Berrikuntza eta ekintzailetza industrialeko Hirekin zentroa inauguratu du MUk
Mondragon Unibertsitateak berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentroa inauguratu du Arrasaten. 6.000 metro koadroko instalazioak ditu eta bederatzi milioi euro inbertitu dituzte.
Mondragon Unibertsitatearen berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentroa inauguratu da astelehen honetan Arrasaten, erakundeetako eta enpresaren eta ekonomiaren arloetako ordezkari ugari bertan zirela. Zentroak Goi Eskola Politeknikoa du buru, eta ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta ingurumen, ekintzailetza eta berrikuntzako jasangarritasuna izango ditu oinarrian.
Zentroak industriaren eta sektore teknologikoaren deskarbonizazioan, digitalizazioan eta jasangarritasunean lagunduko du, «industria jasangarriaren arloko balio erantsi handiko erreferentziazko zentroa» izatea baita asmoa. Horretarako, ekintzailetza, barne ekintzailetza, hezkuntza eta hainbat eragileren arteko ezagutza transferentzia ahalbidetuko duen lankidetzako eredu irekia bultzatuko ditu.
Hirekin-en instalazioek 6.000 metro koadro dituzte, industria espazio handi batekin, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornituta. Halaber, lantegi eta zenbatze gelak dituzte, baita baterako sorkuntzarako guneak eta bilera elak ere, besteak beste.
Bere arduradunek jakinarazi dutenez, proiektuan bederatzi milioi euro inbertitu dira. Hasiera batean 25 eta 40 pertsona artean arituko dira zentroan, eta aurrerago beste ikertzaile eta ekintzaile batzuk batuko zaizkie. «Zentroa erreferentziazkoa izango da industriaren eta teknologiaren arloetako ekintzailetza eta berrikuntza jasangarriko proiektuen garapenean, baita prototipoen lanketan ere», adierazi dute.
Datorren ikasturtearen hasierarako, digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta berrikuntza teknologikoaren enpresa proiektu bana ditu aurreikusita Hirekin zentroak. Industriaren egungo erronkei aurre egitea eta «eragin handiko irtenbideak» sortzea izango da helburua.
Zehazki, teknologia, produktu eta ekoizpen prozesu berriak garatzeko, prototipatzeko eta industrializatzeko proiektuak izango dira, espezializazio maila handikoak eta bolumen, pisu edo ingurune baldintza handiei erantzuteko gai diren guneak behar dituztenak. Hemendik lau urtera, 2028-2029 ikasturtera bitarte, zentrotik 36 proiektu, 54 ekintzaile eta 67 ikasle igarotzea aurreikusi dute.
Zentro berria enpresen, ekintzaileen, ikertzaileen eta Goi Eskola Politeknikoko zein Mondragon Unibertsitateko beste fakultateetako edo beste unibertsitate batzuetako ikasleen arteko lankidetzarako gune gisa sortu da, «industria jasangarri baten eta ekonomia lehiakorrago baten alde lan egiteko». Horiek guztiek sarean egingo dute lan, «industria jasangarri baterako beharrezko trantsizioa ahalbidetuko duten ekintzailetzako eta barne ekintzailetzako proiektuak garatzeko».
Proiektu irekia denez, enpresek eta erakundeek zentroari atxikitzeko aukera dute, aholku mahaiko parte-hartzaile gisa, estrategian laguntzeko; babesle moduan, ikasleentzako eta ekintzailetza proiektuetarako bekak emanez, edo sustatzaile gisa, proiektuak erakartzeko eta gobernantzan beren ikuspegia emateko gaitasunarekin, kooperatiben balioetan oinarrituta betiere.
Sustatzaileak
Mondragon Unibertsitateak zuzenduko du Hirekin zentroa, eta hainbat eragile sozioekonomikok eta euskal erakundek sustatu dute.
Oraingoz, proiektuaren bultzatzaileak dira Mondragon Korporazioa, Saiolan, Laboral Kutxa, Fagor Taldea eta haren Gizabidea Fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbaian, Krean, Orbea, Garaia Parke Teknologikoa, zentroaren sustatzaileak (Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Mondragon Sustapen Zentroa. Dena dela, proiektu irekia izanik, espero dute gerora erakunde eta enpresa gehiagok bat egitea.