INFO

2034ko epemugara heldu aitzin Erlaitzeko errepidea hesteko arriskua ezin da baztertu

Erlaitzeko errepidearen itxiera esperimentala burutu zuten iragan udaberrian. Esperientziari buruz gaur plazaratu duten behin-behineko bilanean erabakiak eskualdeko mugikortasunean eragin handia izan zuela aitortu dute erakundeek. Hauek dira txostenaren ondorio nagusiak.

Kostako higadurak sorturiko arriskuari aurre egiteko Erlaitzeko errepidea itxi dute hainbat tokitan. (Patxi BELTZAIZ)

Erlaitzeko errepidearen itxierak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko hiru astez esperimentazioa burutu zuten erakundeek iragan udaberrian. Behin egitasmo horri esker jasotako datuak aztertuta, behin-behineko bilana plazaratu dute uztailaren 19 honetan erakundeek.

Eguneko mugikortasunean izandako ondorioak neurtu dituzte aipaturiko txostenean. Garraio publikoak ezin izan zituela herritarren beharrak asetu eta horrek hainbat bidetan saturazioa eragin zuela aitortu dute.

Erlaitzeko errepidearen geroa ondoko hamar urteetan erabakiko da. 2034ko epemuga hori mahai gainean jarri du, hain zuzen, kostatik Urruña eta Zokoa lotzen dituen D912 errepidea kudeatzen duen erakunde arteko bulegoak.

Iragan udaberrian hiru astez itxita izan zen urtean zehar batez beste 9.000 auto jasotzen dituen bidea. 15.000 autotik gora igaro dira uda garaian itsas gainean panorama ikusgarria eskaintzen duen bide horretatik.

Errepidearen itxiera esperimental horren bidez erakundeek neurtu ahal izan dituzte zehatz-mehatz bide horren balizko itxiera batek ekarriko lituzkeen ondorioak.

Nolanahi ere, behin-behineko itxierak ez zituela erabiltzaileen ohiturak aldarazi iradoki du txostenak.

Eskualdean garraio publikoaren eskaintza mugatua izanik, D912 itxita egon zen denboran bizilagun gehienek autoa erabiltzen jarraitu zuten. Horrek hainbat albo-kalte utzi zituen.

Zehazki, autozaleen %62k Pausuko errepide departamentala (RD 910) hartu zuten; %16k A63 autobidea eta, finean, %22k gainerako bide txikiak hobetsi zituzten bide nagusietan hainbat ordutan sortu ziren trafiko arazo mardulak saihestu nahian.

Glaziarraren bidean %130 emendatu zen trafikoa

Adierazgarria da Glaziarraren errepideak jaso zuen erabiltzaile kopuru handia. Izan ere, %130 emendatu zen, Pausu aldera jo gabe, Hendaiatik abiatuta Behobia eta Baiona arteko errepide departamentalarekin bat egitea ahalbidetzen duen errepide txikia.

Errepideetan jarri zuten neurgailu sistemak beste hainbat datu esanguratsu ere utzi ditu. Esaterako, Hendaiako ipar auzoen eta Ziburu artean mugitzen diren herritarrek denbora dezente gehiago eman zuten eguneroko joan-jinak egin ahal izateko.

Era berean, inoiz baino auto gidari gehiagok baliatu zituztenez bigarren mailako errepideak auzoek haien kexak helarazi zituzten «zarata eta arriskua» emendatu zirelako beren bizilekuetatik gertu.

Bide horiek estuak dira, eta haien erabilpen tasa aski apala izan ohi da. Batez beste 500 auto igarotzen dira egunero Etxail Bordaberri edo Handiabaitatik.

Erlaitzeko bidea itxi zutenean, erabilpena azkar emendatu zenez, kexu azaldu ziren bizilagunak.

Hondartza auzoko dendariak eta ostalariak ere arranguraturik azaldu ziren, haien kasuan autozaleak heltzen ez zirenez, salmenta xifrek behera egin zutelako.

Herritarrak kexu, bereziki Erlaitzan bizi direnak

Itxierari buruzko bilanak jaso duenez, hiru astez 300 mezu elektroniko jaso zituen Hendaiako Herriko Etxeak. Horrez gain, 500 lagunek Internet bidez plazaraturiko galdetegia erantzun zuten.

Erlaitzeko bidean bizi diren etxalde edo kanpinetako arduradunentzat albo-kalte handiak oraindik ere handiagoak izan ziren.

Euskal Erlaitzeko Herritarren Elkarteak bere beldurra ez du ezkutatzen. Hala, errepidearen itxiera betirako izan daitekeela ohartarazi du behin baino gehiagotan.

Beldur horiek uxatze aldera, urte amaiera baino lehen erabakiak hartu beharko dituzte Erlaitzeko bidearen kudeatzaileek. Hala, hemendik eta 2034 artean Erlaitzeko errepidearen geroa bermatzeko hartu beharreko neurriak zehaztuko dituzte teknikarien begiradapean jarduten duten agintariek.

Hamar urtera begirako plana egikaritzea da gakoa

Dagoeneko hamar urtera begirako plan horretan hainbat neurri aletu dituzte. hala nola Baiona eta Hendaia arteko TER trenak biderkatu beharko lukeela bere zerbitzua idatzita jarri dute erabakitzaileek. Ildo beretik, Baiona eta Hendaia arteko lotura egiten duen Txix Txak autobus sareko 3. lerroak emendatu eta hobetu beharko luke bere zerbitzua.

Errepide sareari dagokionez, berdin Glaziarraren errepidean zein Biriatuko autobidearen sarbidean lanak burutzea aurrekusita dago.

Ondoko hamarkadan garatzeko diren hobekuntza horiek guztiak hil ala bizikoak lirateke, Erlaitzeko bidean bizi diren auzoek beldur duten behin-betiko itxiera helduko balitz.

Zeren jakin behar da kostako higadurari nola edo hala iskin egiteko Erlaitzeko bidea itsaslabarretik ahalik eta gehien urruntzeko bidean aitzineraturiko konponketek ezin dutela ehuneko ehun bermatu bizilagunak beldur diren egoera ez dela gertatuko.

Hau da, 2034. urtea aitzin ez dela Erlaitzeko errepide mitikoa hesteko agindua helduko.

Adituek heldu den udazkenean plazaratuko dute bidearen lehenengo zuzenketa horiek eman dituzten emaitzei buruzko txostena.

2034 urtea zerumugan, kostak ordurako hartuko lukeen posizioa aurreikusi eta horren arabera hainbat tokitan mendira eraman dute errepide lerroa.

«Asmoa ez da errepide berria eraikitzea baizik eta, gutxienez 2034 arte D912 errepidea zabalik atxikitzeko neurriak hartzea», azaldu dute azpiegituraren kudeatzaileek.

Garraio publikoa sustatzeko benetako neurriak hartu ezean aldez aurretiko balizko itxierak ondorio zinez larriak lituzkeela jakinik ere, erabaki traumatiko hori ezin dela guztiz baztertu ohartarazi dute behin-behineko itxierari buruzko bildumaren egileek.

«D912 errepidea 2034 baino lehen itxi behar izatea ezin da guztiz alboratu», iradoki dute «arrisku hori saihesteko» Erlaitzeko errepidean lanekin jarraitzeko asmoa berretsi duten erakundeek.