio handiko eremu izendatu dezan. Udalerriko etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa landu du eta hiru urterako ekintza plana diseinatu. Lakuak eskaera onartuko balu, alokairuen prezioari mugak jartzeko aukera izango luke Udalak, besteak beste.

Estatu espainiarrean Etxebizitza Legea onartu geroztik, tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko prozedurak egin ditzakete horretarako baldintzak betetzen dituzten eremuak. Udalei dagokie eskaerak egitea, eta Lakuari izendapenak ebaztea. Zumaiak aurkeztu beharreko dokumentazio guztia –egoeraren diagnostikoa, azalpen memoria eta hiru urterako ekintza plana– bideratu zion Lakuari ekainaren 11n eta, horrela, eskaera formala egin duen bigarren udalerria da EAEn, Errenteriaren atzetik.

Herriko etxebizitzaren egoeraren gainean Udalak egin duen azterketa da eskaeraren oinarria. Diagnostiko horren arabera, Zumaiako etxebizitza merkatuan dagoen presioa handia da, Udalak agertu duenez: «Eskaintza gainditzen duen eskaria dago, eta etxebizitzen prezioak (salmentakoak zein alokairukoak) oso altuak dira». Instituzio honek emandako datuek erakusten dute bost urtean –2017tik 2022ra– alokairuen errenta %22,8 igo dela, KPIak izandako hazkundea 8,8 puntutan gaindituz.

Diagnostikoaren arabera, tentsio-eremuaren izendapena eskatzeko bi baldintzetako bat betetzen du Zumaiak. Bigarren baldintza, herritarrek bataz beste etxebizitzara bideratzen duten gastuari dagokiona, ez du betetzen: Udalak esplikatu duenez, zumaiarrek, bataz beste, diru-sarreren %26,2 bideratzen dute etxebizitza ordaintzera, gehienez gomendatzen den %30eko langaren azpitik. Alta, errealitatea aldatu egiten da familia edo bizi-eredu zehatzetan arreta jarriz gero. Emakumeek diru-sarreren %30,3 bideratzen dute hipoteka edo alokairura, eta bakarrik bizi direnek, %55. Horregatik, eta kontuan izanda aloikairu-errentaren hazkundea etengabea dela, kontuan hartu beharreko faktorea dela uste du Zumaiako Udalak.

«Ekimen honekin Zumaiako Udalak herritarrei eragiten dieten etxebizitza-arazoei heltzeko eta arazo horiek arintzeko duen konpromisoa agertu nahi du, eta bere asmoa da inplikatutako alderdi guztiekin lankidetzan jarraitzea, irterbide eraginkorrak eta iraunkorrak aurkitzeko», adierazi du Udalak.

Lau ardatz

Zumaiako etxebizitza egoera «irauli» nahi du Udalak, «biztanleek etxebizitza duin eta egoki bat arrazoizko prezioan eskuratu ahal izatea» helburu, eta Lakuari aurkeztutako dokumentuen artean, lau ardatzetan oinarritzen den hiru urterako ekintza plana ondu du.

Hala, alokairu eskuragarria sustatu nahi du, babes publikoko bizitegi-erabilerako etxebizitzen parkea handituz.

Bestalde, etxebizitza turistikoen jarraipena egin asmo du, lokal hutsen erabilera aldaketak baimendu, eta hiriaren birgaitze prozesuetan dirulaguntzak eta neurri fiskalak eskaini.

Arreta jarriko luke, halaber, zailtasunak dituzten kolektiboen eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonen egoeran, eta diru-laguntzak eskainiko lizkieke. Gainera, etxebizitzen prezioa mugatzeko neurriak hartuko lituzke.

Azkenik, ekintza planaren garapena aztertu eta eguneratuko luke beharrezkoa balitz, Lakuarekin koordinatzeko sistemak aktibatuko lituzke.