«Esku-hartze publiko sendoa izango duen industria politika» eskatu dio LABek Lakuari
Greba mugagabean dauden Añorgako Cementos Rezolako langileen mobilizazio baten harira, «deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa» erabiltzea gaitzetsi eta «benetako trantsizio ekosozialaren alde» egin du LAB sindikatuak.
LABeko koordinatzaile orokorrak, Garbiñeko Aranburuk, erregulazio espedientearen aurka greba mugagabean dauden Añorgako Cementos Rezolako beharginekin izan da asteazken honetan, eta bertan azpimarratu du «industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri». Ostegun honetan, Arrigorriagako lantegira eramango dute beren protesta Añorgako beharginek.
«Krisi klimatiko larria bizi dugu, trantsizio ekosoziala beharrezkoa da. Industrian birmoldaketa sakon bat egin behar da eta birmoldaketa horien barruan deskarbonizazio prozesu bat eman beharko da», adierazi du Aranburuk. Gaineratu du sindikatua deskarbonizazioaren alde dagoela, bainar ohartarazi du Cementos Rezola moduko enpresentzat, «deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko argudio eta aitzakia bilakatzen ari dela».
Rezolaren kasuan, gardentasun falta salatu eta langileen parte-hartzea aldarrikatu du LABeko koordinatzaile orokorrak: «Langileoi informazioa falta zaigu eta oso argi dugu, deskarbonizazioz kamuflatu nahi dena, enpresaren produkzioaren berrantolaketa bat dela, planta honen tamaina txikitu eta langile kopurua murriztu nahi du enpresak. Produkzioa beste lantoki batzuetara lekualdatu, irabazi mailari eutsi edo irabaziak handitu nahi ditu enpresak».
Aranburuk berretsi du LABek trantsizio ekosozial baten beharra aldarrikatzen duela: «Industrian eraldaketa sakonak egin beharko dira, eta birmoldaketa hori planifikatua, ordenatua, izan behar da. Trantsizio prozesu hori ezin dute enpresek gidatu eta ezin daiteke lekuan leku modu isolatuan gauzatu».
Ildo horretan, plan integralaren beharra azpimarratu du, eta «esku-hartze publiko sendoa izango duen industria politika eskatu dio» Lakuako Gobernu berriari.
Hala, enpleguan ondorio traumatikoak ekiditeko planak exijitu ditu, baita lanaldi murrizketaren eztabaidari serio heltzea ere. «Eta eraldaketa prozesu hori ezin da ulertu eta ezin da gauzatu langileen parte hartze eta adostasunik gabe», gaineratu du.
Añorgakoez gain, LABek gehiengoa duen beste enpresa batzuetan ere greba mugagabean dauden beharginak daudela gogorarazi du Aranburuk; Gipuzkoan bertan, Arrasateko Microliquiden, kasurako, «enpleguaren defentsan», edota Vianako Mondelezen, «hitzarmen duin baten alde».