Nanasera, Italiako hizkuntza «txikiena»
Adriatikoaren bi ertzak lotzen dituen pasarte historiko baten lekuko zuzena da, baina italiar gutxik dute bere berri. Egun, hiru herritan baino ez da hitz egiten, eta entzutea gero eta zailagoa da. Ahaleginak ahalegin, datozen hamarkadotan joango zaigu. Berarekin batera, hamaika altxor eta sekretu.
Jakin bagenekien errepideak izango zirela arazorik handiena. Bat-batean, Montemitrora bidean, Napolitik ekialderantz irten eta bi ordura, autoaren eta mugikorraren GPSek hainbat aukera proposatu dituzte. Legar eta hauts artean beste kotxe bat agertu da. Norbaitek leihatila jaitsi du: Montemitrora iritsi baino lehentxeago desbideratuko da; herriraino sigi-saga doan errepidean utziko gaitu. Ados, eta grazie mile!
Italiako hegoaldean gaude: Apeninoetako tontor elurtuak ditugu mendebaldean, eta Adriatikoa bistan. Molise izeneko eskualdean gaudela ere esan genezake.
«Molise? Ez dakit non dagoen». Entzun dugu. Baita Italian ere.
Hein batean, ulertzekoa da. Molise eskualde ttipia 1963ra arte baino ez zen agertu mapetan. Hain da ezezaguna, non berarekiko ezjakintasuna txiste nazional bilakatu den, bai eta fenomeno kultural ere: liburuak, abestiak, bideoak, antzerki-bakarrizketak... Denek egin diote erreferentzia; tartean, Beppe Grillo komediagileak edota Matteo Renzi lehen ministro ohiak. Facebook-eko orri ezagun batek (Io non credo nell 'esistenza del Molise izenekoa) mitoa hauspotu du, “Molisn' t” produktuak salduz: kamisetak, katiluak…. Badira bere existentziari buruz espekulatzen duten artikulu sendoak ere. Sareetan #ilmolisenonesiste etiketa bilatuz gero, Narniarekin alderatuta topatuko duzue, erraz.
Irudimenaren jolas bat ote da Molise? Ilusio hutsa?
Hala dirudi maiz. Montemitrora iristean, esaterako, seinale elebidunek ematen digute ongietorria. Antza, erdigune historikoari Stari grad esaten zaio, eta ljekarna farmaziari. Dena den, Montemitro italiar herria da, peto-petoa: eguerdian ez dago arimarik bere kaleetan, ezin zaio inori deus ere galdetu arratsaldeko laurak arte. Orduan, taberna eta janari-denda bat irekitzen dira. Udaletxearen eraikin berean daude biak. Bere fatxadatik, Kroaziako bandera bat zintzilik dago, Italiakoaren eta Europakoaren ondoan.
Azken bost mendeotan, Montemitron eta inguruko bi herritan kroazieraren aldaera zahar batez mintzo izan dira bertakoak. Edonola, baieztapen hori ez omen da oso zehatza. 32 urteko musikari eta hizkuntzaren aktibista dugu Lorenzo Blascetta. Gogorarazi digunez, Kroazia ez zen existitzen bere arbasoak hona iritsi zirenean, ez eta Italia ere. Bere ama hizkuntza, alabaina, itsasoz haraindiko ahots horren lekuko zuzena eta bizia da egun.
«Na našo deitzen diogu, hau da, ‘gurea’ edo ‘gure erara’», azaldu digu Lorenzok. Musika- proiektu batek bere energia xurgatzen duela ere aitortu digu molisetarrak. Taldeak Kroatarantata izena du. Ziurrenik, hitz-joko adimentsu horrek azaltzen du hobekien herri honen sentimendua: Kroazia batetik, italiar tarantela edo tarantata bestetik… Lorenzok dioenez, nanaserak (euskararen araua erabiliko dugu hemendik aurrera) Moliseko hiru herritan bizirik dago oraindik: Montemitron (Mundimitar, kroazieraz) haurrek oraindik hitz egiten dute, edo behintzat, ulertzen dute; Acquaviva Collecroven (Kruc) haien gurasoen adinekoek bakarrik; San Felicen (Filic), berriz, aitona-amonek eramango dute hilobira.
Italiako «beste» hizkuntzak
Bost mende atzerantz jo behar da Italiako gutxiengo linguistiko txikienaren jatorria aurkitzeko. Otomandarrak nagusitzen ari ziren Balkanetan orduan, eta garaiezinak ziruditen. Aragoiko errege Fernando I.a Napoliko agintari gorena ere bazen. Bertan, izurriteak eta lurrikara izugarri batek (1456) sortutako triskantzak kezkatzen zuen Fernando, bai eta lurraldearen despopulazioak ere. Egoerari buelta emateko asmoz, Gjergi Skanderberg albaniarren buruzagiari ireki zizkion ateak; jarraian, Dalmaziatik ihes egiteko irrikan zeuden eslaviarrei. Ez dakigu Barisictarrak noiz bihurtu ziren Barsiciano, Bartolino Bartulovictarrak, edo Blascetta Blascevictarrak, beste askoren artean. Baina jakin badakigu Moliseko tontorretik aldendutako hamabost herritan instalatu zirela. Abeltzainak eta nekazariak ziren denak. Inoiz lur idorra zen horretan, ardoa eta olioa ekoiztu dute egundaino.
Molisen ez ezik, Calabrian eta Sizilian ere bizirik dirau antzinako albaniar aldaerak ("arberesa" deitzen diote). Eslaviar hiztunak direla eta, aipatu dugu Moliseko hiru herritan baino ez dela hitz egiten. Molisek italiar iruditerian tokirik ez duela ikusita, alferrikakoa da nanaserari buruz galdetzea. Nahikoa da La Feltrinelli liburu-denda kate horretako apaletan begiratzea: hizkuntzalaritzakoa da sekzio txikiena beti.
«Italian ez dago beste hizkuntzarik, italieraren dialektoak bakarrik». Hori ere entzun dugu, maiz, eta liburu-denda batean baino gehiagotan. Ez da egia, italieraren «dialekto» gehienak ez dira italieraren «alabak», «ahizpak» baizik. Novecentoko hizkuntzalari handi Giovani Battista Pellegrinik honela zioen: «Hainbat italiar aldaeraren arteko distantzia frantsesaren edo portugesaren artekoa bezain handia izan daiteke». Hori gutxi ez eta, italieraz gain, hamabi hizkuntza gehiago zenbatu ditugu: albaniera, alemana, greziera, sardiniera, esloveniera, francoproventzala, katalana, friulera, ladinoa, okzitaniera, frantsesa eta, jakina, nanasera. Ez da harritzekoa, beraz, Italia Europako hizkuntza-aniztasun handiena duen herrialdea izatea. Erromak, alabaina, 1999. urtera arte ez zuen sinatu gutxiengo linguistikoen ituna, Italiako «beste» hizkuntzei babesa bermatuko ziena, alegia.
Ordurako, Montemitroko beste gizaseme batek, Antonio Sammartinok, urte ugari zeramatzan ipuinak, abestiak eta poemak biltzen, bai eta nanaseraren lehen gramatika idazten. Sammartino Kroaziako ohorezko kontsul bilakatu zen 2004an. Herri sarrerako bere etxean oraindik ere ikus daiteke hiru banderei (Italia, Kroazia eta Europar Batasunekoa) eusten zien burdinazko euskarria. Espero legez, horrek guztiak berebiziko interesa piztu zuen Adriatikoaren beste aldean. Sammartinoren ahalegina izan zela eta, askok lehendabiziko aldiz izan zuten «antzinako kroaziar» haien berri. Egia da, halaber, maitasuna bere bidean gurutzatu zela. Zagreben, hain justu.
«Antonio bere nanaserazko hiztegia osatzen ari zela ezagutu genuen elkar. Topografoa zen, eta lan handia bazuen ere, denbora ateratzen zuen hizkuntza ikertzeko», diosku Vesna Ljubic-ek. Sammartinoren alarguna da. Duela hiru urte erretiratu aurretik, Vesnak kroazierazko eskolak ematen zizkien Montemitroko haurrei. Egitasmoa bera joandakoan itzali zen, baina hizkuntza ekintzaile sutsuak lanean dihardu, beti Adriatikoaren bi ertzak lotzen dituzten proiektuetan. «Europan gutxiengo kroaziar-molisarra sustatzea» helburu duen fundazio bateko kide da. Besteak beste, kroaziar hizkuntza-ikastaroak, argitalpenak, erakusketak, kultura-jaialdiak eta nanaserazko poesia-lehiaketak egiten dituzte.
