INFO

Pablo Gonzalezen deia, «azken bi urte eta bost hilabeteetako unerik hunkigarriena» senideentzat

Ostegunean utzi zuten aske Pablo Gonzalez kazetaria eta larunbat honetan izan du Euskal Herrian dauden hiru seme-alabekin eta haien amarekin telefonoz hitz egiteko aukera. Sendiarentzat «azken bi urte eta bost hilabeteetako unerik hunkigarriena» izan da.

Pablo Gonzalez ostegunean, Errusiara eraman zuen hegazkinetik jaisten. (Kirill ZYKOV | AFP)

Pablo Gonzalez kazetariak hiru seme alabekin eta haien amarekin telefonoz hitz egitea lortu du arratsalde honetan. Ostegunean utzi zuten aske, bi urte eta bost hilabete Poloniako espetxe batean egon ostean, epaiketarik gabe. Errusian dago orain eta mediku azterketak egin ostean Euskal Herrira itzuli ahal izatea espero du.

Oihana Goiriena Gonzalezen lagunak jakitera eman duenez, eguerdiko 14.30ak aldera deitu die. Seme-alaba bakoitzarekin zein Goirienarekin hamar bat minutuz hitz egin du eta deia moztu egin da, ondoren.

Goirienaren arabera, «ondo dago» eta «ez du umorea galdu». Halaber, adierazi du «azken bi urte eta bost hilabeteetako unerik hunkigarriena» izan dela. Gaineratu du Gonzalezek hasieran ez dituela bi seme alaba gazteenen ahotsak ezagutu, atxilotu zutenetik ez baita haiekin harremanetan egon. Izan ere, Goirienak eta seme nagusiak baino ez dute bisita egiteko aukera izan, birritan.

Goirienak jakitera eman duenez, Gonzalezi «birikan zerbait» hauteman diote, baina ez omen da «ezer larria». Litekeena da kartzelako bizi baldintzen ondoriozkoa izatea, hezetasun handia eta muturreko tenperaturak pairatu behar izan baititu. Hala ere, oro har «ondo» dagoela ziurtatu du. Era berean, adierazi du Moskun egiten ari zatzaizkion mediku azterketen emaitzak jasotakoan hasiko direla Euskal Herrira itzulera izapidetzen.

Asteon utzi zuten aske Pablo Gonzalez kazetaria, ostegunean, ia bi urte eta erdiz espioitza leporatuta Poloniako kartzela batean atxilo izan ostean, epaiketarik izan ez badu ere. Estatu Batuen eta Errusiaren arteko preso truke baten baitan geratu da aske.