Andrak erramutan, «itsasoa gurea ere badelako; gu ere itsasoa garelako»
Ondarroako 37 emakumek erronka handia bete dute asteburu honetan. Ondarroatik Donostiara eta Donostiatik Ondarroara buelta, bi egunetan. Gaur 20.00ak aldera iritsi dira Donostiara, Kontxako badia zeharkatuz. Kostaldeko emakumeen aldeko aldarria eraman dute: «Itsasoa gurea ere badelako».
‘Andrak erramutan’, erakusteko «itsasoa gure ere badelako, gu ere itsasoa garelako». Ondarroako emakume talde batek, guztiak 45 urtetik gorakoak, erronka handirako prestatu dira azken hilabeteetan. Urrian aurkeztu zuten proiektua eta ordutik, gogor entrenatu dute, lehendabizi Ondarroatik Donostiara arraun egin eta hurrengo egunean, Donostiatik Ondarroara itzultzeko.
Orioko emakume talde batek 2018an egin zuen erronka izan dute inspirazio, ‘Zergatik ez?’ deiturikoa. Oriotarrek Bilborantz egin zuten zeharkaldia eta urte hartako kontu bat izan zen. Ondarrutarretik, erronka hori jarraitu asmoz, urteroko hitzordua nahi dute bilakatu, urte luzez emakumeei kendu zaien lekua berreskuratu nahian.
«Kostaldean su feminista piztea, kostaldeko herrialdeetan emakumeen ahalduntze feministarako olatua sortzea emakumeen partadaitze bultzatuz eta euskal kostaldeko emakume talde feminista eta emakume taldeen sarea sortuz», Orion irakurri duten manifestuan adierazi legez, indartsu, tinko.
Jakina, jada ohikoagoa da emakumeak arraunean ikustea, liga propio bat dago, goi-mailakoa, baita ETE liga ere. Harrobietan ere ari dira neskak animatzen, ez da aitzinako egitura zurrun bat, zeina gizonezkoen espazio bat zen.
Oraindik badagoelako zer hobetu –asko, gainera– eta iraganeko oztopoei erantzun asmoz, 45 urtetik gorako 37 emakume batu ziren Ondarroan, garai batean arraun egiteko aukerarik izan ez zutela gaitzetsi eta beraien indarra erakutsi asmoz. Ez dagoelako adin egokirik arraun egiteko, edonoiz izan daitekeelako aproposa, afizioa uztartuz gero. Kaleak eta plazak konkistatzen hasi bezala, itsasoa hartzeko urrats modura planteatu zuten eta Orion irakurri duten komunikatuan ideia hori berretsi dute.
#AndrakErremutan
— Mentxu Ramilo Araujo (@mentxuwiki) July 6, 2024
Miren Urresti manifestua irakurtzen
"Itsasoa, ere, emakumeona da" pic.twitter.com/0DtZhzj6tw
Miren Urrestik hartu du mikrofonoa eta aipatu ‘Andrak erramutan’ ekimenaren asmoa «sasoiko emakumeen, andren esperientzia eta jakituria aitortzea, 45 urtetik gorako emakumeen esperientzia eta ezagutza erabiltzea, estereotipiei aurre egiteko eta herrietan duten garrantzia aitortzea» dela.
Era berean, «emakumeentzako zaintza gune seguruak sortzea, emakumeentzako gune seguruak izatea bermatu behar dela» nabarmendu dute, «lasai berba egin, ikasi eta hazi ahal izateko, diskriminazio eta bazterketa barik».
Turrunarekin batera irteera
Larunbat honetan atera dira Ondarroatik hiru traineru, goizeko 8.00etan, turrunarekin batera, eta arratsaldeko 20.00ak aldera iritsi dira Donostiara, aurretik Orion ezinbesteko geldialdia egin ostean. Bertan, 2018an Bilborako zeharkaldia egin zuten emakumeekin topatu dira, batukada batek girotuz. Besarkadak nagusitu dira, sentipen ugarikoak, iraganeko oztopoak gogoan eta oraingo balentriak indartuta.
[BERDINTASUNA] Abiatu dira 퐀퐧퐝퐫퐚퐤 퐄퐫퐫퐚퐦퐮퐭퐚퐧. Donostia helmuga, emakumeek itsasoa ere hartzea helburu.
— Ondarroako Udala (@UdalBarriak) July 6, 2024
Gaur iluntzean iritsiko dira Donostiara. Bihar, 18:30ean Ondarroara turrun hotsarekin batera eta 20:00etan ongietorria Alde Zaharrean.#Ondarroa #Ondarru pic.twitter.com/G9gfN92ECn
Ondarru-Donosti#AndrakErramutan pic.twitter.com/dEdtC7lDRl
— Unai Urruzuno (@uurruzuno) July 6, 2024
Donostiako iritsiera ere zeharo berezia izan da. Arraunak gora ekarri eta portuko arrapalatik igo dira, ikusleen txalo zaparraden artean.
Bihar, igandean, etxera egingo dute buelta, arraunean baita ere. 8.00etan aterako dira Donostiatik eta Ondarroan harrera berezia jasoko dute. Eguerdi aldera Zumaian geldituko dira eta 17.00etan Mutrikun harrera beroa jasoko dute. Hala ere, harrera handiena etxean izango dute. 20.00etarako aurreikusita dago kalekutzeko eskileretan ongi etorria egitea.