Lehen itzulitik hautu antifaxista egin dute hainbat eragilek Ipar Euskal Herrian
Inoiz espero ez zuen hauteskunde kanpaina bitxiak posizio hartze azkarrak eragin ditu. Ipar Euskal Herrian arlo ezberdinetan jarduten duten eragileek eskuin muturrari hesia jartzeko deia zabaldu dute. Haietako batzuek lehen itzulitik Fronte Herritar Berriari (NFP) boto ematera deitu dute.
Harrabots handia eragin zuen kanpaina hasi eta berehala CGT sindikatuak eginiko adierazpenak, aurreneko bozetan ez bezala, oraingoan boto-paper zehatza sartzeko deia egin duelako 2002ko datuen arabera 640.000 afiliatu dituen zentralak.
CFDT lehenengo sindikatuak mezu lausoagoa hobetsi du. Hala eta guztiz ere, botere guneetatik Jordan Bardella Batasun Nazionaleko burua eta Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumituaren buruzagia zaku berean sartzeko kanpaina azkartu den heinean, Laurent Berger sindikatu moderatuaren idazkari nagusi ohiak lehen lerrora jauzi egin du, eskuin muturra dela demokraziaren ikuspegitik «gainditu beharreko arerioa» argitzera.
CFDT, CGT, UNSA, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek Ipar Euskal Herrian osatzen duten intersindikala izan zen karrikan erantzun antolatu bat emateko orduan lehena ekainairen 9an eginiko bozetan eskuin muturrak lortu zuen garaipenak euskal jendartean sorturiko kezka agerian uzteko.
ELB laborarien sindikatuak, bere aldetik, mobilizazioak babestearekin batera Fronte Popular Berriaren alde botoa ematea eskatuz dei publikoa zabaldu du.
Sektoreka sinadura bilketa eta adierazpen amankomunak
Zaila bada ere horren eragina neurtzea ere, sektoreka, ahotsak altxatu dira. Hala, Hezkuntza edo osasungintzatik zerbitzu publikoen defentsa hartuz RN gelditzeko iritziak heldu dira.
Kulturgile eta intelektualen eremuan gauzak ez dira hain argi azaldu. Antisemitismoaren harira NFP ezkertiar aliantzari eginiko kanpaina bortitzak bere arrastoa utzi duela pentsatu daiteke.
Inoiz ez badute ere LFIko ordezkari bat frantziar Estatuan delitu den antisemitismoaren aldeko adierazpen edo ekintzengatik kondenatu, ezkerraren ibilbidea zikintzera jo du Vincent Bollere enpresari aberatsak gidatzen duen inperio mediatikoak.
Arrakasta gehien duten telebista eta irrati emankizunetan iritzi antisemitak eta arrazistak defendatzeagatik 40tik gora kondena judizial jaso dituen ultraeskuina boterera eramateko lehiatuko diren hautagaiei ez diete, ordea, horren gainean apenas galderarik egin.
Parisetik Parisera antolaturiko kanpaina espres horretatik gero eta gehiago urrundu, aukera gehiago daude Hexagonoan dauden 577 hauteskunde barrutietan erabakiko diren boz horiei buruz mezu anitzagoak entzuteko.
Ipar Euskal Herriko herritarren bozak hiru hauteskunde barrutietan azalduko dira, eta eremu horietan dauden gako propioak azaldu dira, kostata bada ere, kanpainan.
Egia da azkar eta bizi Emmanuel Macronek agindu duen hauteskunde prozesuari egokitzeko zailtasunak izan direla, baina tantaka, handik eta hemendik, posizionamenduak heldu dira.
Posizionamenduen behin-behineko bilduma
Eskuin muturrak olatua altxatu zuen Euskal Herrian ekainaren 9an. Horrek, nahi eta nahi ez, konzientzia pizte azkarra eragin duela.
Euskararen garapenari dagokionez frantziar Gobernuak duen koloreak eragin nabarmena izanen duela adierazita, eskuin muturraren kontra mobilizatzeko deia zabaldu zuten kanpainaren hastapenean Euskal Konfederazioaren eskutik 22 eragilek.
Kulturaren eremutik, frantziar administrazioaren homologazioa duten Scene National eta Atabal kultur egiturek agiria amankomuna plazaratu zuten, bestalde, hauteskundeetan parte hartzeko garrantzia azpimarratzeko.
Handik harago, eskuin muturraren egitasmoari aurre egiteko beharra nabarmendu zuten.
Belaunaldi berriek pairatzen dituzten prekarietate mota ezberdinak aletuz, arazo horien aurrean RN ez dela alternatiba argi eta garbi adierazi du Xuti Gaztek, bide batez erantzun antifaxista ematera deitu duela. NFPren aldeko botoa galdetu du gazte dinamikak.
Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak, bere aldetik, eskuin muturrak defendatzen duen programan arakatuz azken hamarkadetan berdintasunaren bidean lorturiko aitzinamenduak kolokan egon daitezkela oharra egin du, ondoren NFPri sostegatzeko deia plazaratuz.
Beste hainbat eragilek egin bezala, feministek ohar argia egin dute: «Eskuin muturra ez da Macronen politika suntsitzailearen alternatiba».