INFO
Entrevista
Oier Ibarretxe
Boxeolaria

«Nire helburua beti domina lortzea da, horretarako prestatzen ari gara eta horretara goaz»

Iragan azaroan kandela piztu zuen Oier Ibarretxek (Galdakao, 2003), Budvan (Montenegro) 22 urtez azpiko Europako txapeldun izanda. Hilabete batzuk geroago, maiatzean, alegia, sugar olinpikoa erre zuen Parisko Jokoetarako txartela eskuratu zuenean 21 urterekin.

Oier Ibarretxe, Olinpiar Jokoetarako txartela eskuan. (BASQUE TEAM)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Hamar egun bakarrik falta dira Parisko Olinpiar Jokoak hasteko. NAIZ Irratiak eta NAIZek euskal kirolari batzuekin elkarrizketa eta erreportaje batzuk jarri ditu abian lau urtean behin ospatzen den hitzordu mundialari begira.

Lehen protagonista Oier Ibarretxe boxeolari bizkaitarra da. 21 urterekin, bere lehen Olinpiar Jokoetan lehiatzeko aukera izango du, 63,5 kilo azpiko proban. Azaroan 22 urtez azpiko Europako txapeldun suertatu zen Montenegron, eta aurtengo maiatzean bere ibilbide motza biribildu zuen. Thailandian, aita ondoan zuela. Emilio Esteban Garcia estatubatuarrari garaitu zuen, txartel olinpikoa eskuratu eta munduko boxeolari onenekin arituko da uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean Olinpiar Jokoetan.

Olinpiar Jokoetan izango zaitugu Parisen. Hamar egun falta dira dena martxan jartzeko. Nola zaude? Gogotsu, urduri...?

Gogo handia dut. Prestakuntza amaitzen ari gara eta eguna heltzeko gogoz naiz.

Thailandian, azken aukeran lortu zenuen Pariserako txartela. Emilio Garcia estatubatuarra garaitu zenuen. Zure emozioa, malkoak ikusita, espero al zenuen etortzea? Edo ezustekoa izan zen?

Nik bai, espero nuen. Azkenean, nire lagunek eta familiak badakite zenbat lan egin dudan, zenbat sakrifikatu naizen, eta udan jada espero genuen.

Nola deskribatuko zenuke momentu hori, Jokoetarako txartela eskuratu berritakoa?

Oraindik ez dut hitzik momentu hori adierazteko. Ez dakit nola azaldu. Nire aita bertan zegoen, Thailandiaraino etorri zen. Kristoren emozioa.

30 urte baino gehiago pasatu dira Jokoetan boxeolari euskaldunik gabe; beraz, nolabait, historia ere egin duzu.

Bai, bai. Nik ere ez nekien datu hori, baina bai, badirudi baietz.

21 urterekin, zure lehenengo Jokoak izango dira. Esperientzia gisa hartzen al dituzu ala zuzenean dominaren bila zoaz?

Nire helburua beti domina lortzea da. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina bai nire taldekideak eta bai ni domina ateratzeko prestatzen ari gara; horretarako goaz.

63,5 kilo azpitik lehiatuko zara. Suposatzen dut, 21 urterekin, gazteenetarikoa izango zarela. Presioari dagokionez, honek onura egiten al dizu? Hau da, "de tapado" joan eta ezustea eman...

“A lo bajini”, ezta? [barre egiten du]. Sailkapenean horrela izan zen, jende gehienak ez zuen espero, sorpresa eman nuen, eta espero dugu berdina egitea Parisen.

«Mentalki lasai egon beharko dut. Ringera lasai igotzen naizenean, dena ondo doa»

Zer egin beharko duzu bereziki ondo Parisko ringean domina, urrezkoa bada hobeto, lortzeko?

Mentalki lasai egon. Ringera lasai igotzen naizenean, dena ondo ateratzen da.

Ba al duzu pixka bat "Topuria" mentalitatea?

[Barre egiten du]. Ni oso ondo prestatzen naiz eta badakit ondo prestatzen naizenean, mentalki, fisikoki eta elikaduran eta atsedenean, oso zaila dela niri irabaztea.

Olinpiar Jokoak, izenak berak errespetua ematen al du?

