INFO

EAJ-rekin lotutako akordioa defendatu du Anduezak eta EH Bildurekin distantzia markatu

Eneko Anduezak bere ordu erdia EAJrekin lotutako akordioa defendatzeko erabili du eta, hau lortzeko, Pello Otxandianorengan jarri du ikusmira, PSEk eta EH Bilduk ez dutela apenas ezer konpartitzen irudikatuz.

Eneko Andueza, gaur goizean, Gasteizko Parlamentura iristean. (Endika PORTILLO)

«Etapa berri bat Euskadirentzat». Hau da Eneko Anduezak, PSE-ko ordezkariak, Gasteizko Legebiltzarrean ostegun honetako inbestidura saioan gehien errepikatu duen ideia. Esaldi horrekin ireki eta itxi du bere hitzartzea, eta bidean EAJ-rekin lotutako akordioa defendatu eta EH Bildurekin konpartitzen ez duen guztia atera du azalera.

Anduezarentzat, Andoni Ortuzar eta Imanol Pradalesekin sinatutako ituna «gobernu akordio bat baino gehiago» da, «herri akordio bat», insistitu du. Bere hitzetan, gobernu berri honetan «herritarrek emandako indarrez» sartuko da PSE eta gainontzeko indar politiko eta sozialei «akordio zabalak» lortzeko eskua luzatu dien arren, argi utzi du: «Guk hartu dugu Euskadiren lemazain izateko ardura eta guri dagokigu erabakiak hartzea».

Akordio horrek, era berean, hauteskundeetara PSEk eramaten zituen proposamenen «ehuneko izugarri bat» duela baieztatu du eibartarrak. «PSEren programaren proposamen nuklear guztiak biltzen ditu: plantilla handitzea Osakidetzan, osasun mentala, etxebizitza, garraio publikoaren doakotasuna, zainketa-eredu berri bat bultzatzea, Ertzaintza, berdintasuna, hezkuntza, klima-aldaketa, industria, agenda feminsita politika publikoen erdigunean kokatzea...», zerrendatu ditu gobernu horren parte izango ez den Anduezak.

«Hori guztia gure autogobernua oinarri hartuta, gure autonomia-estatutua, gure bizikidetzaren oinarri izan behar duena, eta ez alde baten obsesioen oinarri. Batzuek diagnostikoak aipatzen zituzten bitartean, guk konponbideez hitz egiten genuen», baieztatu du, fokua EH Bildurengana eramanez.

EH Bildurengandik aldendu

Gaurko hitzartzeak, era berean, EH Bildurengandik aldentzeko alegatua izan da. «Esaidazu, Otxandiano jauna, zer konpartitu dezakezu gurekin?», galdetu dio Anduezak. Koalizio soberanistaren lehendakarigaiari gaurko inbestidura saiora aurkeztu izana ere leporatu dio.

«Otxandianok hautagai gisa aurkeztu du bere burua. Urrats hori ematen duzunean, proiektu sendo batekin egin behar duzu. Errebindikazio subiranistetatik hasi izana argigarria da. Ezkertiarren eta abertzaleen artean, beti abertzalea aukeratzen du. Benetako zerbait bezala aurkeztu dira, baina bizitza osoan izan direnak dira, baina pastel tonuarekin. Subiranotasuna eta eraikuntza nazionala», adierazi du Anduezak. Zentzu horretan Ibarretxe planak suposatu zuen «porrot handia» eta Kataluniako prozesa eredu izatea leporatu dio. «Ez dut Euskadirentzat zuk katalanentzako nahi izan zenuena nahi».

Bere hitzetan, Otxandianoren «Kartazko gazteluak lurra jo du» eta horren aurrean, EAJ-k eta PSE-k errepikatuko duten gobernuak «herri proiektu ukaezina dauka». «Guztiok sar gaitezke, inolako bazterketarik gabe», gehitu du.

Pradalesi ongietorria eta Urkulluren ausentzia

Azken hitzetan Imanol Pradalesi itzuli dio eguneko protagonismoa, «herrialde hau gidatzeko, aurreko gobernuaren akatsak zuzentzeko eta ongi egin diren gauza asko horietatik ikasteko erantzukizun eta ohore handia izango duzu».

PSEren «leialtasuna» zin egin dio, baina «zurekin eta gobernuarekin zorrotzak» izango direla baieztatuz. «Hasteko, gehiengo batek babesten duen gobernua duzu, baldin eta akordioa betetzen baduzu. Herrialde-handinahia eskatzen diot, begirune handia eta eskuzabaltasuna elkarrizketaren bidez zentzuz jokatzeko».

Honela, datorrenari «ongietorria» eman dio Anduezak, baina ateratzen dena, Iñigo Urkullu, ezin izan du agurtu. «Eskerrak eman nahi nizkion Urkulluri, baina bere ausentzia ikusita, bere bizi-etapa berrian zortea opatzera mugatuko naiz».

 

 

Inbestidura saioan gertatzen den guztia, zuzenean, esteka honetan.