INFO

Eraso matxista pairatu duen emakume bati sostengua adierazi dio Zaldibarko Udalak

Zaldibarko emakume batek pairaturik eraso matxistaren ondoren, herri honetako Udalak adierazpen instituzionala onartu gertatua salatuz eta biktima babestuz. Honekin batera, astelehenean bi kontzentrazio egingo dira Udaletxeko plazan.

Zaldibarko Udala. (ZALDIBARKO UDALA)

Joan den ostegunean, hilak 18, Zaldibarko emakume batek jasandako eraso matxistaren ondoren adierazpen instituzionala onartu du bertako Udalak, ohar batean jakinarazi duenez.

«Udalak bere konpromisoa berretsi nahi du bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko. Emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren adierazpenik basatiena da», nabarmentzen du Zaldibarko Udalaren adierazpenak.

Honekin batera, Zaldibarko Udala osatzen duten langile eta politiko guztiek babesa erakutsi diote adierazpen instituzionalean bai eraso horiek pairatu zituen emakumeari bai bere ingurune hurbilari.

«Emakumeen aurkako indarkeria oro gaitzesten dugu, Euskal Herriko herri eta hiri guztietan, mundu osoan bezala; eta horrelako erasoak berehala desagerrarazteko nahia adierazten dugu», gaineratzen du Zaldibarko Udalak onarturiko adierazpen instituzionalak.

Bide batez, Udalak bat egiten du emakumeak pairatu duen eraso matxista hori gaitzesteko Zaldibarren antolatu den kontzentrazio-deialdiarekin. Mobilizazioak astelehenean, hilak 22, 12.00etan eta 19.00etan egingo dira, herriko Udaletxeko plazan.

Ertzaintzak gertatutakoa ikertzen ari dela adierazi du, salaketa jaso ondoren.