INFO

Sexu erasoen biktimei laguntzeko bigarren zentro publikoa aurkeztu dute Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak sexu indarkeriaren biktimei arreta publikoa emateko zentro berria aurkeztu du ostiral honetan, Bilbon. Zentro horrek biktima horien krisi egoeretarako arreta zentroa osatzen du.

Sexu erasoen biktimei laguntzeko zentro publikoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak sexu indarkeriaren biktimentzako bigarren zentro bat aurkeztu du ostiral honetan, Herritarren Arretarako eta Osaketa Integralerako Zentroa, krisialdietan espezializatutako lehen zentroa ireki zenetik zazpi hilabete igaro ondoren.

Arreta publikoan espezializatutako zentro berri honek informazioa, aholkularitza soziojuridikoa, laguntza psikologikoa eta itzulpen zerbitzuak eskainiko dizkie sexu indarkeria jasan duten 18 urtetik gorakoei zein beherakoei.

Halaber, aholkularitza ematen die gizarte, osasun, lege eta hezkuntza zerbitzuetako profesionalei, bai eta biktimaren senideei eta ingurukoei ere.

Teresa Laespada diputatu nagusiorde eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak zentroaren aurkezpenean adierazi duenez, «biktimek erabakiko dute nola artatu nahi dituzten».

Zerbitzu hori aurrez aurre zein posta elektronikoz, telefonoz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunez egongo da eskuragarri.

Aldundiak krisi egoeretan sexu indarkeria jasaten duten biktimei laguntzeko zentro bat jarri zuen eskuragarri duela zazpi hilabete, baina konfidentzialtasun berezia du, egoitza plazak eskaintzen baititu biktimentzat.

Laespadak adierazi duenez, lehenengo zentro hori ireki zenetik, guztira 263 kontsulta izan dira eta 105 pertsonari ireki zaie espedientea. Orain arte, sexu indarkeriarekin lotutako egoerengatiko laguntza psikologikoko zerbitzuan 113 pertsona artatu dira, horietatik 26 adingabeak.

Zentro berri hori irekitzearekin batera, Foru Aldundiaren Sexu Indarkeriaren Biktimei Laguntza Integrala emateko Zerbitzua osatu da. Proiektu hori Emakunderen koordinazioarekin eta 2,5 milioi euroko inbertsioarekin osatu da.