INFO

1.300.000 sinadura jaso nahi dituzte Guggenheimek Urdaibaiko proiektuari uko egin diezaion

SEO/BirdLife-k eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak nazioarteko sinadura bilketa bati hasiera eman diote Salomon R. Guggenheim Foundation-i eskatzeko «uko egin diezaiola Urdaibai Biosfera Erreserbaren suntsiketari». Helburua 1.300.000 sinadura lortzea da.

Muruetako ontziola. Bertan kokatuko litzateke museoaren adar bat, proiektuaren arabera. (NAIZ)

Urdaibai Guggenheim museoaren auziak nazioarteko jauzia emango du, SEO/BirdLife-k –Estatu espainiarreko ornitologia elkartea da, ingurumeneko GKE dekanoa– eta Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. Helburu sinboliko bat jarri diote ekimen honi: 1.300.000 sinadura lortzea; hau da, Guggenheim Bilbao museoaren urteko bisitari kopurua adierazten duen zifra sinbolikoa.

Hau dela eta, ekimen honen bidez SEO/BirdLifek eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Salomon R. Guggenheim Foundationi helarazi nahi diote «herritarrok edertasun eta hauskortasun handiko eremu babestu honen eraldaketa atzeraezinaren aurka daudela, proiektu hau hain espazio baliotsuan ezartzeari uko eginez eskatuz, ingurumenaren, kulturaren eta gizartearen ikuspegitik».

Horretarako sinadurak jasotzen hasiko dira helbide honetan, euskaraz (https://seoactua.org/peticion/urdaibai-bosfera-erreserba), ingelesez (https://seoactua.org/peticion/urdaibai-biosphere-reserve) eta gaztelaniaz (https://seoactua.org/peticion/reserva-urdaibai)

«EAEko erakundeek Urdaibai Biosfera Erreserban Guggenheim museoaren frankizia berri bat inposatu nahi dute behin eta berriz, haren beharra justifikatzen duen argudiorik gabe eta tokiko biztanleen parte-hartzerik gabe», aipatu dute astelehenean zabaldutako komunikatu batean SEO/BirdLifek eta Guggenheim Urdaibai Stopek. «Urdaibai Biosfera Erreserba berez museo bizia da, dibertsitate biologikoaz, kulturaz eta historiaz beterik dagoen paisaia ikusgarriekin. Bi egoitzak eraikitzearen aldeko apustua, horietako bat estuarioaren bihotzean bertan, mehatxu bat da, eta inpaktu kritiko eta itzulezinak sortuko ditu erreserbaren balioentzat, turismoak dagoeneko gainezka egin duen eskualde batetan», gehitu dute.

Urdaibaiko Erreserbako estuarioa Hegaztien Kontserbaziorako Eremu Garrantzitsu gisa (IBA) izendatuta egoteaz gain, Europako Natura 2000 sarean, RAMSAR konbentzioan eta Unescoren Biosfera Erreserban nazioarteko maila goreneko babes figurek –Hegaztientzako Kontserbazio bereziko eremua (HBBE) eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE))– aintzatesten dutela gogorarazi dute.

«Bertan pinakotekaren egoitza bat ezarri eta milaka turista oinezko bidezidor ‘ekologiko’ baten bidez bideratzea, egin nahi den bezala, ez dirudi autonomia erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko araudiek eskatzen dituzten kontserbazio helburuak betetzen direla bermatzeko aukerarik onena denik –aipatzen dute–. Izan ere, jolas jarduerek presio handia eragiten diete paduran babesa eta janaria bilatzen duten hegazti espezieei».

Bizkaiko Aldundiari, Lakuako Gobernuari eta espainiar Gobernuari zera esaten diote ere: «Behin eta berriz ahaztu dute eremu babestu horren helburua, hau da, espezieen eta bertan dauden habitaten kontserbazio egoera onari eustea eta, aldi berean, eskualdearen garapen iraunkor eta ordenatuarekin bateragarri egitea. Kontserbatzea, zaintzea eta errestauratzea da premisa, hauskortasun handiko eremuen erabilera publiko masifikatua behin eta berriz erraztu beharrean –azpimarratu dute–. Tokiko biztanleek partekatzen dituzten eta parte hartzen duten alternatibak bilatzea da Europako araudiak markatzen duen bidea, eta hemen erabakitasun osoz alboratzen da».