Joseba Ezkurdiaren kolpeen abiadurak airean eraman du Javi Zabala (22-11)
Arbizuko aurrelariak beti eraman du partidako ekimena, baina aurreneko erdian Naiarako pilotariak eutsi dio desafioari. Alabaina, Ezkurdiak aurreneko tantoetako hutsegiteak eten dituenean, eroso irabazi du. Ostegunean Peio Etxeberria izango du aurkari, Zumarragan.
EZKURDIA 22
ZABALA 11
«Bolada baju xamarra izan eta gero, entrenamenduetan gose hori berreskuratu dut, baina kostatzen ari zitzaidan partidetan entrenamenduetako maila errepikatzea, agian asko estutzen dudalako neure burua. Baina oso ongi sentitu naiz, oso erasokor eta pilota eskutik bizi atera zait. Zabalari jokatzen utziz gero, oso arriskutsua da eta hori saihestu nahi nuen. Ez da erraza izan, baina lortu dut eta gustora nago», adierazi du Joseba Ezkurdian, Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko Asperen adarreko kanporaketa Javi Zabalaren aurrean irabazi ostean.
Ostegunean Peio Etxeberria Zumarragan izango du aurrez aurre Arbizukoak, igande honetan Javi Zabala errioxarra airean erabili eta gero. Naiarakoak 10-8kora arte eutsi dio Ezkurdiaren joari, baina Ezkurdiak bigarren erdian maila hobetu duen bezala, Zabalak behar baino gehiago egin du huts –aukerako pilota pare baten eta luzeegi ateratako sake bat tartean– eta aurreneko atsedenalditik amaierara bitartean, Ezkurdia nagusi izan da.
«Aurreneko atsedenaldian hitz egin dut anaiarekin –Mattin Ezkurdiarekin, alegia– lehenengo tanto horietan zabaletik txapapera edo ezkerrez galdutako pilota horiek ezin zirela errepikatu. Lortu dugu eta Zabala partidatik ateratzea lortu dugu», nabarmendu du Ezkurdiak, eman duen mailarekin pozik.
Hasieratik gogor
Aurreneko sakea bere alde, Joseba Ezkurdiak airean erabili du Zabala, pilotari errioxarrak defentsarako gaia baduela erakutsi arren. are gehiago, ez du askorik behar izan Zabalak berak ere sakea berreskuratzeko, ezker gantxoz bere aurreneko tantoa amaitu ostean. Naiarako aurrelariak jokatzeko dagoela berehala erakutsi du aurkari gogorra aurrean izanagatik eta hala, aurreneko berdinketa ere laster baten erdietsi du, 4nakoa, sakez bi tanto segidan ostean, nahiz eta aurretik ezin jarri, ezker gantxoz Ezkurdian 5-4ko tanto dotorea osatu baitu.
Piloteoa itogarria izan da hainbat tantotan. Ia beti Ezkurdia nagusi kolpez gehiago baita, baina Zabalak duintasun handiz eutsi dio piloteo horri, eta tarteka aukerarik ere izan du tantoa bere aldera eramateko. Hala ere, Ezkurdiaren erasokortasunak markagailua bere alde iraultzera eraman du pixkanaka. Hala, Markagailua 9-5 jarri denean Arbizuko aurrelariaren alde, Xabier Rekalde, Zabalaren botileroak partida etetea erabaki du.
Zabalaren deserosotasuna ez da bakarrik Ezkurdiaren joaren ondorioz izan bakarrik, laprast ere komeni baino gehiagotan egin du errioxarrak, nahiz eta hezetasunagatik ez den aitzakiarik izan Astelenan. Alabaina, 10-5 aurreratu ostean, Ezkurdiak hutsegite erraz bat egin du zabalean eta bere aurkariak sakea baliatu du markagailua estutzen hasteko. Ondorioz, 10-8koa txokoan egin eta gero, Mattin Ezkurdia Josebaren anaia eta botileroak atsedenaldia eskatu du, neurketa komeni baino gehiago okertu baino lehen. Zortea ere alde izan dute nafarrek, hurrengo sakea luzeegi atera baitu Zabalak: 12-8 aurreneko atsedenaldi luzean, zabalean Ezkurdiak beste tanto dotore bat amaitu eta gero.
Dena argi eta garbi
Beste huts handi bat egin du Zabalak markagailua 13-9 zela eta larrutik ordaindu du Naiarakoak. Akordatzerako, Arbizuko aurrelaria 17-9 ihesi joan zaio, batez ere aukerarik izan duenen beste baten ere kale egin duelako errioxarrak. Sakez egin duen laugarren tantoarekin, 18-9 egin du alde Ezkurdiak azken atsedenaldian. Eta Javi Zabalaren bisaiari so eginez gero, ez du buelta handirik izateko tankeratik hartu partidak azken tanto horiei begira.
Hazita eta konfiantzaz gainezka, Joseba Ezkurdiak ezker gantxoz beste tanto bat pilatu du bere kolpearen abiadurari esker, berez arrastoaren gainean eman baitu botea. Nolanahi, Zabalak sakea berreskuratu du eta ezker boleaz zabalean tanto eder bat amaitu du ere errioxarrak. Baina handik aurrera, errukirik gabe 22raino joan da Ezkurdia.
Fitxa teknikoa:
Iraupena: 39.09 minutu. Pilotakadak: 199. Sakez: 4 Ezkurdiak eta 2 eta falta bat Zabalak. Tantoak jokoan: 9 Ezkurdiak eta 5 Zabalak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 8 Zabalak. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 4-1, 4-2, 4-4, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 10-5, 10-6, 10-8, 11-8, 13-8, 13-9, 14-9, 19-9, 19-10, 20-10, 20-11, 21-11, 22-11. Gorabeherak: Asperen adarreko San Fermin Lau eta Erdiko Torneoa, Eibarko Astelena pilotalekuan jokaturikoa. Aurreneko sakea, gorri. Mattin Ezkurdia anaia izan du Joseba Ezkurdiak botilero. Zabalak, berriz, Xabier Rekalde.