INFO

Txakur batek urte eta erdiko haurra zauritu ondoren ikerketa abiatu du Baionako Poliziak

Baionako prokuradore-ordeak Joselyne Clerissek jakinarazi duenez Baionako Poliziak hartu du bere gain rottweiler arrazako txakurrak haur gazte bati eginiko erasoa argitzeko ikerketa. 20 hilabeteko neskatila Angeluko jatetxe baten terrazan zelarik gertatu zen istripu larria.

Kategoriako 2ko rottweiler arrazako txakur bat. (Wikimedia Commons)

Baionako prokuradore-ordeak Joselyne Clerissek ostiral honetan plazaratu duen agirian jakinarazi duenez, Baionako Polizi-Etxeak hartuko du bere gain Rottweiler arrazako txakurrak, Angelun, haur gazte bati eginiko erasoa argitzeko agindu duen ikerketa.

Asteazkenean, bere gurasoekin zelarik, 20 hilabeteko haur batek pairatu zuen erasoa argitzeko agindua eman duela baieztatu du horrela Clerissek.

Familia Angeluko jatetxe baten terrazan zegoela ezagutzen ez diren arrazoiengatik kategoria 2ko rottweiler arrazako txakurrak urte t'erdiko neskatilaren aurka oldartu zen.

Txakurrak kosta egin zion buruan haurrari, erasoaren ondorioz bi azal zati handi kendu zizkiola buruhezurretik neskatilari.

Haurra tokian bertan artatu zuten Baionako erietxeko sorospen zerbitzuek.

Ondoren, neskatika, helikopteroz, Bordeleko erietxera eraman zuten, familia Girondako hiriburuan bizi delako.

Haurrari ebakuntza bat egin behar izan zioten Bordeleko ospitalean. 'Sud-Ouest' kazetak zehaztu duenez, 60 bat jostura-puntuak eman behar izan zizkiote zauria hesteko xedez.

Ebakuntza horretatik onik atera da haurra eta bere bizia ez da arriskuan.

Lotuta zegoen txakurra, baina mozalik ez zuen jarrita

Abuztuaren 2an plazaratu duen agirian Baionako prokuradore-ordeak azaldu duenez, istripuari buruzko behin-behineko inkestak argitara eman du «mozalik ez zuen txakurra lotua zegoela».

Lanjera sortu dezaketen txakurren arrazak kategoria 2an sailkaturik daude frantses Estatuan. Arautegiaren arabera, toki publikoetan direlarik mozal jarrita eta lotuta behar dituzte jabeek.

«Ezagutzen ez diren arrazoiengatik txakurrak erasoari ekin zion haur gaztea bere ondoan pasatu zenean», gaineratu du fiskal-ordeak.

Txakur batek erasotu ostean «nahigabe eragindako zauriak», hori izan da prokuradore-ordeak agindutako inkestari eman dion kalifikazioa. Baionako Polizi-Etxeak beregain hartu du, besteak beste albaitaritza zerbitzuek eginen duten txostenean, oinarrituko den inkesta.