INFO
Entrevista
Aitor Aritzeta
«Emo-oroitu» liburuaren egileetako bat

«Emozioak landuz gure oroimen gaitasuna hobetu dezakegu»

Aitor Aritzeta Psikologian doktorea da. Emozio eta gaitasun sozio-emozionalen irakaslea Psikologiako Graduan, EHUn. Qualiker ikerketa taldeko kidea. Bertatik sortu da, talde lanean, «Emo-oroitu, adineko pertsonen gaitasun sozio-emozionalen sustapena narriadura kognitiboaren prebentziorako» liburua.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

«Zenbat urte ditudan? -Berdin dio horrek!/ Nahi dudan eta sentitzen dudan adina dut!/ Pentsatzen dudana beldurrik gabe oihuka dezakedan adina./ Nahi dudana egin dezakedan adina, porrotari edo ezezaguna denari beldurrik izan gabe.../ Bizi izandako urteen esperientzia dut, eta nire nahien uste osoaren indarra».

Hala hasten da «Emo-oroitu» liburuan jasotzen den Jose Saramagoren poema ederra, «Zenbat urte ditudan».

Emo-Oroituren esku hartzea taldeka egiten dugu, eta partaideei oso hunkigarria egiten zaie poema hori. Ozen irakurtzen dute, eta gero sentitzen dituzten emozioak partekatzen dituzte. Hor sortzen da talde sentimendu oso polita.

Nahiz eta zahartzaroan ez egon, iristen den poema bat da, liburua bezala.

Bertan lantzen diren gaitasunak unibertsalak dira. Edonorentzat da ona emozioak erregulatzeko gaitasunak ikastea, edo komunikazio emozional egokia edukitzea, esaterako.

Emozioak eta oroimena estu lotuta daude.

Gertakizun emozional indartsuek oroimenean aztarna handiagoa uzten dute eta, horregatik, errazago oroitzen ditugu. Ikusi izan da emozioekin lotutako gertakizunak direla azkena ahazten direnak narriadura kognitiboan. Horregatik erabaki genuen “Emo-oroitu” izenburua jartzea, ideia hori transmititzeko: emozioen bitartez oroitzea eta, horrekin batera, emozioak landuz gure oroimen gaitasuna hobetzea.

Gure inguruan 65 urtetik gorako pertsonen proportzioa 2020an %19,6 izatetik 2050an ia bikoitza izatera igaroko da.

Gure inguruan, dementzia duten pertsonen kopuruak nabarmen egingo du gora, 2050ean biztanleriaren %4ra iritsi arte. Gero eta beharrezkoagoak dira, hortaz, halako ekimenak. Liburuan, esku hartze programa baten bitartez, pertsonen gaitasun sozio-emozionalak lantzea eta indartzea proposatzen dugu, zeren eta badakigu zenbat eta gaitasun sozio-emozional indartsuagoak eduki, orduan eta gehiago txikitu dezakegula narriadura kognitiboarekin lotutako sintomen inpaktua. Oraindik inplementatzen eta ebaluatzen ari garen programa bat da, baina literaturan ikerketa ugari egin da non erakusten den, gaitasun sozio-emozionalak baldin badituzu, zure prozesamendu kognitiboa eta komunikatzeko gaitasuna hobea dela, eta horrek laguntzen dizu alzheimerrarekin eta narriadura kognitiboarekin lotutako sintomak gutxitzen.

Eritasun horien prebentziorako ikuspegi multifaktoriala behar da.

Proiektua 2018. urtean abiatu zen. CITA Alzheimer Fundazioak Finlandiako “Finger” proiektua euskal herritarrentzat egokitu zuen. Bertan, ikuspegi multifaktorial horretatik, lau aldagai lantzen zituzten: arrisku-faktore kardiobaskularren kontrol zorrotza; entrenamendu kognitiboa; entrenamendu eta jarduera fisikoa; eta elikadura ohiturak aldatzea. Jada frogatua zuten eragin positiboa zutela alzheimerra bezalako sintomatologia larriak atzeratzeko. Eta guk, EHUko Psikologia Fakultateko Qualiker ikerketa taldeak, erabaki genuen bosgarren faktore bat gehitzea: gaitasun sozio-emozionalen entrenamendua. Honen diseinua, inplementazioa eta ebaluazioa jasotzen da liburuan. 16 saio proposatzen ditugu.

Liburua hiru zatitan egituratuta dago. Lehendabizikoan, oinarrizko kontzeptu batzuk aurkezten dira. Adibidez, zer da zahartze aktiboa?

Zahartzen zaren heinean gertakizun bital batzuk gertatzen dira: hurbileko batzuk hiltzen dira, gaixotasunak agertzen dira, zure gaitasun fisiko eta mentala gutxitzen doa, eta horrek guztiak inpaktu bat du zure bizi kalitatean. Horri aurre egiteko, baliabideak eskuratu behar dituzu. Alde batetik, baliabide sozialak, lagunak galtzen badituzu berriak egin behar dituzulako, familiakideak hiltzen badira beste harreman sozial batzuk ireki behar dituzulako. Bestetik, gaitasun fisikoak galtzen dituzun heinean, ariketa fisikoa egin behar duzu. Afizioak ere aldatzen joan daitezke, betetzen zaituzten gauzak aurkitu behar dituzu. Finean, zahartze aktiboa lotuta dago bizitzako erronkei aurre egiteko baliabideak lortzeko prozesuarekin.

