INFO

Amezketako ezbeharraren ostean, baserri lanetan istripuak ekiditeko neurriak eskatu ditu EHNEk

EHNEk nekazari eta abeltzainen artean laneko istripuak «gutxitzen lagunduko luketen» neurriak beharrezkoak direla azpimarratu du, horretarako ezinbestekoa den inbertsioarekin eta, ondorioz, langileen errekonozimenduarekin.

Nekazarien mobilizazio baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Astelehenean Amezketan traktorearekin ari zela istripuan hildako baserritarraren harira, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak mota honetako istripuak «gutxitzen lagunduko luketen» neurriak hartzea beharrezkoa dela azpimarratu du. Horretarako inbertsioa behar denez, nekazarien errentagarritasun falta salatu dute.

Astearte honetan argitaraturako ohar batean EHNEk azaldu duenez, besteak beste, «lanean aritu behar garenerako makina onak eta egoera onean izatea behar dugu, gurpilen egoeratik hasi eta mantenu orokorrarekin jarraituz». Horrekin batera, «behar bezala egokituta» dauden animaliak maneiatzeko tokiak, mendian lan egiteko bideak eta harrapalekuak, esate baterako, beharrezkoak direla uste dute.

«Askotan jarri dugu mahai gainean zer nolako arriskua duen gure langintzak, animaliekin lan egiten dugunean, makinaria hartzean eta gurea bezalako lurralde aldapatsuan lan egiteak duen zailtasun gehituak», diote oharrean. «Albisteetan larritasun gorena dutenak ateratzen badira ere, egunerokoan, bata bestearen atzetik ditugu ‘sustoan’ geratu direnak», deitoratu dute, istripuen inguruan.

Batzuetan publikoa baina «gehienetan» baserritarrena izaten den inbertsioa behar dela azaldu dute. «Hor dago ordea gakoa, errentagarritasun ezak norbere burua kaltetzeko arriskuan jarri arazten du», salatu dute.

«Baserritarrok egiten dugun lanaren errekonozimenduak errealitate hori onartu eta balioan jartzea esan nahi du, beharrezko diren hobekuntzak egin, eta egiteko modua ematea norberari. Istripuak gutxitu, bizi kalitatea hobetu eta gazteentzako etorkizuna izango badu sektore honek, eta herritarren onurarako lanean jarraituko badugu, bide horri ekin beharko zaio», adierazi dute EHNEtik.