INFO
Entrevista
Ion Izagirre
Cofidis taldeko txirrindularia

«Gaurko etapa ihesaldietarako oso aproposa da eta hor hasi beharko dugu presentzia izaten»

Saihets bat hautsi ostean iritsi zen Tourrera Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989). Gorputzak nola erantzungo zion duda zuen gipuzkoarrak eta, Tourraren lehen astea igarota, asteleheneko lehen atseden eguna «ondo» etorri zitzaiola aitortu zuen hurrengo erronkei aurre egiteko.

Ion Izagirre, aurtengo Tourreko etapa batean. (Marco BERTORELLO | AFP)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Joan da lehenengo astea Tourrean, oso aste gogorra. Dagoeneko gorputzean jipoi mordoa hartuta eta aurretik geratzen denari begira ere, pentsatzen dut oso kontziente gorputzak indarrak berreskuratu behar dituela asko jokatu duzuelako baina asko dagoelako aurretik oraindik.

Bai. Ia ia Tourraren lehen erdia egin dugu eta deskantso eguna, niri behintzat, oso ondo etorri zait.

Lehen etaparen ostean hitz egin genuen. Kontatu zenigun beroa egin zuela, pedal kolpea ere faltan sumatzen zenuela erorikoaren ostean. Gorputzak aukerarik topatu al du hobeto sentitzeko edo kostatzen ari al zaizu nahiko zenukeen pedal kolpe hori topatzea?

Ihesaldi horrekin hasi genuen Tour hau eta, egia esan, nahiko txukun, taldeari presentzia eman genion. Baina agian ez nuen pedal kolpe hori aurkitu, azkeneko egun hauetan ihesaldiren bat iritsi da helmugara eta ez naiz aurkitu nahi nuen bezain ondo, eta horregatik banekien gaurko eguna [atseden eguna] ondo etorriko zitzaidala behintzat indarrak berreskuratzen saiatzeko, hemendik aurrerakorako indarra ekiteko.

Ia ia Tour erdia. Asko luzatu da lehen aste hau. Zer espero duzu bigarren asteari begira? Nola ikusten duzu ibilbidea? Zer pasatzen zaizu burutik bigarren erdian?

Pertsonalki eta taldearen helburuak ikusita, saiatuko gara edo jarraituko dugu saiatzen ihesaldietan presentzia izaten. Asteazkeneko etapa [gaurkoa], nik uste dut ihesaldietarako oso aproposa dela, eta hor hasi beharko dugu pixka bat presentzia izaten; ni ez banaiz, taldeko beste batzuk. Guillaume Martin sailkapen nagusian zentratuta dago eta asteburu honetan badakigu Pirinioetara gerturatuko garela eta bi etapa oso gogor ditugula aurretik.

Nolabait aipatu duzu asteazkeneko etapa hori, Pirinioetara hurbiltze hori... Etxetik gertu edo etxeko zaleetatik gertu egote horrek ematen du halako bizitasun bat edo suspertze hori. Pedal kolpe hori fintzeko bidean, emozionalki Pirinioetan aritzea nolabait laguntzen al du edo ematen al du bultzadarik?

Bai, bai. Egia esan, Pirinioetara iristen garen bakoitzean, badakigu bai lagunak edo ezagunak, familiakoak ere gerturatzen direla, eta horrek beti laguntzen du; gertutasun horrek beti motibatzen zaitu pixka bat gehiago eta, nire kasuan, laguntzen du ihesaldi hori hartzeko ilusioa berpizten. Gogoz sumatzen da egun horietan.

Sailkapen nagusian Guillaumerekin borrokatzen ari zarete, Bryan Coquardekin esprintetan... Sailkapen nagusiari helduta, zenbat jokatu da orain arte eta zenbat geratzen da? Alegia, Tourraren erdia eta erdia aipatzen ditugu, baina Galibierreko etapa, erlojuaren aurkako saioa... kazetarioi sentsazioa ematen digu oraindik Tourraren zati handi bat jokoan dagoela. Zuek ere sentsazio hori al duzue?

Argi dago oraindik egun asko falta direla. Lehenengo erdi honek ahalbidetu digu pixka bat sailkapen nagusiaren puntan edo txirrindularirik indartsuenak zeintzuk diren erakusteko; batez ere Galibierreko etapan edo erlojupekoan bai ikusi dela hiru besteen gainetik daudela: [Tadej] Pogacar, [Jonas] Vingegaard eta Remco bera [Evenepoel]. Baina zuk esan bezala, oraindik egun asko falta dira, gorabehera asko egon daitezke, bai batzuentzako eta bai besteentzako. Carlos Rodriguez, Ineos talde indartsu batekin; edo Roglic bera bere talde indartsuarekin, edozer gauza gerta liteke Nizarako bidean.

Ez da zure taldekidea, baina igandeko etapan, zure lagun eta oso gertukoa izan den Alex Aranburu ikusi genuen euskal garaipen hori lortzeko bidetik gertu. Zu ere ihesaldietara begira zaude, Oier (Lazkano) ere ikusi dugu. Datozen egun hauetan ez da borroka hori faltako, ezta?

Atzo bertan [igandean] ihesaldia hartzea ez zen erraza, eta begira, bai Alexek [Aranburu] eta bai Oierrek [Lazkano] hartu zuten; gero Oierrek zulatu bat izan zuen eta ezin izan zuen aurrekoekin gelditu. Alex garaipenaren usainean ibili zen. WhatsApp bidez hitz egin nuen berarekin animatuz eta pixka bat triste zegoen. Normala da; honelako aukerak ez dira asko izaten, baina pixka bat lasai egoteko esaten genion. Aurrean, honelako emaitza bat lortzeko gai denean bat, ziur aski aukera gehiago izango dituela. Pello [Bilbao] ere hor dago, [Mikel] Landa sekulako Tourra egiten ari da; agian horiek sailkapen nagusian gehiago zentratuta daude eta agian ez dute hain erraza ihesaldietan edo etapa garaipenaren lehian egotea. Euskal txirrindularitzaren maila oraindik goran dago.