INFO

Djaloren golak eta harrobiko atezainak ikusteko aukera Lezaman

Athleticek ateak irekita egin du lan saioa, eta erasoko jokalari berriak gola egiteko daukan erraztasuna erakutsi du. Horrez gain, Padilla, Gastesi eta Basconiatik igotako Mikel Santos atezainen eginkizunek jaso dituzte begirada gehienak.

Padilla eta Adama Boiro Lezaman egindako entrenamenduaren hasieran. (@AthleticClub)

Denboraldi aurrea abiatu zenetik, Athleticek bigarren aldiz ireki ditu gaur Lezamako ateak. Joan den astean gertatu zen moduan, sarrerak azkar agortu ziren eta ehunka zale hurbildu dira lan saioa zuzenean ikustera. Opor garaia denez, ume eta gazte mordoa egon da, eta Alvaro Djalo eta harrobiko atezainak izan dira entrenamenduko protagonistak.

Alde batetik, Portugaldo Bragatik iritsitako aurrelariak golak egiteko daukan erraztasuna erakutsi du. Joan den denboraldian 14 gol egin zituen, eta euskal selekzioarekin Uruguayren kontra jokatutako norgehiagokan ere beste gol bat egin zuen.

25 urte egingo ditu abuztuan, eta hegaletatik zein barrutik jokatzera moldatu daitekeela esan zuen Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Athleticek 15 miloi ordaindu ditu, eta bost gehiago izango dira helburu batzuk betetzen baditu. Entrenamenduan egin dituzten partidetan argi utzi ditu bere dohaiak eta zaleen txaloak jaso ditu. Basaurin hezitako futbolaria etxera itzuli da, eta San Mamesen egindako aurkezpenean familia izan zuen alboan. Haren osaba «ongi etorri etxera» zioen kamiseta batekin gerturatu zen agerraldira.

Bestetik, harrobiko atezainak nolakoak diren ikusteko aukera egon da. Bilbao Athleticeko Alex Padillak eta Oier Gastesik eta Basconiatik igotako Mikel Santosek parte hartu dute entrenamenduan.

Izan ere, liga hasteko hilabete bat baino gutxiago geratzen denean, Athletic lehen taldeko atezainik gabe geratu da. Hain zuzen ere, Josean Lekue zerbitzu medikoen arduradunak atzo azaldu zuenez, Unai Simoni ebakuntza egingo diote ostegunean eta hilabete pare bat jokatu gabe egotea aurreikusten dute.

Era berean, Julen Agirrezabala lesionatu egin zen atzoko entrenamenduan. Gerrialdean jasotako kolpe baten ondorioz, hiru haustura ditu eskuineko L2, L3 eta L4 zeharkako apofisietan. Hilabete bat jokatu gabe egon daiteke, eta zaila dirudi lehen jardunaldietarako prest egotea.

Padilla eta Gastesi Valverderen aginduetara entrenatzen ari dira denboraldi aurrean. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)
Padilla eta Gastesi Valverderen aginduetara entrenatzen ari dira denboraldi aurrean. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Harrobiko hiru atezainen artean Padilla da esperientzia gehien daukana. 20 urte ditu, eta iazko denboraldi aurrean ere lehen taldearekin aritu zen. Zarautzen jaioa, ama mexikarra dauka eta 23 urtez azpiko selekzioarekin jokatu du. Joan den urtean, Mexikon egindako biran parte hartu zuen.

Oier Gastesik adin berbera dauka, eta Bilbao Athleticeko bigarren atezaina izan da azken denboraldian. Azkenik, Basconiatik igotako Mikel Santos dago. 19 urte ditu, eta Hirugarren RFEF mailan aritu zen joan den denboraldian.

Elijah Gift, hirugarren taldean

Athleticen hirugarren taldea den Basconiaren aurkezpena egin dute eguerdian Lezaman. Iaz bezala, Bittor Llopisek eta Iraia Iturregik zuzenduko dute taldea, eta Miguel Escalona izando da atezainen entrenatzaile berria. Joan den urtean bigarren postuan amaitu zuten liga, baina ezin izan zituzten maila igotzeko kanporaketak gainditu.

Urtero gertatzen den moduan jokalari gazteekin lehiatuko dira Hirugarren RFEF mailan. Horien artean, Elijah Gift erasoko jokalaria egongo da. Corellan jaiotako 18 urteko jokalaria joan den denboraldian Liverpooletik ekarri zuen Athleticek. Iker Pagazaurtundua atezaina, Pablo Martinez atzelaria, Huestamendia eta Alboniga-Menor erdilariak dira Basconia taldeko jokalari esanguratsuenetako batzuk. Ahaztu gabe, Txus Vizcay eta Marcos Goñi aurrelariak.

 

Basconia taldearen aurkezpena egin dute gaur eguerdian Lezaman. (@AthleticClub)
Basconia taldearen aurkezpena egin dute gaur eguerdian Lezaman. (@AthleticClub)