INFO

Asier Martinez eta John Cabang atletek bigarren aukera bat izango dute

Asier Martinez eta John Cabangek bigarren aukera bat izango dute 110 metro hesidunetan finalerdietara sailkatzeko. Igande honetako lehendabiziko kanporaketan ez dute lortu zuzeneko sailkapena. Nafarra laugarrena izan da bere txandan (13.47) eta Irurakoa, aldiz, seigarrena (13.66).

Cabang, ezkerrean, 110 metro hesidunen proban, Parisko Olinpiar Jokoetan. (Martin BERNETTI | AFP)

Asier Martinez eta John Caban atleta euskaldunak estreinakoz lehiatu dira igande honetan Parisen. Beraien eguna zen, 110 metro hesidunetako sailkapen lasterketekin. Egon duten denbora, ordea, ez da nahikoa izan zuzenean finalerdietara sailkatzeko. Irurakoak 13.66 denborarekin bukatu du lasterketa, lehen txandan korrika eginda; Zizur Nagusikoa bigarren txandan lehiatu da eta laugarren egin du, 13.47 segundorekin.

Martinezek apur bat itxaron behar izan du ea bere denborak sailkatzeko adina ematen zuen baina azkenean, ez da horrela izan. Dena dela, nafarrak argi zeukan denbora kaskarra egin duela eta ez zela nahikoa izango (azkenerako, 20. denbora onena egin du, 39 lehiakidetik). Nafarraren sentsazioak «nahiko txarrak» izan dira, NAIZi adierazi dion legez. «Lasterketa guztian kontziente izan naiz eta horrelakoetan ez da seinale ona izaten; lasterketa onena ohartu gabe helmugara iristen diren horiek izaten baitira», azaldu du.

Denboraldi zaila izaten ari da nafarrarentzat. Txapelketa handietan zerbait falta izan zaio eta uste du «txipa aldatu» behar duela. «Bi egun barru badaukat beste aukera bat beraz, alde horretatik gogotsu nago», esan du, bi egunetan egoera iraultzeko gai izango denaren itxaropenarekin: «Hala beharko du». Erronka bat ere jarri dio bere buruari, finalerdietarako txartela 13.40 segundoen azpitik egongo delakoan.

Asteartean, 10.50etik aurrera lehiatuko dira bigarren aukerako lasterketan. Txanda bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalerdietara (hauek asteazkenean jokatuko dira). Martinezek lehen txandan egingo du korrika eta John Cabang bigarren txandatik arituko da.

Irurakoaren sentsazioak, hain zuzen ere, beste modu batekoak izan dira, bere lehendabiziko Olinpiar Jokoak izanik «disfrutatzea» lehentasun bezala jarrita. Lasterketa hasieran bere burua motibatzen aritu da, «hemen nago» esaten bezala. «Bidea eginda zegoela» pentsatu du korrika egin aurretik, Stade de France estadio olinpikoa jendez beteta zegoen bitartean. «Orain betirako izango naiz olinpikoa», nabarmendu du, astearteko lasterketa prestatuko duela esatearekin batera.

Zaila izango du finalerdietarako txartela eskuratzea (32. izan da sailkapen orokokorrean), dagoen lehiakortasunagatik –denboraldi honetan berak baino denbora hobea egin duten hiru aurkari izango ditu bere txandan– baina batez ere, onartu duelako apur bat min hartuta dabilela. «Aste hauek oso onak izan dira baina atzo justu lesio bat izan nuen abduktorean, ezin izan nuen ezta korri egin. Gaur hartu dut antiinflamatorio potente bat eta korrika egin ahal izan dut», kontatu dio NAIZ.