INFO

Ekimen ugarirekin lehorreratuko da Bizkai eta Gipuzkoako hainbat portutan Mater Ontzi Museoa

Seigarren urtez, Zero Zabor Uretan kanpaina eramango du Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Bizkai eta Gipuzkoako hainbat herritara. Aurten, Bilbon, Portugaleten, Bermeon eta Ondarroan, Mutrikun, Hondarribian, Getarian eta Pasaian lehorreratuko da, ekimen ugarirekin.

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa Bilbon egon da ostegun honetan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak 2024ko «itsaso osasuntsu baten aldeko zeharkaldia» hasi eta Bizkai eta Gipuzkoako hainbat portutara Zero Zabor Uretan kanpaina eramango du, ‘Hondakinen onena, sortzen ez dena’ lelopean.

Kanpaina horren seigarren edizioa Bilboko Itsasmuseumen aurkeztu dute ostegun honetan, itsasontzian bertan. Aurkezpen honetan Izaskun Suberbiola Zero Zabor Uretan-eko arduradunaz gain, egitasmoaren erakunde babesleen ordezkariak ere egon dira, hain zuzen Aitor Aldasoro Lakuako Gobernuko Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea, Alex Pelaez Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari nagusia, Sara Guemes Libera proiektuaren koordinatzailea eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.

Aurten, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Bilbo (ostegun honetatik larunbatera arte), Portugalete (uztailaren 6tik 9ra), Bermeo (9tik 12ra) eta Ondarroa (12tik 15era) Bizkaiko herriak eta Gipuzkoako Mutriku (15etik 18ra), Hondarribia (18tik 21era), Getaria (21etik 24ra) eta Pasaia (24tik 26ra) bisitatuko ditu. Kostaldeko herri horietan hainbat ekimen prestatu ditu Materrek, hala nola bisitak ontzi-museora, sormen birziklatze tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak ontzian eta Bio eta Zabor itsas erraldoien martxak, Suberbiolak jakitera eman duenez.

Hala ere, portu hauetan lehorreratzea Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren «azken etapa» besterik ez da. Horren aurretik, Materreko eskifaiak duela hilabete batzuk hasi ziren lanean «tokiko eragileak inplikatzeko». «Zero Zabor Uretan kanpaina orain dela hilabeteak hasi dugu eta nolabait kanpainaren azken etapan gaude. Aurrez, hainbat lan egon dira tokiko eragile ezberdinak gure itsas hondakinen arazoaz kontzientziatzeko baina, batez ere, konponbidean inplikatzeko», azaldu du ekimenaren arduradunak. Lan horrek sentsibilizazio hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenetan izan du oinarria.

Era berean, Aldasoro sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie Materreko boluntarioei «urte osoan zehar egiten duzuen lanagatik» eta gogoratu du bi erakundeen arteko kolaborazioa 2019an hasi zela. «Gure itsasoen kutsadura lehen mailako arazo bihurtu da, eta itsas biodibertsitateari ez ezik, giza osasunari, gure gizarteari eta kostaldeko eremuetako ekonomiari ere eragiten die», aldarrikatu du.

Zentzu honetan, euskal kostaldean hondakinak murrizteko Lakuak martxan jarri duen Ulysses proiektuaren berri eman du Aldasorok, beste ekintza batzuen artean. Zentzu honetan, «gure kokapen geografikoagatik eta itsas korronteengatik, Euskadiko kostaldea zabor flotagarria pilatzeko leku aproposa dela» ohartarazi du sailburuak.