Finantzaketa, xehaketa eremuak eta azpiegiturak adostu dituzte Enirio Aralarrek eta Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak 2025-2027rako finantziazio eredua, xehaketa eremuak eta Aralarko Plan Orokor bat garatzea adostu dute, apirilean itxitako akordioari segida emanez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak finantziazio ereduan eta xehaketa eremuetan adostasunak lortu dituzte eta Plan Orokor bat egiteko akordio batera iritsi dira zonaldea azpiegitura berriez hornitzeko beharra aztertzeko.
Hala, bi erakunde horiek akordio berri bat sinatu dute ostiral honetan Aralarren kontserbazio eta kudeaketaren inguruan. Apirilean 2024ko kudeaketa eta hobekuntza akordioan sinatutako konpromisoarekin jarraituz, aurrera egin dute legegintzaldi honetan zehar «eremua behar bezala kudeatzeko» hiru ardatzen inguruko negoziazioetan, hala nola: finantziazio eredua, xehaketa eremuak eta azpiegiturak.
Finantzazio ereduari dagokionez, itun berri horren bidez, bi erakundeek adostu dute urtero 140.000 euro gutxienez jartzea, 2025 eta 2027 bitartean, larreen hobekuntzetako inbertsioetarako. Gipuzkoako Foru Aldundiak kopuru horren %70, hau da, 100.000 euro, jarriko ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoko mendi publikoen hobekuntzak garatzeko, eta Enirio-Aralar Mankomunitateak 40.000 euroko ekarpena egingo du (%30) Goilarre programaren bidez.
Aldi berean bi aldeek Enirio-Aralar mendiaren kudeaketa integralerako finantziazio eredu berri bat adosteko elkarrizketan jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Zenbateko horri bi erakundeek 2024an gunea kudeatzeko eta zaintzeko bideratu dituzten ia 300.000 euro gehitu behar zaizkio, apirilean sinatu zuten lehen akordioaren arabera. Hala, Aldundiak 211.000 euro eman ditu eta Mankomunitateak, berriz, 85.000 euro.
Xehaketa eremuei dagokionez, Aldundiak eta Mankomunitateak, konpromisoa hartu dute gaur egun egoera onean dauden larre eremuetan beharrezko mantentze lanak egiteko eta egoera txarrean dauden 170 hektarea inguru garbitzeko eta mantentzeko datozen urteei begira.
Aralarren Plan Orokor bat garatu
Azkenik, azpiegituren kudeaketari dagokionez, bi aldeek sei hilabeteko epean Aralarren Plan Orokor bat garatzea adostu dute. Plan horrek, azpiegitura berrien (bide azpiegiturak, txabolak, harrapalekuak, ur-askak, ikerketa eta bisitari guneak, natur babeserako azpiegiturak, bide azpiegituretara pasabide kontrolatuak, etb.) beharrezkotasuna eta egokitasuna ere aztertuko ditu.
HAZI fundazioa izango da plan hori egiteko ardura izango duen erakundea, apirileko akordiotik abiatuta. Plan horren esparruan, era berean, eragileen iritzi, aholku edo alegazioak jasotzeko eta berauek erantzuteko prozedura barneratuko da, bi aldeek adostutako interes taldeei kontsultak eginez. Plana amaitu ondoren, bi aldeek, bai Mankomunitateak eta baita Aldundiak, plan hori onartu beharko dute, etorkizuneko bere aplikazioari begira.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua «pozik» agertu da datozen urteetarako akordio egonkor bat lortzeko ematen ari diren urratsen aurrean. Ildo horretatik, adierazi du «aipatutako plan horren garapenak eremuaren kudeaketan urrats sendoak emateko beharrezko bermea emango digu, nekazaritza eta abeltzaintzako jardueraren eta Natura 2000 Sarearen deklarazioan jasotako natura-balioen kontserbazioaren arteko osagarritasuna lortzeko».
Gainera, berretsi du, bi erakundeen arteko «sintonia ona eta elkarlanean» jarraitzeko «borondatea» Aralarren premien aurrean «erantzun egokiak» eman ahal izateko. «Gure artzainei, gure gizarteari eta gure lurralde oreka berdeari zor diogu eta zentzu honetan bide egokitik goazela deritzot», adierazi du Arrutik.
Bestalde, Adur Ezenarro Aralarko Mankomunitateko presidentea ere pozik agertu da lortutako akordioarekin. «Finantziazioaren esparruan egonkortasun bat bermatuko duelako eta Enirio-Aralarren beharrezkoak diren inbertsioak egitea ahalbidetuko duelako». Gainera, «epe motzeko ikuspegitik datozen proiektuez harago, Enirio-Aralar osotasunean aztertu eta antolatuko duen plan orokor bat egitea» eman beharra zegoen pausotzat jo du mankomunitateko presidenteak.