INFO

Tuterako Udalak Udaltzaingo izateko oposaketak zaildu zituen propio hautagai emakumeentzat

Nafarroako Administrazio Auzitegiak aintzat hartu du ELAk aurkeztutako helegite bat, eta ebatzi du Tuterako Udalak propio zaildu zituela Udaltzain izateko emakume hautagaien proba fisikoak. Sindikatuak salatu du agerian geratu dela UPNk zuzentzen duen Udalaren «jarrera matxista».

ELAko ordezkariak, ostiralean Tuteran eman duten prentsaurrekoan. (ELA)

Nafarroako Administrazio Auzitegiak (NAA) ebatzi du Tuterako Udalak Udaltzaingorako hiru lanpostu betetzeko deialdian emakume hautagaientzako proba fisikoak gogortu egin zituela propio. Epai honekin, auzitegiak aintzat hartu du ELAk beste bi sindikatu munizipalekin batera Udalaren kontra jarri zuen helegitea, sindikatuak jakinarazi duenez.

«Inongo justifikaziorik gabe», Udaltzain izateko oposaketa publikoetako 1 eta 4 probak aldatu zituen Tuterako Udalak, «soilik emakume hautagaien» proba fisikoak zailduz. Honekin, NAAk ebatzi du UPNk zuzentzen duen Udalak Polizia kidegoetarako sarbideari buruzko Nafarroako eta Estatuko legedia urratu duela, «emakumeen egoera genero kontuengatik okertuko duten neurriak» hartzea debekatzen baitu.

«Eskatzen den maila fisikoa gizonen kasuan bere horretan geratzen da, baina emakumeei gogortu egiten zaie, emakume izateagatik, esanez proba fisikoan abantaila ematen zitzaiela», azaldu du ELAk ostiral honetan eman duen prentsaurrekoan. Sindikatuaren ustez, udal taldearen asmo garbia zen «prozesua soilik gizonezkoek gainditzea».

Horrela, gaitzetsi duenez, «nabarmena da» UPNko Alejandro Toquero alkatearen udal taldeak izan duen «jarrera matxista eta abusuzkoa». «Hark irmo eutsi dio bere asmoari, legea urratzeraino, emakumeei enplegu publikorako sarbidea galaraztearren», adierazi du sindikatuak.

Ez da lehen aldia

Ez da lehen aldia Udaltzainetarako Lanpostu Eskaintza Publikoetan (LEP) legea urratu dena, ELAk gogoratu duenez: 2021ean auzitegi berak aintzat hartu zuen helegite bat, eta inspektoreorde lanpostu baterako deialdi baten oinarriak aldatzeko erabakia indargabetu zuen, motibaziorik ez zegoelako.

Gainera, 2023an NAAk ontzat eman zuen Udaltzaingoko lau lanpostutarako hautaketa prozesuaren kontra aurkeztu zen errekurtso bat, irregulartasun bat atzeman baitzuen lehiakide baten uretako proba ebaluatzean.

«Hiru helegiteok oinarri berbera dute», sindikatuaren arabera: «Hartu diren erabakiek ez dutela inolako justifikaziorik eta guztiz modu arbitrarioan jokatu dela».