INFO

Topaketak, tailerrak eta liburu aurkezpenak Harroturen udako programaren ardatz

Iruñeko Udalaren LGTBI+ zentroak udako programazioa aurkeztu du. Tailerrak eta topaketak izango dira egitarauaren ardatz nagusiak, eta datorren astelehenean, uztailaren 29an abiatuko dira ekintzak.

2024ko udararako Harrotuk antolatutako egitaraua. (@HarrotuGunea)

Oihana eta Iosune Etxarte Buezo ahizpek idatzi eta ilustratutako ‘Soy’ liburuari buruzko tailer batekin hasiko da datorren astelehenean Iruñeko Udalaren LGTBI+ zentroaren udako programazioa.

Tailer hau 9 eta 12 urte bitarteko adingabeei zuzenduta dago, eta bere helburua liburu horretan jasotako istorioak lantzea du helburu, identitatearen, elkar ezagutu eta ulertzeko, sentitzeko eta onartzeko beharren inguruan.

Topaketak, tailerrak, eta hitzaldiak barne hartzen ditu hilabete honetarako egitarauak. Astelehen honetatik (uztailak 29) irailaren 24ra arte, Harrotuk LGTBI+ pertsonak ahalduntzeko eta gizartea sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizatzeko dozena bat proposamen eskainiko ditu.

Ekintza guztiak doakoak dira, eta Harroturen egoitzan izango dira, San Gregorio kaleko 28. zenbakian. Horietako batzuetan, tailerretan adibidez, aldez aurretik izena eman behar da, Iruñeko Udalak ohar batean jakinarazi duenez.

Bost proposamen

Harroturen proposamena bost programatan banatzen da. Alde batetik, ‘Ahalduntze pertsonala’ ekintzen barruan, uzatailaren 29an ‘Soy’ liburuari buruzko tailerra izango da; baita irailaren 18an egingo den ‘Técnicas teatrales para que dialoguen los cuerpos’ tailerra ere.

Bestalde, ‘LGTBI+ ahalduntze kolektiboa’ sustatzeko programaren barruan, hainbat topaketa egingo dira, bakoitza kolektiboa osatzen duten letretako bati eskainia.

Horrela, abuztuaren 21ean trans pertsonen topaketa izango da; abuztuaren 29an, lesbianena; eta irailaren 20an, bisexualena. Horrez gain, abuztuaren 1ean LGTBI+ gazteen topaketa egingo da. Ahalduntze kolektibo horren barruan, Harrotuk Ikusgaitasun Bisexualaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du irailaren 23an.

‘Bizibisexualitate’

‘LGTBI+ sentsibilizazio eta oinarrizko prestakuntza’ jardueren barruan, irailaren 12an ‘Bizibisexualitate: bisexualitatea eta euskal komunitatea’ proiektua aurkeztuko da, 2023an bisexualitatea ikusarazteko sortua, bisexualei egindako elkarrizketen bidez.

Hitzaldia euskaraz izango da, eta June Fernandez kazetari feministak dinamizatuko du. DJ Eromenak musika tarte bat eskainiko du.

Gainera, Harrotuk antolatzen dituen LGTBI+ jarduera soziokulturalen barruan, irailaren 19an ‘Autigenero’ liburua aurkeztuko da, identitate autisten eta trans-en arteko intersekzioaz eta aurre egin beharreko erronkez hitz egiten duena. Zoe Garcia Castaño, generoan espezializatutako biologoa eta liburuaren egilea, arduratuko da ekitaldia zuzentzeaz.

Azkenik, Harroturen ekintza eta jarduera eskaintza ‘Boluntariotza’ programarekin osatzen da, zeinak, LGTBIQ+ pertsona eta kolektiboak elkartu eta hitz egiteko espazio bat eskaintzeaz gain, ekitaldi gehiagoren antolakuntzan aurrera egiteko tailer bat antolatzen duen irailaren 5ean.

Hain zuzen ere, egun horretan ‘Urri Trans’-aren programazioa osatzeko proposamenak eta iradokizunak landuko dira, Harroturen jarduera ildoetako bat.