Zagrebarrak Montemitron paseatzeko gonbita luzatu digu. Harrizko kale estu eta bihurriak dira, aldapatsuak denak. Bigarren Mundu Gerran eroritako herriko gazteen izenak ikusi ditugu, marmolez grabatuta. Hainbat etxetako ateetan, berriki joan direnen eskelak itsatsi dituzte. Han-hemenka, harrizko etxeen itzaletan, egurrezko bankuak daude. Italierazko eta nanaserazko poemez josi dituzte beren bastidoreak. «Etxe honetakoak urrea aurkitu zuen Australian eta ia jauregi bihurtu zuen berea», diosku Vesnak. Emigrazioa izan da, hain zuzen, Italia hegoaldeko herritar askoren irtenbidea. «Erromarantz edo iparraldeko hiriburuetarantz jo dute askok. Montemitron etxea mantendu arren, gero eta nabarmenagoa da herriaren eta, oro har, eskualdearen despopulazioa» damu du kroaziarrak.
Montemitroko kale altuenetik, teilazko itsaso baten gainean, Adriatikoa ikusten da. «Berrehun kilometro besterik ez dira Kroaziaraino», dio Vesnak, begiak beste ertzean ainguratu ostean. Handik etorri zen duela hogei urte, eta nostalgia agerikoa du. Esan liteke hizkuntza izan duela aterpe kroaziar honek. Urte erdi kostatu omen zitzaion nanasera arazorik gabe ulertzea, hizkuntza Italia hegoaldeko ahots erromantzeekin nahastu baita mendeetan zehar. Adituek diote Kroaziako Adriatikoko uharteetan eta kostaldean hitz egiten denaren oso antzeko aldaera batetik datorrela. Nanaserak turkiar mailegurik ez duenez, otomandarrak Balkanetara iritsi baino lehenagoko garai batean koka daiteke.
Kalean behera goazela, ezinbesteko geldialdia egin dugu Nas Grad («gure herria») circulo ricreativo-an. Karta partida eta ardo zurruten artean, bertan elkartzen dira herrian gelditu direnak eta «asteburuetako» molisetarrak. 60 urte bete berri dituen Gabriel Pescaran bizi da, baina asteburuero bueltatzen da herrira. «Nanaseraz hitz egitea aire freskoa arnastearekin konparatzen dut beti», diosku. Besteak beste, herrian bizi den Antonekin elkartzen da. «Kroaziarra» ez, «hizkuntza eslaviarra duen italiarra» dela berretsi digu azken horrek. Herrian kroaziar banderak paratzea «ergelkeria hutsa» dela errepikatu du. Dagoeneko jakin badakigu: identitatearen auzia uste baina korapilatsuagoa da Italiako bailara hauetan.
Moliseko eslavieraz idatzitako olerki batzuk bidali dizkiogu Marc Casals-i. Zagreben bizi den kazetari eta idazle katalanak idazle kroaziar batzuen lana gaztelaniara ere itzuli du. Esanahia harrapatzen diela diosku, hitzen erdiak ulertzen dituela, gutxi gorabehera. Aldi berean, hizkuntza izendatzeko na našo formula oso interesgarria iruditu zaio.
«Jugoslavia ohiko ‘serbokroaziera-kroatoserbiera’ izen ofiziala galdu egin zen, eta kaotikoa da oso oraingo egoera. Jendeak dio ‘bosnieraz’, ‘kroazieraz’, ‘montenegroeraz’ eta ‘serbieraz’ hitz egiten duela, baina horrek ez du esan nahi hizkuntza desberdinak direla uste dutenik. Egoera sinplifikatzeko eta arazoak saihesteko modu bat naš jezik (‘gure hizkuntza’) deitzea da edo, besterik gabe, naš (‘gurea’), Molisen bezala», azaldu digu katalanak.
Balkandarrak, italiarrak… Adriatikoaren seme-alabak dira denak. Mussolinik «italiar itsaso» bihurtzea zuen amets, bere bi ertzak mendean hartuz. Ezinezkoa da, ordea, Europa germaniar, latindar eta balkandartik edaten duen magma-isuria baita. Claudio Magris idazle italiarrak «mikrokosmos» bat zela zioen, eta «miniaturazko planeta» deitu ohi dio Robert Kaplan estatubatuarrak. Egia da Adriatikoaren tamainak ez duela irudikatzen, inondik ere, bere benetako dimentsioa. Montemitroko taberna bakarrean, honako hau entzun dugu: «Hanka bat ertz honetan daukat, eta hango hartan bestea». Fabiana Georgietta tabernariaren hitzak dira.
Oroitzapena gorde
Montemitron ez bezala, San Felicen ez dago kroaziar banderarik, ez eta errotulazio elebidunik ere. Era berean, erraz egiaztatu dugu hizkuntza helduenen artean baino ez dagoela bizirik, eta nekez. «Mahai horretan partidan ari diren zortzi aitona-amona horietatik bakarrak hitz egiten du», esan digute Bibaculus tabernako barratik. Herriko erdigune neuralgikoa den horretan, adinekoak dira gehienak. Gazteak joan egiten dira. Lana ez dago faltan ez landa-eremuan, ez itsasoan, baina ez dago beste zeregin askorik. «Klima ona da eta paisaia ederra, ezta? Ezin gara kexatu», entzun dugu.
Hamabi kilometro besterik ez dira Montremitro eta Acquaviva artean, baina 40 minutu behar ditugu iristeko. GPSak iradokitako bidea hesi batek moztuta zegoela ikusi ondoren, atzera jo eta zuloz jositako errepide estu hartatik jo dugu. «Molisera turistak erakarri? Nork igaro nahi ditu oporrak errepide hauetan?». Hori ere entzun dugu. Tira, Acquavivan gaude, azkenik. Nicola Neri omen da herriko seme ospetsuenetako bat. Medikua eta idazlea izateaz gain, bere hizkuntza nahiz Napoliko Errepublikaren defendatzaile sutsua izan zen Neri, 1799an exekutatu zuten arte. Plazaren erdian ikusi dugu, marmolezko plaka batean. «Nemjote zabit nas lipi jeziki» («Ez ahaztu gure hizkuntza ederra») irakurri dugu horretan, italierazko itzulpenaren alboan.
Mezuak kontzientziak astintzen jarraitzen du, batez ere Oscar Vetterena. 38 urteko udal langilea nanaseraren hiztun gazteenetako bat ere bada Acquavivan. Autobus geltoki alboko terraza batean genuen hitzordua, baina ordu laurdeneko atzerapenaz bertaratu da. Erlojuaren kontra ari da lanean proiektu bat epe barruan entregatzeko: artista kroaziarrak gonbidatu nahi ditu Acquavivara, bertan sortu dezaten. Artea sustatu baino gehiago, galtzen ari den harremana berreskuratu nahi du Oscarrek. Gogoan du oraindik irakasle kroaziarrak hona etortzen zireneko garaia. «Urtebete ematen zuten, baina egun inork ez du etorri nahi», damu du gazteak.
Bada, ez al luke kroaziar estandarraren irakaskuntzak nanaseraren berezitasuna urratuko? Dagoeneko bost mende eman ditu kapsula latindar batean, galaxia eslaviarretik deskonektatuta. Oscarrek aitortu digu ez dela konponbide ideala, baina kultur oinarri bat eskaini ziola berari umetan. Ez da nahikoa izan.
«Duela ez hainbeste, herriko norbaitekin ezkontzen ziren kanpotarrek nanasera ikasten zuten, baina gaur ez da horrela. 20 eta 40 urte bitarteko herriko jendeak ulertzen du, baina ez du hitz egiten. 20 urtetik beherakoentzat, aldiz, beste garai bateko oihartzuna da, ia ia», azaldu du. Molise osoan 600 bat hiztun baino ez direla azpimarratu du.
Nanaseraren biziraupena kinka larrian ikusten al du Oscarrek? Jakina, baina errealista da, bai eta zintzoa ere. Ez du errudunik bilatzen kanpoan, ez Erroman ez beste inon. «Oso gutxi gara, eta are gutxiago hizkuntzarekiko interesa dugunok. Jende gehienari berdin zaio», bota digu. Hizkuntza bizirik mantentzea baino gehiago, bere oroitzapena gordetzea da erronka nagusia egun. Hori ere bere ahotik entzun dugu.