Atharratzetik abiatu da EuskarAbenturaren 2024ko espedizioa
Astelehen honetan abiatu da Atharratzetik EuskarAbenturaren 2024ko espedizioa. Ia 127 gazte bildu dira eta astearte honetan lehen etapa egingo dute, Atharratzetik Maulera.
Astelehen honetan abiatu da Atharratzetik EuskaraAbenturaren 2024ko espedizioa. Antolatzaileek adierazi dutenez, Zuberoko herri honetara heldu ziren aurretik Bilbo, Gasteiz eta Donostiatik abiatutako autobusak, gainerako herrialdeetako kideak jasota. Ipar Euskal Herriko kide batzuk datozen egunetan batuko dira, momentuz Brebetako azterketa dutelako.
Atharratzen, Maite Pitrau auzapezak, harrera egin zien eta ondoren familia argazkia atera zuten. «Ia 127 gazte, 30 lan taldeko kide, eta, nola ez, EuskarAbenturako elkartekideekin», azaldu dute ohar batean.
«Taldeak egin, kamisetak banatu, ezagutza jolasak.... egunaren helburua lehen kontaktua egitea izan da eta, batez ere, hurrengo hilabetean zehar elkarrekin bizitzeko antolatzea: eguneko eskema nola izango den esplikatu, etapak azaldu otordu ea garbiketa ardurak banatu...», nabarmendu dute. Gaubelan berriz Prefostako kideekin egin zuten, eta espazioa eta proiektua ezagutzeko aukera izan zuten.
Astearte honetan lehen etapa izango dute, Atharratzetik Maulera. 13,2 kilometro egingo dituzte eta datozen egunetan Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Orreaga, Auritz eta Zubiri zeharkatuko dituzte. «Hankak berotzen hasteko aukera ederra! Arratsaldetan, berriz, txoko polit hauetako proiektu, egitasmo eta edukia izango dugu!», esan dute.