INFO

Euskararen kontrako azken eraso judiziala salatzeko elkarretaratzea egin dute Galdakaon

Ostegun honetan elkarretaratzea egin dute Galdakaoko hainbat herritarrek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagabiz euskara taldeak babestuta. Euskararen kontrako azken «eraso judiziala» salatu dute, epaitegi batek teknikari lanpostu baterako deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu ostean.

Hainbat herritar batu dira Galdakaon euskararen kontrako «oldarraldi judiziala» salatzera. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Galdakaoko herritar talde bat euskararen kontrako azken «eraso judiziala» salatzera elkartu da ostegun arratsalde honetan. Bizkaiko udalerri honek teknikari lanpostu bat egonkortzeko 2022an egindako deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu egin du Bilboko Administrazioarekiko Auzien laugarren epaitegiak.

Asteazkenean Galdakaoko udal langileek egin zuten protesta, eta ostegunean bigarren mobilizazioa egin dute, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagabiz euskara taldeak babestuta. ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ idatzita zuen pankarta erakutsi dute elkarretaratzean. Guztira 318 pertsonak eta 33 taldek eman dute atxikimendua mobilizazioarekin bat egiteko

Elkarretaratzean euskaldunak «bigarren mailako herritar izatera» kondenatu nahi dituztela gaitzetsi dute. «Gogor salatu nahi dugu botere judizialaren injerentzia hau eta, era berean, euskararen ekosistema berri bat aldarrikatzen dugu, zoru berri bat, gure eskubideak egiazki bermatuko dituena eta euskaraz bizitzea posible egingo duena. Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egitetik, aurrera egiteko», aldarrikatu dute.

«Kezka»

Udalerriko talde politikoek ere adierazpenak egin dituzte epaitegiaren erabakiaren aurrean. Ohar batean, EAJk esan du instituzio eta botere publiko guztiek «euskararen biziberritzea eta normalizazioa» bultzatu behar dutela, modu horretara euskal herritarren eskubideak babestuz. Horregatik, adierazi dute «kezkaz» bizi dutela euskararen sustapenaren kontrako epaiak.

EH Bilduko udal ordezkariak, halaber, Galdakaoko Ardantza parkean egin den elkarretaratzean izan dira, «oldarraldi euskarafoboei aurre egiteko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko».