INFO

Disko musika, purpurina eta ezinezko maitasunak

SOLO
Kanada. 2023. 101’. Zuzend. eta gidoia:
Sophie Dupuis. Aktor.: Theodore Pellerin, Felix Maritaud, Anne-Marie Cadieux, Tommy Joubert. Musika: Charles Lavoie. Argazkia: Mathieu Laverdiere.

Theodore Pellerin aktorea Simon pertsonaia gorpuzten. (Axia Films)

‘Solo’ Sophie Dupuis gidoilari eta zuzendari kanadarraren film berria da. Giza harremanak ardatz dituzten ‘Faillir’, ‘Chien de garde’ eta ‘Souterrain’ film luzeengatik egin da da ezaguna. Bere filmografian beti erakutsi du sentimenduen eta harreman pertsonalen mundu liluragarri baina konplexuekiko interes berezia. ‘Solo’ -rekin, 2023an Torontoko Nazioarteko Jaialdian Kanadako Film Onenaren saria jaso zuen.

Simon da protagonista nagusia, Montrealeko drag eszenan susperraldian dagoen izar berria. Bi maitasun ezinezkoren etsipenari aurre egin beharko dio: Oliver-ekin duen maitemintze sutsu baina suntsitzailea eta Claire amarekin duen harreman hotza, 15 urte kanpoan eman ondoren, berriz ere berarekin bizitzera etorri baita. Aurreko bi filmetan bezala, Theodore Pellerin aktore fetitxea du protagonista.

Sophie Dupuis-k harro aipatzen du «aktore zerrenda Kanadako ekoizpen batean inoiz bildu den ‘queer’-ena» dela eta filma «alaia, musikala, bizia, emozioen zurrunbiloa! Disko musikaren erritmoak eta purpurinak bultzatutako istorio zalapartatsua» dela dio.

Hausnarketarako bidea

Filma aurtengo Iruñeko Zinemaren eta Emakumeen Nazioarteko Erakusketan eman zuten eta proiekzioaren ondorengo solasaldirako gonbidatua Albina Stardust izan zen, Burlatako drag artista eta aktibista trabestia. Pelikularen gaiak eztabaidarako edota hausnarketarako bidea ematen duenaren seinale.