INFO

TicketBAI exijituz Arabako Aldundiak Gasteizko txosnak arriskuan jartzen dituela salatu dute

Arabako Aldundiak TicketBAI sistema ezartzera behartu nahi ditu Gasteizko Txosnak. «Egoera hau aldatu ezean, aurten ezingo dugu txosnarik jarri», ohartarazi dute jaietarako egun gutxi falta direnean.

Aurreko urte bateko Gasteizko txosnak. (Jaizki Fontaneda | Foku)

«Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi falta diren honetan, Arabako Foru Aldundiak txosnetan TicketBAI ezartzera derrigortu nahi gaitu. Parekatu egin nahi dituzte txosnak eta irabazi ekonomikoa helburu duen edozein jarduera pribatu. Egoera hau aldatu ezean, aurten ezingo dugu txosnarik jarri», ohartarazi dute Gasteizko Txosnek.

«Gasteizko txosnagunea kolektibo zein norbanako ugarik borondatezko lanarekin ateratzen dugu aurrera. Urte osoan zehar egiten dugu lan Gasteizko jaietan jendarte osoari espazio hau eskaintzeko. Zentzu horretan, eredu herrikoi, kolektibo eta sozialak enpresa pribatuekin parekatzea bidegabekeria eta arduragabekeria gisa ikusten dugu. Izan ere, urte luzez gure hiriko jaietan erreferente izan diren jai herrikoiak kolokan jartzea ekar lezake. Dozenaka kontzertu eta ekimen ditugu prest, zazpi egunetan zehar txosnagunea musikaz eta bestelakoez betetzeko. Gasteizko jaietako kultur eskaintzaren zati handia txosnetan egiten da, eta milaka pertsona hurbiltzen dira urtero jai gune herrikoi honetara. Ehunka pertsonaren borondatezko lanari esker eraikitzen ditugu txosnak, denok gozatu ahal izateko eremua izan daitezen», azaldu dute.

«43 urtetan milaka izan dira Gasteizko Txosnetan modu batean ala bestean ekarpen boluntarioa egin duten gasteiztarrak (egitaraua antolatzen, protokolo feministaren lanketa eta kudeaketan, muntaketa eta desmuntatzeetan, barra eta zaintza txandetan...), eta beste hainbeste guneaz eta eskaintzaz gozatu duten herritarrak. Egun, ezingo genituzke Gasteizko jaiak txosnarik gabe ulertu, hiriaren jai gune garrantzitsuenetarikoa bilakatu baita txosnagunea, eta horren erakusgarri dira urtero bertan egoten den giroa eta bertatik pasatzen diren milaka lagunak», gaineratu dute.

«Ezin dugu ulertu trabak jartzea»

«Hori horrela, ezin dugu ulertu erakunde publikoek txosnen jardunari trabak jartzea, kasu honetan, zerga normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana aitzakia gisa erabiliz. Izan ere, jai herrikoiak eta txosnak babestu beharreko jai ereduaren oinarri dira, herriaren gehiengo zabalak partekatzen dituen kultura balioen transmisore baitira», esan dute.

«Modu autogestionatuan antolatzen gara, eta irabazi asmorik gabekoa da gure jarduna. Horregatik, erakunde publikoei eskatzen diegu arduraz joka dezatela jaiak pribatizatzeko batzuen interesaren aurrean, eta herritik eta herriarentzat sortutako jai parte-hartzaile eta herrikoien eredu hau modu autogestionatuan garatzeko oztoporik ez dezatela jarri. Izan ere, jakin badakigu Gasteizko jaietako beste espazio batzuetan ez dutela TicketBAI aplikatzea eskatu. Beraz, gu behartzea jai herrikoien eta txosnen aurkako neurri ideologikoa izateak kezkatzen gaitu. Borondate politikoa eskatzen diogu Aldundiari, jai herrikoiak ez oztopatzeko eta aterabidea erdiesteko», amaitu dute.