Athleticek Leire Baños fitxatu du
Erdilari gipuzkoarrak Levanten jokatu du azken denboraldian, 27 urte ditu eta 2027ra arte sinatu du kontratua talde zuri-gorriarekin.
Athletic Clubek Leire Bañosek erdilaria fitxatu du. Irungo jokalaria Levante UD taldetik iritsi da Lezamara, eta azken denboraldi honetan 30 partida ofizial jokatu ditu, Txapeldunen Liga barne.
Bañosek 27 urte ditu, eta 300 neurketa ofizial baino gehiago jokatu ditu Realaren eta Levanteren artean. Azken hiru denboraldietan talde valentziarrean izan da. Athleticek nabarmendu duenez, «bere ezaugarririk bereizgarrienak ahalmen fisikoa, zentzu taktikoa eta baloi jaurtiketak dira».
Gipuzkoarra Irun Artian eta Oiartzun KE-n hazi zen. 2013/14 denboraldian, Realera pasa zen, eta 16 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan, Lezaman, Itxaso Uriarterekin batera hasierako hamaikakoan. Zortzi denboraldiz egon zen talde txuri-urdinean eta 2019an Kopako titulua lortu zuen Atletico de Madriden aurka. 2021ean, taldez aldatzea erabaki zuen eta Levante UD taldearekin sinatu zuen.
Sinadura ekitaldian, Ibaigane Jauregian, Jon Uriarte presidentearekin eta Xabier Arrieta emakumezkoen futbol zuzendariarekin batera, Leire Baños pozarren agertu da Athletic Clubera iristeagatik: «Oso pozik nago. Ilusio handiarekin nator, Athletic talde historikoa da, beste inork ez duen filosofia duena, eta hori ere oso baloragarria da. Harrobian hainbeste lan egiteak bere fruituak ematen ditu eta orain jokalari gazteekin ikusten ari gara. Hemen dauden taldekide askorekin jokatu dut, oso ondo hitz egin didate eta ez dut zalantzarik izan sinatzeko. Guztion artean lan eginez eta hobetuz, ziur oso gauza politak lortuko ditugula».
Bestalde, Athleticek atzo Irene Oguiza eta Jone Amezagaren berritzeak iragarri zituen gizonezkoen taldeko Beñat Pradosekin batera.