Jokin Altunak ere «maite zaituzte oraindik»
Partida handi eta gogor batean Peio Etxeberria eta Zabaletari 22-18 irabazita, amezketarrak eta Martija handi batek sanferminetako binakako finalerako txartela eskuratu dute.
Egoera oso desberdinetan, 1967ko Bertsolari Txapelketa nagusiaren finalaren solemnitatean Xabalbadorrek, eta Labriteko sanferminetako kaosean Jokin Altunak, hasierako txistuak txalo bihurtzeko bertutea izan dute. Sailetik apartekoak dira biak, baina Atano III.eko bertsozaleek ez zuten ulertu bere garaian epaileek Uztapideren aurkako azken buruz burukoa jokatzeko Urepelekoa hautatu izana, hein handi batean, bere euskalkia arrotz zitzaielako. Gaizki ulertutako etsaitasun batetik eta Labriten ematen den festa eta zurrut girotik aparte, zaila egiten da amezketarrari txistuak jotzeko taxuzko arrazoi bat topatzea, baina aurrelari gipuzkoarrari ere tokatu zaio azkenaldian zaleen gaitzespena entzun behar izatea. «Txistuak jo dituzue baina, maite zaituztet oraindik». Oin borobil horrekin poltsikoratu zituen Urepeleko artzainak hasieran kontra zituen bertsozaleak eta Jokin Altunak kantxan emandako beste erakustaldi batekin lortu du zarataren gainetik geratzea. Martija bikain batek lagunduta, Peio Etxeberria-Zabaletari 22-18 gailenduta, sanferminetako torneoko lehen finalistak dira amezketarra eta etxeberritarra, partida gogor bezain estu eta eder baten ostean.
Tamalez txistulari batzuek euren burua lotsarazten jarraitu badute ere, –Altunak babes oihuak ere izan ditu– azkenerako pilotarien kalitateak bigarren plano batean utzi du Labriteko gehiegizko anabasa. Altunaren klaseak eta gaitasun fisikoak, Martijaren defentsa eta aparteko freskotasunak –oso indartsu amaitu du–, Peio Etxeberriaren erritmoak eta Zabaletaren eskuinkadek, denek merezi izan dute txalo zaparrada bat, baina azkenerako finalerako txartela gorrientzat izan da.
Gogorra bezain ederra
Hasi eta buka, Binakako txapelketako finaleko errepikapena oso gogorra izan da, aurrelariek ez dute izan, agian, ohiko distirarik errematean, baina tanto ikusgarriak ikusi ditugu. Atzean Zabaletak gehiagotan agindu du eta bera izan da, lehen erdian behintzat, tantorik gehien egin duen pilotaria, baina Martijak bikain egin dio aurre, pilota asko ezker paretara baztertuz eta defentsa lan bikaina eginda.
Peio Etxeberria izan da, hasiera horretan, jokoan galduen ibili dena, erritmoa jarri bai, baina tantoa amaitzerakoan dezenteko zailtasunekin. Altunaren zenbakiak ere ez dira inor itsutzeko modukoak izan, baina bai asmatu duela ultzamarrari mina egiten, eskuina bilatuz. Bederatzinakoan egin du Zenotzekoak lehen tantoa jokoan, pilota atzean ipinita eta partidari aurpegirik galdu gabe, gorantz egin du pixkanaka.
Gauzak horrela, lehia ezin orekatuagoa izan da, markagailuan gorabehera askorekin eta lehen atsedenaldi luzera 447 pilotakada gurutzatua heldu dira (11-12). Aldagelatik bueltan, une batez urdinak partida hausteko zorian egon dira 11-14 aurreratu direnean, baina Jokin Altunak bikotearen zama bizkarreara bota eta bigarren atsedenaldira partida amaieran behar zuten hiru tantotako aldearekin joan dira, 18-15, amezketarrak aurrean gehiago asmatuta.
Baina indarrak gortuta egonagatik, urdinek ere izan dute erreakziorako ahalmenik eta, zorte pixka batekin izan bada ere, lehia berriz ere hemezortzina berdindu ahal izan dute egindako beste hiru tantorekin. Hortxe geratu dira, ordea, egungo binakako txapeldunen finalerako aukerak. Zabaletari eta Peiori pilota banak ihes egin die, Julen Martijak bere partida bikaina beste pilotakada handi batekin borobildu du eta Jokin Altunak jarri dio amaiera partida latz bati sake-errematean lortutako tanto batekin, hori bai, igandean kaiolan txokoan izan zen bitartean, gaur zabalera ondo gurutzatuta amaitu du. Udazkena aurretik, Labritek Altunaz gozatzeko beste aukera eder bat izango du, nahiz eta batzuek halakorik ez merezi.
Morgaetxebarriak bi urterako berritu du Baikorekin
Baikok jakitera eman duenez, Aimar Morgaetxebarriak, 2022ko uztailean Amorebieta IV.ean debuta egin zuen Zornotzako atzelariak beste bi urtez jarraituko du Bilboko enpresan pilotari profesional bezala. «Duela bi urte Baikok betidanik nire ametsa izan den debutatzeko aukera eman zidan eta egia esan asko ikasi dudala, baina orain beste bi urte ditut aurretik pilotari bezala hezten jarraitzeko aprobetxatuko ditudanak. Oso eskertua eta ilusio handiarekin nago», adierazi du Morgaetxebarriak.
Atzelariak ostiral honetan bertan estreinatuko du kontratu berria Iruñean, Zubizarreta III.arekin batera, Egiguren V-Gaskue bikotearen aurka jokatuko baitu, jaialdiko hirugarren partidan.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna-Martija: 22
Peio Etxeberria-Zabaleta: 18
Pilotakadak: 779. Iraupena: 83,36 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-5, 3-5, 3-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 9-10, 11-10, 11-14, 13-14, 13-15, 18-15, 18-18, 22-18 . Sakeak: 1 Altunak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 9 Altunak, 2 Martijak, 5 Peio Etxeberriak eta 7 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Altunak, 1 Martijak, 4 Peio Etxeberriak eta 5 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera guztiak agortuak Labrit pilotalekuan. Lehen sakea urdin. Gaur ere izan da Jokin Altunari zentzurik gabe txisturik jo dionik, baina amezketarrak aldekoak ere izan ditu.