INFO

Hard Rock 100 lasterketan Kilian Jornetek zuen erregealdiarekin amaitu du Ludovic Pomeretek

Joan den asteburuan jokatutako sona handiko ultra trail horretan, frantziarrak errekor berria ezarri du: 21 ordu eta 33 minutu. Emakumezkoen kategorian ere Courtney Dauwalter faboritoa errekorrarekin egin da: 26 ordu eta 11 minutu.

Ludovic Pomeret frantziarra Hard Rock 100 lasterketan atseden hartzen. (HARD ROCK 100)

Coloradon (AEB) antolatzen den Hard Rock 100 lasterketak ez du inor epel uzten. Nazioartean oso entzutetsua den hitzordu hori ultra traileko espezialista askorentzat gorriz markatuta dago. Halere, oso zaila da txartel bat lortzea. Euskal Herriko ultra lasterketa batek, bederen, aukera ematen du Hard Rock 100 lasterketan parte hartzeko. Joan den asteburuan Goierrin jokatutako Ehunmilak lasterketari buruz ari gara.

Bada, data berdinetan muturreko proba estatubatuar hori jokatu zen. Alde guztietatik begiratuta, aurtengo ekitaldia itzela izan da. Izan ere, gizonezkoetan zein emakumezkoetan errekor berriak sinatu dira. Ludovic Pomeret frantziarra eta Courtney Dauwalter estatubatuarra izan dira protagonistak.

166 kilometro eta 10.000 metroko desnibel positiboa dituen ibilbide horretan, frantziarrak 21 ordu eta 33 minutuko kronoa egin zuen. Soilik hiru minutugatik, Kilian Jornetek duela bi urte eginiko errekorra ondu du. Estatubatuarraren denbora honako izan zen: 26 ordu eta 11 minutu.

Mutilen kategorian, François d´Haeneren eta Pomereten artean lehia oso berezia bizi izan zen. Batez ere lehen kilometroetan. Alabaina, gripe batetik erabat osatua ez zegoenez, D´Haene frantziarrak lasterketa utzi behar izan zuen lehen laurdenean. Hutsune hori ondo aprobetxatu zuen bere herrikideak, eta arazorik gabe lehena iritsi zen helmugara. Bigarren sailkatuari, Diego Pazos suitzarrari, hiru orduko aldea atera zion.

Nesken mailan, berriz, Dauwalter zen faborito nagusia. Eta beste behin ez du hutsik egin. Halere, ultren munduko espezialista onenak asko estutu behar izan zuen. Hainbat unetan, Reunion uharteko Camille Bruyas aurretik ibili zen. Baina estatubatuarrak eskarmentu eta sasoi ikaragarriak ditu, eta oso ondo kudeatu zuen lasterketa osoa. Dauwalterrek errekor berria ezarri zuen (26 ordu eta 11 minutu), eta sailkapen absolutuan laugarrena izan zen. Bruyas hiru ordu beranduago helmugaratu zen.

Amateur

Aipatu ditugun bi errekor horietatik Pomeretena da «ezustean» harrapatu gaituena. Bazirudien Jorneten markak urte asko iraungo zituela, baina frantziarraren erakustaldia benetan azpimarragarria da. Mito katalanari Hard Rock 100 lasterketaren erregealdia kentzea ez da huskeria.

Eta hori argitzeko hainbat azalpen eman behar ditugu. Eta, agian, garrantzitsuena da Jornet profesionala den bitartean, Pomeret amateurra dela. 48 urteko lasterkari frantziarrak bulego batean egiten du lan. Hortaz, astelehenetik ostiralera oso denbora gutxi du entrenatzeko. Korrikalari profesionala izateko aukera izan zuen, baina Pomeretek nahiago izan zuen ingeniari informatiko bezala jarraitzea.

Hala eta guztiz ere, protagonista honek bikain daki bere denbora librea kudeatzen. Gai izan da Chamonixeko TDS eta Diagonal des Fous lasterketa entzutetsuak irabazteko. Bestalde, lanean aldaketa batzuk egin ditu: «Iraganean asko kosta egiten zitzaidan entrenatzea. Baina iaz lan baldintzak aldatzea erabaki nuen. Egun, murriztu dut lanaldia, eta horrek laguntzen dit nire entrenamenduetan».

Genevan (Suitza) du bulegoa, baina asteburuetan Frantziako Alpeetan duen etxera itzultzen da: «Astean zehar, lanean ari naizela, asfaltoan eta ibilbide lauetan entrenatzen dut. Asteburuan, aldiz, mendira irteten naiz. 48 urte ditut eta inoiz baino sasoikoago nago. Gehiago entrena dezaket eta elikadura eta beste atala batzuk hobeto zaintzen ditut. Adinari ez diot begiratzen; uste dut urte batzuk aurretik ditudala maila altuan lehiatzeko».