INFO

Wooden Parliament

Egileak 2019ko Londresko Arkitektura Jaialdian King's Cross-en instalatutako behin-behineko pabiloian zentratu du bere artikulua: Wooden Parliament, bertako diseinatzaileek tradiziozkoei beste esanahi bat eman baitzien. Lan egiteko beste modu bat.

Egurrezko Parlamentuaren egitura nagusia pinu egurrez eginda dago, eta eserlekuak, Compacmel panelez. (Argazkiak: Luke Hayes eta amid-cero.9Irudia: amid-cero.9)

Cristina Diaz Morenok eta Efren Garcia Grindak osatutako eta Madrilen kokatutako bulego berezi hau arkitekturaren, kulturaren eta naturaren arteko elkarguneak ikertzeko lankidetza plataforma moduan sortu zen. Pixkanaka haien praktika ikerkuntzan oinarritzen eta diseinu-sorkuntzetara bideratzen joan zen, hiri, teknologia eta kultura garaikideko erronketara egokituta. Denborarekin hauen izaera finkatzen joan da, eta gaur egun ikusten ditugun beraien lanetan zehaztasun eraikitzailearen eta argitasun kontzeptualaren uztarketak dira nabarmenak.

Proiektu txiki hau beraien lan egiteko moduaren laburpen argia da. Testuingurua aztertuta eta baliabide posibleak finkatuta, Londresko arkitektura jaialdiaren barruan King’s Cross-eko espazio publikoari eskaini ahal zioten zerbait berria aurkitu baitzuten.

Ingelesezko ‘assemble’ hitzaren esanahi bikoitzaz jolastu zuten honetarako. Termino hau ‘ensanblatzea’ edo ‘asanblada’ moduan itzul daiteke, eta arkitekturarekin aurre egin beharreko bi arlori erantzuten dio.

Alde batetik, ensanblatzeak, elementu-multzo bat lotzean lortzen den multzo erresistente bat osatzea esan nahi du, eraikuntza arloari erantzuten diona. Beste aldetik, asanbladak, pertsona talde txikiak bildu eta helburu komun batera iristeko eztabaidatzea esan nahi du, erabileraren arloari erantzuten diona.

Bi esanahi hauek uztartuz, tresna publiko bat sortu zuten, elkarrizketak edo eztabaidak izateko parlamentu txiki bat.

Instalazioa Fisna egur enpresak finantzatuta zegoenez, eraikuntza egiteko hauen katalogoan aurki zitezkeen osagai normalizatuetara jo zuten, zehazki kanpoaldean erabiltzeko egokiak zirenetara. Egitura elementuetan pinu trinkoa erabili zuten, eta eserlekuetan, berriz, egur konpaktatua. Erronka moduan, pieza finkatuen kopuru mugatu bat erabiltzea zehaztu zuten, eta abiapuntu honetatik elementuari forma ematen hasi ziren.

Pabiloia plaza jendetsu batean kokatuko zenez, espazio murgiltzaile bat sortu behar zuten. Hori bermatzeko, zerura irekitzen zen oramahai baten forma eman zioten, eszenatoki gabeko antzoki baten modukoa. Forma honek, partaide guztiak elkarrengandik gertu esertzea eta elkar ikustea ahalbidetzen zuen, kide guztiak elkarren artean berdinak zirela gogoraraziz.

Diseinua egiteko oin planta karratu batetik abiatu ziren, 5 metroko aldeduna. Albo bakoitzean 9 saihets kokatu zituzten, eraiki ahala beraien artean trabatzen zirenak multzoaren egonkortasuna lortzeko.

Saihets hauek kanpoaldetik berdinak baziruditen ere, haien artean ezberdintasun txikiak ezkutatzen zituen, barneko eserlekuen altuerari erantzuteko moldatzen baitzihoazen. Diseinu ezberdin hauek arazo ez izateko, egiturako osagai bakoitza 23 mm-ko lodierako eta 100 edo 200 mm-ko zabalerako xaflatan deskonposatu zuten. Deskonposaketa honek intersekzioetan bi xaflek txandakatuta aurrera jarraitzea eta sandwich moduan korapilatzea ahalbidetzen zuen, lotura konplexuak ekidinez eta kostuak txikituz.

Barne eta kanpo espazioen arteko muga nabarmentzeko itxitura bat diseinatu zuten. Saihets bakoitza gorantz luzatuz eta hauei diagonalak lotuz (gilbordurari eta haizearen albo-bultzadei aurre egiteko), sareta moduko itxitura bat lortu zuten. Ondoren, euskarri honen gainean kolore biziz margotutako ikur abstraktuak kokatu zituzten, barneko ekitaldien pribatutasuna areagotzearren.

Ikur hauek ez ziren ausazkoak, beren geometriak pabiloian zehar erabilitako egitura-korapiloen abstrakzioa ziren. Geometria hauek sistema materialetik deskonektatzean, beren esanahia galdu zuten, lengoaia kriptiko edo magiko bat bihurtuz. Emaitza zurezko alfabeto moduan aurkeztutako sinbolo iradokitzaileak ziren, haien esanahi posibleak ikertzera gonbidatzen gintuztenak.

Interbentzio honen bidez amid-cero.9-ko kideek pabiloien planteamendu tradizionala beste era batera bideratzea lortu zuten, inolako helburu funtzionalik ez zuen haren izaera eraldatuz eta benetako tresna publiko bihurtuz.