INFO

Landak: Itsasoaz gozatzeko aukera asko eskaintzen dituen kostaldea

Udara ez da surf egiteko sasoi hoberena, olatuak txikiak izaten dira eta jende pilaketak ugariak dira. Ordea, Euskal Herritik oso gertu surflarientzat aukera asko eskaintzen dituen kostaldea aurki dezakegu: Landak. Bodyboard egiteko ere leku bikaina da.

Surflari Ernegatua Hossegorreko La Graviere hondartzako olatu batean. (Haritz LARRAÑAGA)

Udan surf egitera joateko leku aproposa dira Landak. Euskal Herria eta Frantzia bereizten dituen Aturri ibaia zeharkatu ostean, hondartza amaigabeak hasten dira. Landetako itsasertzak 106 kilometro ditu eta Europako hondartza luzeena da. Kostalde horretan ehunka urautsi daude eta, gainera, haietako askok tuboak egiteko aukera eskaintzen dute, soilik aurkitu egin behar dira.

Erreferentzia moduan, Donostia eta Hossegor artean 80 kilometro daude. Baionako ibaia igaro ostean autobideko zazpigarren irteerak  Tarnos, Ondres eta Labeneko hondartzetara ematen du, eta zortzigarren irteerak Capbreton eta Hossegorrera ematen du. Hortik gora ere edozein irteerak balio du, baina irteeratik hondartzarako distantzia gero eta handiagoa da. Horregatik, erosoagoa izan daiteke zortzigarren irteeran irten eta itsasoaren paralelo doan bidea hartzea. Bide estua da, baina hondartzak guztietan gelditzeko aukera eskaintzen du: Seignosse, Soustons, Vieux-Bocau-les Bains, Messanges, Moilets-et-Màa, eta horrela ia Arcahongo muturrera arte.

Adituentzat Landak tuboak egitera joateko leku egokia dira, baina Landetako olatuak ez dira bakarrik adituentzat. Tarnos eta Hossegor artean olatuak indartsuak izaten dira, baina Hossegor eta Biscarrose artean dauden ehunka urautsietan denetik aurki daiteke, maila guztietako surflarientzako olatuak. Bodyboard zaleentzat ere paradisua da.

Azkar sortu eta azkar desegiten diren itsaskiak izan ohi dira udan, ez dute udazkeneko edo neguko sendotasunik, baina, orokorrean olatuak txikiak izan arren, tarteka izaten dira itsaski duinak, batez ere abuztuan.

Landak Euskal Herritik oso gertu daude. Autoa arazorik gabe aparkatzeko parking handiak daude. Hondartzan lasai egoteko eremuak aurki daitezke. Eta olatuak Euskal Herrian baino apur bat handiagoak eta indartsuagoak dira. Alegia, gertutasuna, lasaitasuna eta olatuen kalitatea, Landetara joateko hiru arrazoi.

Lapurdi vs Landak

Aturri ibaiak bakarrik bereizten ditu Angeluko hondartzak eta Landetakoak, baina olatuak ez dira berdinak. Angelun oso olatu onak izaten dira urte osoan zehar, edozein ariketa egiteko egokiak, baita tuboak ere, baina ez dira Landetakoak bezain bortitzak.

Alderaketa eginda, Angeluko hondartzek aukera gehiago eskaintzen dituzte maila guztietako surflarientzat, baina arazoa kokapena da. Adibidez, Donostiatik abiatuta denbora gehiago pasatzen da Angeluko hondartzetara iristen Landetako hegoaldean dauden hondartzetara iristen baino. Izan ere, Lapurdiko kostaldean auto pilaketak oso ohikoak dira. Ordea, autobidetik atera ostean Landetako edozein hondatzetara iristea eta aparkatzea askoz ere errazagoa da. Bestalde, Lapurdiko hondartzetan ordaindu egin behar da autoa uzteko; ordea, Landetan parking gehienak doakoak dira. Beste bereizgarri bat dutxak dira, Lapurdiko hondartzetan ez da dutxarik eta Landetan bai.

Tarnoseko Metro hondartzako talaia, bigarren mundu gerrateko bunkerrak ohikoak dira Landetan. (H.L.)

Capbreton eta Hossegor dira fama gehien dutenak, baina jende gehiena leku horietan pilatzen da. Gainontzean, bi eremu sailka daitezke; batetik, Hossegorren hegoaldean dauden hondartzak, eta bestetik, Hossegorren iparraldean daudenak. Euskal Herritik gertuen dauden hondartzak, alegia, Hossegorren hegoaldean dauden hondartzak, Tarnos, Ondres eta Labenne dira. Adituentzat, maila ertaineko surflarientzat eta bodyboard zaleentzat leku egokiak dira, olatuak hondartzatik oso gertu lehertzen direnez, indartsuak baitira. 

Mundu osoan ezagunak dira «Hossegorreko tuboak». Egia da tuboak egiteko munduko hondartza hoberenetakoak daudela Hossegorren, La Graviere da ezagunena, han biltzen dira surflari gehienak, baina tuboak egiteko olatu bikainak Landetako edozein hondartzatan aurki daitezke. Ostera, Hossegorretik iparraldera jotzen badugu, olatuen forma anitzagoa da.

Hondartza nagusietan sorosleen postuak daude eta gune horietan pilatzen da jende gehiena, baina gune batetik bestera dauden ehunka metroetan lasai egon daiteke. Beraz, bi aukera daude: herri bakoitzeko hondartza nagusian dauden aparkalekuetako batean autoa utzi eta oinez leku lasaiagoetara joatea, edo saltokiak eta jatetxeak dituzten guneetatik urrun dauden hondartzetarako sarbideak oinez zeharkatzea. 

Desabantailak

Landetako desabantaila nagusia itsasgora da. Oso leku gutxitan izaten dira baldintza onak itsasgoran surf egiteko. Itsasertzak oso aldapatsuak direnez, itsasgoran olatuak zuzenean hondartzan lehertzen baitira. Izan ere, olatua sakonera handiko eremu batetik dator eta bat-batean hondartzarekin talka egiten du.

Beste desabantaila eguzkia da. Landetako hondartzetan ez da itzalgunerik eta, gainera, arratsaldean eguzkia itsasaldean kokatzen da. Ondorioz, itsasora begiratzen dugunean, eguzkiak aurpegian jotzen digu bete-betean, eta horrela ez da erraza olatua nondik eta nola datorren asmatzea.

Surflari bat itsasoratzeko prestatzen da Tarnos eta Ondres arteko olatuetan. (H.L.)

Bizkaian eta Gipuzkoan surf egiteko haize hoberena hego-haizea da, olatuaren gandorra orrazten baitu. Hego-haizea beroa da, baina hegoa-haizearekin itsas azalean ura hotzagoa bilakatzen da. Ordea, landetan olatuei forma ederrena ematen dien haizea eki-haizea da, eta kontrako efektua du. Haize hotza izan ohi denez, surflariari ura beroago dagoela irudituko zaio. Arazoa da eki-haizea ez dela oso ohikoa udan. Ohikoena ipar haizea izaten da, baina udan haize ufadak ahulak izaten direnez, ez diete olatuei kalte handirik egiten. Baldintza hoberenak goizean edo arratsean izaten dira, haizea ahulagoa denean.