Bai. Kirol honetan hasi nintzenetik nire ametsa izan da. Ez da presioa, gogoa da dudana, eguna heltzeko gogoa.

Aipatu behar da azaroan, Budvan, Montenegron, 22 urtez azpiko Europako txapeldun ere izan zinela. Horrek motibazio estra bat ematen al dizu Pariserako?

Bai. Momentu horretan kristoren motibazioa izan zen. Hori izan zen Europako Txapelketa bateko nire lehen domina; lehenago ez nuen dominarik atera ez Mundialean ez Europako Txapelketan. Hori izan zen nire lehen domina.

Oier Ibarretxe, Emilio Esteban Garcia estatubatuarrari garaitu zioneko argazkia. (NAIZ)

Berdin-berdin prestatzen al da bat Olinpiar Jokoak bezalako hitzordu baterako? Zerbait berezia egiten al duzue?

Prestakuntza nahiko berdina izaten da sailkapen horietarako. Beste talde batzuk gaude talde nazionalarekin lanean, eta bai, nahiko berdintsua da.

Parisen, etxetik oso gertu. Pentsatzen dut lagunak, familia, aita, Thailandiara joan bazen... Parisera joango direla.

Bai, bai. Joango dira ikustera.

Erreferenteak ere izango dituzu. Etxetik hasita, aukeratzeko batzuk badituzu: Kerman Lejarraga, Andoni Gago edota Jon Fernandez. Etxean, edo etxetik kanpo, nortzuk izan dira zure erreferenteak?

Txikitatik, hasi nintzenetik, nire erreferentea izan zen Robeisy Ramirez, kubatar boxeolari bat, bi aldiz txapeldun olinpikoa. Profesionalean ere munduko txapelduna da. Hori izan zen.

«Boxeolariak beti, ez boxeatzeko modua, baina bai bere esfortzu eta sakrifizio moduan, Kermanena ringean gustukoa dut»

Eta euskaldunik ba al duzu gustuko baten bat?

Boxeolariak beti, ez boxeatzeko modua, baina bai bere esfortzu bai sakrifizio moduan, Kerman.

Dena den, zu kickboxingarekin hasi zinen mundu honetan 8 urterekin. Nola pasatu zinen boxeora?

Hankekin nahiko zamarra nintzen [barre egiten du]. Orduan, boxeoa egitera pasatu nintzen. Futbola ere egiten nuen, baina utzi egin nuen eta bakarrik boxeoa egitera pasatu nintzen.

Dena den, boxeoan ere hankak nahiko garrantzitsuak dira, behintzat mugitzeko.

Bai, bai, gainera, nire boxeoa mugimendu askokoa da.

Boxeoan aritzeko, fisiko ona ezinbestekoa dela ukaezina da. Baina estrategia asko duen kirola ere bada, ezta?

Bai. Jendeak uste du bakarrik kolpeak jotzen ditugula, baina estrategia asko dugu, benetan.

Galdakoztarra zaitugu, baina Madrilen bizi zara gaur egun, errendimendu altuko zentro batean. Urte asko daramatzazu bertan. Gogorra egiten al da gertukoengatik urrun egotea?

Bai, gogorra egiten da, baina ohituta nago jada. 14 urte nituenetik etxetik kanpo nabil, eta ohituta nago.

Aipatu duzun bezala, 14 urterekin joan zinen etxetik, bakarrik. Erabaki gogorra izan behar du. Nola bizi izan zuen familiak egoera hau?

Nire lehen bi urteak etxetik kanpo oso gogorrak izan ziren. Ni ez nintzen inoiz atera Galdakaotik, ez ikastolarekin, ez gurasoekin, ez lagunekin. Nahiko gogorra izan zen, baina ohitzen zara; zerbait nahi baduzu, sakrifizioa behar da, eta hori izan zen.

Eta gurasoentzat ere.

Bai, bai. Nire ama oraindik ez da ohitu ni etxetik kanpo edukitzearekin [barre egiten du].

Bueno, Oier, mila esker gurekin hitz egiteko tartetxo bat hartzeagatik. Zorterik onena Parisen. Ea hurrengo elkarrizketa urrezko dominarekin egiten dugun.

Bai, hori espero dugu. Eskerrik asko. Besarkada bat.