INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Fidel Fernandez, gaixotasunari ere aurre eginez, eta Chelo Velasco, Beasainen irabazle

Kantauriko kostaldetik mendebaldera eginez, Kantabria eta Asturias aldera joan dira aurten Ehunmilak Ultra Trailaren sariak. Fidel Fernandez eta Chelo Velasco, hurrenez hurren, gailendu dira gizonezkoen eta emakumezkoen probetan, 171 kilometroak gainditu ostean.


Fidel Fernandez Varela kantabriarrak irabazi du Ehunmilak 2024ko Ultra Traila, 23 ordu, 26 minutu eta 7 segunduko denbora markatuz. Ibilbidea 171 kilometrotakoa da. XIII. edizioa izan da aurtengoa. Emakumezkoetan Chelo Velasco asturiarra nagusitu da, gauerdian bukatu duen lasterketan: honek 29 ordu, 19 minutu eta 53 segundu behar izan ditu ibilbidea osatzeko.

Ezaguna da Fidel Fernandez Beasainen, duela bi urte jada taldekako lehiaketan irabazle atera baitzen, eta iaz G2H proban azkarrena izan zelako. 42 urte ditu.

Azken hilabeteotan, gainera, erronka berri bati egin behar dio aurre, esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotelako duela urte pare bat.

Igon Manzisidor zumaiarra izan da bigarren, iaz bezala. Ia irabazleak baino 20 minutu gehiago behar izan ditu. Hirugarren postuan, David Calero andaluziarra.

Taldekako proban aurtengo irabazleak Club Ciclista Luis Bailló-ko kideak izan dira. Lan itzela egiten duen antolakuntzarako albiste pozgarria ekarri du atal honek, etxeko taldea, Beasaingo Bealak, hirugarren postuan sailkatu delako.

Aurten guztira 16 herrialde ezberdinetako 1.313 korrikalarik eman dute izena. 426 partaide Ehunmilak Ultra-Trail proban aritu dira, 537 lagun Goierriko Bi Haundiak delakoan eta 350 Marimurumendi maratoian.

GBHri dagokionez, Ioseba Eskudero Perez helmugaratu da beste inor baino lehenago gizonezko proban, eta Mayi Mujika Errasti emakumezkoan.