Flamasatsek ez du Agoizko lantegia martxan jarriko, «erabaki guztiz ulertezina» Udalarentzat
Agoizko alkateak azaldu duenez, uztailaren 6an Flamasats enpresak jakinarazi zuen ez zuela martxan jarriko aurreikusita zegoen lantegia. Alkatearen hitzetan, «erabaki guztiz ulertezin eta logikarik gabeko horrek oso egoera delikatuan utzi ditu, beste behin ere, Agoitz eta eskualde osoa».
Joan den uztailaren 6an, Flamasats enpresak jakinarazi zuen ez zuela aurrera eginen bere hedatze planarekin, hots, ez duela abian jarriko Agoizko lantegi hori.
Agoizko alkatea den Angel Martin Unzuek ohar batean ostiral honetan azaldu duenez, «Flamasatsek eskatuta, uztailaren 4an Gobernuarekin, Sodenarekin eta Udal honekin egindako bileran, erabaki horren berri eman ziguten, ekoizteko karga nabarmen jaitsi zela argudiatuz».
«Erabaki guztiz ulertezin eta logikarik gabeko horrek oso egoera delikatuan utzi ditu, beste behin ere, Agoitz eta eskualde osoa, eta atzera egite handia da, industriagintzaren garapenari dagokionez», nabarmendu du.
Izan ere, duela urte eta erdi, 2023ko otsailean, Flamasatsek baieztatu zuen Siemens-Gamesaren nabeak erosi zituela, pizgailu planta bat sortzeko. Aurreikusitako inbertsioa 40 milioi euro ingurukoa zen, eta 250 bat lanpostu sortuko ziren. Nafarroako Gobernuak foru intereskotzat jo zuen proiektua, eta Ingurumen Baimen Bateratua eman zion, hain zuzen ere, proiektua erretiratuko zela iragarri baino astebete lehenago. Une horretatik aurrera, baimen guztiak zituen egokitze lanak egiteko eta ekoizpen lineak martxan jartzeko.
Alkatearen esanetan, «albiste oso txarra da Agoitzentzat eta bere eskualdearentzat, eta duela lau urte Siemens-Gamesa itxi zutenean genuen egoera berberara eraman gaitu. Siemens-Gamesa itxi zuenean 239 langile kalean gelditu ziren, eta palak birziklatzeko planta bat egiteko proiektua planteatu zen, «baina horrek ere huts egin zuen, azkenean Nafarroako Erriberan kokatu zelako. Etsipena, berriz ere!».
«Nafarroako Gobernuaren agendan lehentasuna izan behar du Agoitzen eta eskualdean industria bultzatzea, eta egoera zail honetatik ateratzeko ahalik eta azkarren lan egin behar dugu. Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu nabe horietara proiektu berri bat erakartzeko lan egitea; aldi berean, finantza erakundeen esku dagoen industria lurzorua (publiko bihurtzea, Madergia enpresarekin egin den bezala, dibertsifikatzeko eta beste enpresa batzuk erakartzeko», azpimarratu du Unzuek.