Lehen erdian sufritu badute ere, Artolak eta Peñak elkarren aurka jokatuko dute Alegian
Urrestillan Javi Zabalak 22-14 irabazi dio Egiguren V.ari eta igandean Ezkurdiaren aurka jokatuko du Eibarko Astelenan.
Partida erdira arte sufritzea egokitu zaien arren, Iñaki Artolak eta Jon Ander Peñak euren partidak aurrera atera ahal izan dituzte eta datorren ostiralean elkarren aurka arituko dira Sanferminetako lau eta erdiko txapelketan, Iraitz Zubizarretari (22-7) eta Mikel Urrutikoetxeari (22-12) gailenduta. Urrestillan ere ez da ezustekorik izan eta Javi Zabalak 22-14 irabazi dio etxetik bertan jokatu duen Julen Egigureni eta igandean Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du Eibarko Astelenan.
Bizkaia Torneoan Laso-Mariezkurrenaren aurka amore eman behar izan bazuen ere, Iñaki Artolak oporretatik sasoiko itzuli dela berretsi du gaur Arrasaten. Uarkapeko partidak bi zati oso desberdin izan dituela esan genezake, orekatua lehen erdia, 7-5erakora arte estu hartu baitu Zubizarretak Artola, baina behin frontoiari neurriak hartu dizkionean, alegiarra oso nagusi izan da kantxan.
Pilota beste abiadura batean irten zaio alegiarrari eskutik, moztutako pilotekin –4 tanto lortu ditu jokaldi honekin– min handia egin dio eta airez ere erraz amaitu ditu tantoak. Partidaren bigarren zati horretan Artolaren menden aritu da goierritarra eta ezer gutxi gehiago egiterik izan du arerioaren nagusitasunaren aurrean.
PARTIDAKO FITXA:
Artola: 22
Zubizarreta III.a: 7
Pilotakadak: 164. Iraupena: 44 minutu. Markagailua: 0-2, 4-2, 4-4, 6-4, 6-5, 7-5, 10-5, 10-7, 22-7. Sakeak: 4 Artolak eta 1 Zubizarretak. Egindakoak: 14 Artolak eta 2 Zubizarretak. Galdutakoak: 4 Artolak eta 4 Zubizarretak. Gorabeherak: Arrasteko Uarkape pilotalekuan jokatutako partida.
Peña II.a, garaile Zaldibarren
Zaldibarren, Mikel Urrutikoetxeak zerbait gehiago estutu du Jon Ander Peña. Ausart eta pasusua aurrera emanda –txokotik ateratzen ere ikusi dugu– Zaratamokoak estu hartu du tolosarra lehen erdi luzean eta lehen atsedenaldi luzetik bueltan tanto bakarrera ere jarri da (12-13), hasieran 4-0 ere aurreratu ostean. Hor, ordea, partidatik irten da bizkaitarra, bera bezalako sake eramale bikain batek ezer askorik ez zuten bi utzi ditu Urrutikoetxeak eta ez dio horri buelta ematen jakin.
Erritmo bizian jokatutako lehen zatiaren ezaugarriak parekotasuna eta oreka izan badira, azken txanpan erraz, errazegi, egin ditu Jon Ander Peñak tantoak. Hasieran erraztasunen bat ere eman badu, azken txanpan ez du pilotakada askorik jo beharrik izan partida aurrera ateratzeko. Izan ere, azkenerako zazpi tanto egin ditu sakez –askotxo Mikel Urrutikoetxea bezalako sake eramale baten aurka– eta fisikoki ere osoago, garaipen erosoa lortu du.
PARTIDAKO FITXA:
Urrutikoetxea: 12
Peña II.a: 22
Pilotakadak: 204. Iraupena: 47 minutu. Markagailua: 4-0, 4-4, 7-4, 4-8, 8-8, 8-10, 9-10, 9-12, 10-12, 10-13, 12-13, 12-22. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 7 Peñak. Egindakoak: 7 Urrutikoetxeak eta 10 Peñak. Galdutakoak: 5 Urrutikoetxeak eta 3 Peñak. Gorabeherak: Giro polita Zaldibarko Olazar pilotalekuan. Iker Larrazabal aritu da Mikel Urrutikoetxearen botillero lanetan eta Eneko Labaka Jon Ander Peñarekin.