Zenbateko garrantzia du gaitasun sozio-emozionalaren sustapenak zahartzaroan?

Oso handia. Jakin badakigu hautatu ez den bakardadeak eragin psikologiko oso gogorra duela: depresio prozesuak aktiba ditzake, eta depresioak narriadura kognitiboarekin lotuta dauden gaixotasun guztiak azkartzen ditu, sistema immunologikoa asko jaisten delako. Gaitasun sozio-emozional inportante bat da bakardadeari aurre egiteko estrategiak barneratzea. Tristura handia duzunean, pentsamenduek auto-boikotatzen zaituztenean, larritasuna sentitzen duzunean, gaindituta sentiarazten zaituzten emozio horiek erregulatzeko gaitasunak barneratzea ere oso inportatea da bizi kalitate ona edukitzeko. Osasun fisikoa eta mentala oso lotuta daude osasun emozionalarekin.

Liburuaren bigarren atalean, hirugarren adinekoei zuzenduta gaitasun sozio-emozionalak sustatzeko programen inguruan egindako berrikuspen sistematikoa azaltzen da.
Munduko literatura zientifikoan argitaratutako artikuluak aztertu, eta topatu genituen guztietatik, ehunka izan ziren, 17rekin gelditu ginen. Hobekien funtzionatzen zutenak aukeratu, euskal populaziora egokitu, eta gure ekarpen propioa egin genuen.
Hirugarren atalean, Emo-oroitu esku-hartze programaren diseinua azaltzen da. Beasainen aurkeztu duzue liburua, bertan egin zelako, 2018 eta 2020 artean, «Goiz zaindu» ikerketa pilotua.

Programa hau lehen aldiz egin genuen Beasainen, bertako Udalak lagunduta, pandemia ostean, 2020 amaieran. Baldintza kaskarretan egin zen, ze adinekoek lagunak galdu zituzten eta oso hauskor zeuden. Hainbat ekintza pilotatu genituen, Udalari eta beasaindarren parte-hartzeari esker.

Nolakoa izan da talde-lana?

Oso aberatsa. Rolak oso ondo banatu genituen. Euskarazko bertsioan, Nahia Ros ikerketa hau inplementatzen eta tesia egiten ari da. Goretti Soroa, Fatima Maria Garcia-Pena eta ni pilotajearekin hasi ginen, eta programaren diseinuan eta liburuaren eraikuntzan aritu gara. Janire Erasun eta Amaiur Olarza errebisioarekin ibili dira, eta Nekane Balluerka eta Arantxa Gorostiaga ikerketa kudeatzaile eta gainbegiratzaile aritu dira. Oso ondo ulertu dugu elkar.

Lau babes faktore aipatzen dituzue: osasuna eta independentzia fisikoa, funtzio kognitiboak, afektibitatea eta kudeaketa emozionala, eta inplikazio soziala.

Lau faktore horiek egunerokotasunean landuz gero, probabilitate txikiagoa izango duzu osasun arazoak edukitzeko. Adimen emozionala baliabide boteretsutzat har daiteke, izan ere, mantendu edo hobetu ere egiten da.

Bizitzaren amaieraren kontzientziaren aurrean, pertsona esanguratsuekin harremanak izateko lehentasuna sortzen da.

Gazteagoak garenean iruditzen zaigu denbora amaigabea dela, baina adinarekin badakigu gure eskura dugun denbora murritza dela, eta, beraz, lehentasunak jartzen ditugu. Zure balio hierarkia aldatzen da, oso gauza gutxik hartzen dute garrantzi handia, eta horiek enfokatzen dituzu.

Fitxak eta saioak jarri dituzue liburuaren osagarri. Erein argitaletxearen webgunean daude eskuragarri, doan.

Ereinek lan fina egin du, eta eskuragarri jarri du liburuko bloke bakoitzaren material guztia. Edonork har dezake liburua, fitxak deskargatu eta ekintzak egin bere gaitasun sozio-emozionalak hobetzeko.

Proiektuarekin aurrera jarraitzen duzue.

2022an hasi ginen, eta jada 500 pertsona inguru trebatu ditugu. Gure asmoa da 2025 bitartean 1.000 pertsona trebatzea. Talde batzuek saio guztiak egin dituzte, eta ebaluazioa egin dute. Oso ederra izan da, partaide batek esan duelako ikerketa honek bere bizitza aldatu duela. Beste partaide batzuek esan digute esperientzia honek beren buruaren eta ongizatearen jabe egiten lagundu diela. Oso pozik gaude.

[Saramagoren poema hala amaitzen da: «Zenbat urte ditudan? Nori axola dio horrek?/ Beldurra galtzeko eta nahi dudana eta sentitzen dudana egiteko beharrezkoak diren urteak ditut./ Zer axola dio zenbat urte dudan?/ Edo zenbat espero ditudan,/ baldin eta nire urteekin ikasi badut behar dudana nahi izaten eta soilik ona dena hartzen»].