INFO

Diskriminaziorik gabeko harrera aldarrikatu dute Errefuxiatuen Mundu Egunez

Errefuxiatuen Mundu Eguna da ostegun hau, eta hainbat kolektibok antolatuta, Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak egin dituzte. «Diskriminaziorik gabeko harrera» defendatu dute.

Diskriminaziorik gabeko harrera aldarrikatu dute mobilizazioetan. Irudian, Donostiakoa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pertsona Errefuxiatuen Mundu Eguna dela eta, ostegun arratsalde honetan elkarretaratze bana egin dute, hainbat kolektibok deituta, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. ‘Izan gaitezen babes. Bereizketarik gabeko harrera’ lelopean, migratzen duten pertsonen giza eskubideak errespetatu daitezela exijitu dute.

Zehar Errefuxiatuekin erakundearen arabera, hiru hiriburu hauetan, 400 pertsona inguru mobilizatu dira. Erakunde hori da Errefuxiatuen Mundu Egunerako 28 kolektibok sinatu zuten manifestazioaren sinatzaileetako bat, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria eta Hiritarron Harrera Sarearekin batera, besteak beste.

Manifestuan gogoratu dutenez, 2023an, 3.155 pertsona hil edo desagertu ziren Mediterraneoan. Aurten, maiatzaren 31era arte bildutako datuen arabera, 923 pertsona hil dira Europarako bidean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen Missing Migrants proiektuaren arabera. Guztira, azken hamar urteetan (2014-2024ko maiatza) 29.827 pertsona hil edo desagertu dira Mediterraneoko uretan.

Agertzen duenez, iaz 6.153 pertsonak eskatu zuten asiloa EAEn, eta 163.220k Estatu espainiarrean. Aurten, apirilaren 30era arte, 3.300 eskaera erregistratu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 73.130 Estatu mailan.

Jatorrizko herrialdeetan pairatzen duten indarkeriengandik ihes egiten duten pertsonek, mobilizazioak deitu dituzten erakundeek gaitzetsi dutenez, «arrazakeria eta diskriminazioa» jasotzen dute Europara iristen direnean.

Jarrera horiekin amaitu behar dela iritzi diote, eta «diskriminaziorik gabeko harrera» sustatu. «Funtsezkoa da herritarrak sentsibilizatzea eta hezitzea egoera horiek desagerrarazteko eta gizarte askotarikoak, inklusiboak eta bidezkoak eraikitzeko», adierazi dute.

Manifestuaren sinatzaileek bizikidetza sustatzeko hainbat neurri proposatu dituzte, besteak beste, bermatzea migratzaileak eta errefuxiatuak Estatu espainiarrera bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal izango direla; pertsona guztiek asilo eskubidea izango dutela bermatzea eta itsas salbamendu humanitarioa eskaintzen duten erakundeen kriminalizazioa eta jazarpena desagerraraztea, besteak beste.

EBren ituna

Errefuxiatuen Mundu Eguneko mobilizazioetan, erakundeek joan den maiatzean Europar Batasunean onartu zen Migrazio eta Asiloari buruzko Ituna kritikatu dute, leku seguru batera iritsi nahi duten pertsonen bizitzei «prezioa jartzen dien ituna», agertu dutenez.

«Migrazio eta Asiloari buruzko Itunak oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen dituzten atxilotze-denborak zabaltzeko prozedurak ezartzen ditu eta Europako mugak eskubiderik gabeko guneak izatea ahalbidetzen du», salatu dute.