AEBetako Zerbitzu Sekretuko buruak kargua utzi du, Trumpen aurkako erasoan eginiko akatsengatik
Kimberley Cheatle AEBetako Zerbitzu Sekretuko zuzendariak dimititu egin du, Donald Trump presidente ohiaren hilketa saiakeraren ostean kritika ugari jaso eta Poliziaren dispositiboak «porrot» egin zuela onartu ostean.
Kimberly Cheatle Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Zerbitzu Sekretuko zuzendariak dimisioa eman du astearte honetan, Donald Trump presidente ohiaren segurtasunaz arduratzen den dispositiboan izandako «porrota» aitortu ostean. Izan ere, joan zen asteburuko atentatuaren ondoren kritika ugari jaso zituen Cheatlek, segurtasun alorrean izan ziren akats ugariengatik.
Cheatle astelehenean galdekatu zuen Ordezkarien Ganberako Gainbegiratze Batzordeak, eta, horren aurrean, gertatutakoa «hamarkadetako porrot handiena» izan zela onartu zuen. Hainbat buruzagi errepublikanok, Mike Johnson Ganberako presidenteak barne, dimisioa emateko eskatu zioten.
Izan ere, Johnsonek akordioa lortu du Hakeem Jeffries gutxiengo demokrataren buruarekin, bi alderdietako kideek osatutako lantalde bat martxan jartzeko, Trumpen mitinean gertatutakoa ikertu eta presidente ohiaren aurkako hilketa saiakeragatik erantzukizunak erabakitzeko.
Erasoaren ondorioz, presidente ohia arin zauritu zen eskuineko belarrian, balak ukitu ondoren. Erasoan Trumpen mitina jarraitzen ari ziren pertsona bat hil zen eta beste bi zauritu. Tiro egin zuen Thomas Matthew Crooks 20 urteko gaztea Zerbitzu Sekretuko frankotiratzaile batek hil zuen.
Joe Biden presidenteak Cheatleren dimisioa onartu eta auzi honen ikerketan «bururaino» joango direla agindu du. Aurki Zerbitzu Sekretuko zuzendari berria izendatuko duela ere esan du.