INFO

Ur bizietako diseinuak sinadura euskalduna dauka: Irati Goikoetxea piraguista ohiarena

Parisko Olinpiar Jokoetan lehiatzen ari diren ur bizietako ibilbideak diseinatzen dabil Irati Goikoetxea piraguista ohia. 2018an hartu zuen erretiroa eta 2020tik dabil diseinatzaile lanetan. Gaurko ibilbidea, finalerdi eta finalekoa, zailago dela aitortu dio NAIZi. Bertan lehiatuko da Chourraut.

Vaires-sur-Marne estadio nautikoan, ur bizietako kanala. (Bertrand GUAYA | AFP)

Irati Goikoetxeak (Donostia, 1986) ibilbide luze eta oparoa izan du piraguismoan, baina Olinpiar Jokoetan lehiatzeko aukera ez zitzaion sekula iritsi. Ez da damu, kontrara, eta orain, gainera, beste arlo batetik, debuta egin du hitzordu olinpikoan: ur bizietako piraguismoko ibilbidearen diseinatzaile lanetan dabil. Atzo, emakumezkoen K1 eta gizonezkoen C1 kanporaketak diseinatu zituen eta gaurko K1eko finalerdi eta finalak ere bere zigilua dauka.

Maialen Chourraut arituko da bertan, 15.30etatik aurrera, final handian leku batekin egitea helburu. Lasarte-Oriakoarekin batera irabazi zuen Goikoetxeak Europako txapelketan zilarra, bitan (2014 eta 2017an), K1eko modalitatean taldeka. Atzoko saioan Chourraut zer moduz ikusi zuen galdetuta azaldu du «lehendabiziko jaitsieran akats batzuk izan zituela» eta hobetu zuela bigarrengoan, baina ate bat ukitzeak asko zigortu ziola.

«Vaires-sur-Marneko kanala orain dela bost urte eraiki zen, jende asko ibili da kanal honetan, asko ezagutzen dute eta oso jaitsiera onak ikusiko ditugu. Edozein denbora galera garesti aterako zaio edonori. Gaur, gainera, nire ustez beste faktore bat dago eta ikusleen presioa izango da. Gure kirolean hainbeste ikusle txapelketa gutxitan ikusten ditugu. Atzo, adibidez, frantsesak jaitsi zirenean zarata handia entzuten zen. Presio hori ondoen kudeatzen duenak izango du abantaila», azpimarratu du Goikoetxeak, NAIZekin telefonoz izandako elkarrizketan. 

Olinpiar Jokoen zurrunbiloa da hain handia, arrauneko txapelketa ikusten harrapatu dugula, Vaires-sur-Marne estadio nautikoan, gu Eiffel Dorrearen gerizpean, Ariane Tororen debutaren zain gaudela. Kirol ekitaldi handien egunerokoa da, zirrara, urduritasuna, presioa... Goikoetxea, aldiz, lasai dago, «beste txapelketa bat bezala nago bizitzen. Pentsatzen nuen presio gehiago edo edukiko nuela baina azkenean nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Zentzu horretan, ez dut aldaketa handirik ikusi. Gero, egia da, ikusle askoz ere gehiago daudela, orain gu gauden tokian arrauneko txapelketa dago eta ikusten da txapelketa potentea dela. Gozatzen ari naiz».

«Zaildu egin dugu»

Kanporaketa jaitsieretatik finalerdietara, egun batetik bestera, ibilbidearen diseinua aldatu egiten da. Aurreratu du «zaildu» egin dutela ibilbidea: «Hiru eremu aldatu ditugu, ur mugimendu berezi gehiago erabili beharko dituzte. Zaildu egin dugu. Ate asko berdinak dira baina hiru zatitan aldatu egin dugu teknikoki».

Sebastien Schubert alemaniarrarekin batera osatzen du taldea, hau ere piraguista izandakoa. Urtarrilean jaso zuten erabaki ofizialaren berri eta «pozik» dago Olinpiar Jokoak barrutik, antolaketako langile bezala, bizitzen egoteagatik. «Bestela ere hemen egongo nintzen, publiko bezala», onartu du barrezka.

11.00etan hasiko dira K1ean finalerdietara iritsi diren piraguistak ibilbidean zehar lanean, 15.30etarako ideiak ahalik eta garbien izateko. Funtsean, Goikoetxeak eta Schubertek, ur mugimenduak irakurtzen daukaten esperientzia oinarri hartuta diseinatzen dute ibilbidea. «Badakizkigu ze mugimendu ateratzen diren ondo, zeintzuk ez duten funtzionatzen. Horri lotuta, gauza berriak probatu nahi baditugu, entrenamenduetan zehar guk jartzen ditugu ibilbideak. Nazioarteko piraguistek beren entrenamenduetan horiek probatzen joan dira eta gu ikusten joan gara eta gero erabakiak hartzen ditugu», azaldu du zehazki donostiarrak. 

2018an utzi zuen goi-mailako piraguismoa eta bizitzak eskaini dion etapa berriarekin «gozatzen» dabilela nabarmendu du: «Lanean nago, ama izan naiz... Eta zentzu horretan, honek aukera ematen dit mundu honetara estuki lotuta jarraitzeko. Asko apreziatzen eta disfrutatzen dut».

Irati Goikoetxea, Espainiako Kopako jardunaldi batean. (WIKIMEDIA)

Txapelketak utzi zituenean, kolaborazio batzuk egin zituen entrenatzaile moduan nazioarteko piraguismo federazioarekin (ICF, ingelesezko siglengatik) eta hortik abiatu zen diseinatzaile funtzioa ere. «Beti gauza berriak probatzen ditut eta baietz esan nuen diseinatzaile izateko proposamena helarazi zidatenean», adierazi du. 2020an izan zuen estreinakoa, Paun jokatu zen Munduko Kopako jardunaldi batean, koronabirusaren pandemiaren ostean, «egoera arraro batean».

Geroztik, hiru urtez segidan (2021, 2022 eta 2023an) ur bizietako piraguismoko Munduko txapelketetako ibilbideen diseinuan aritu da –bai eta beste hainbat Munduko Kopetan ere– eta «orain hemen nago». Bai, Parisen, Olinpiar Jokoetan, ur biziei, eslalomean zein kayak crossean (abuztuaren 2an abiatuko da, Chourraut eta Lazkanorekin), sinadura euskalduna eskaintzen.